Hasiera ezohikoa izan du Donostiako 59. Jazzaldiak. Ezohikoa Iñaki Salvadorrek Txillida-Lekun (Hernani) kontzertu bat eta Silvia Perez Cruzek Kursaalean beste bat eman dutelako sarrera gisa, eta ezohikoa, era berean, euskal musikari batek abiatu duelako Keler guneko programazioa. Izan ere, nazioarteko artista ospetsuek —besteak beste, The Pretendersek, B.B. Kingek eta Jamie Cullumek— bete izan duten lekua hartu zuen Izarok jazzaldiaren hasieran. Hari egokitu zitzaion Zurriolako hondartzako kontzertuei hasiera ematea, hamar urte eskaseko ibilbidean lortu duen arrakastaren eta ospearen seinale.
Izaroren kontzertua hasi baino lehen hondartzak erakusten zuen irudia Mallabiko (Bizkaia) kantariak lortu duenaren isla zen. Familia asko, ume ugari barne, baina baita gazteak eta adinean gora doazenak ere. Plataforma batean igota azaldu zen abeslaria, Zero-ren lehen notak abestuz, eta Cerodenero diskoan bezala, ordena berean etorri ziren gero Iparraldera, Ez dakit zenbat denbora daramadan hemen eta Aguacero.
Cerodenero diskoa berpizte bat izan zen Izarorentzat, eta hori ere ekarri zuen gogora Zurriola hondartzako kontzertuan. Kursaal barruan interpretatu zuen orain dela hilabete batzuk disko hori, bi aldiz aretoa beteta. Orduan bezala, atzo ere hondartza gainezka zuen.
Izaroren lekukoa Larkin Poek hartu zuen hondartzako agertokian, gauerdia iristeko ordu erdi falta zela. Rebecca eta Megan Lovellek gidatzen duten taldeak AEBetako musiketan arakatzen du, countrytik eta batez ere bluesetik edanez.
Nolanahi ere, Izarok Zurriolako oholtza zapaldu aurretik berotzen hasia zen giroa Kursaalaren inguruan eta baita barruan ere. Rufus Wainwrightek auditoriumean jo zuen arratsaldean, gitarra eta pianoa lagun, popa eta kantua ulertzeko modu berezia erakutsiz; kanpoaldean, berriz, jazz doinuak izan ziren nagusi.
Kursaal inguruko bi terrazetan, bestalde, oso bestelako doinuak entzuteko aukera izan zen atzo. Marcin Masecki pianista poloniarrak Kolonbian igaro zuen haurtzaroa, eta Hego Amerikako kultura oso barruan darama. Hain zuzen ere, haren azken diskoa Boleros y más da, Latinoamerikako musikaren nolabaiteko esplorazioa. Donostian eman zuen kontzertuan hori izan zuen ardatz. Max Mucha kontrabaxu jotzaileak eta Jerzy Rogiewiczbateria jotzaileak lagunduta, boleroak jo zituen, baina baita tangoak eta Brasilgo doinuak ere.
Lakecia Benjamin saxofoi jotzaile estatubatuarra, berriz, oholtzako animalia bat da zuzenean, jazza, soula, funka eta musika beltzaren beste adar batzuk intentsitate handiz jorratzen dituena. Kantatuz batzuetan, rapean arituz besteetan, Donald Trumpen kontrako eta iraultzaren, bakearen eta heziketaren aldeko aldarriak zabaldu zituen pieza eta pieza artean.