Mendebaldeko Saharako gau izartsuak irudikatzeko telefonoen argiak piztu, eta Kursaaleko oholtzan zeuden musikari guztiak zein besaulkietan zeuden ikusleak Izar polisariar bat elkarrekin abesten zutela amaitu zen atzo antolatutako Saharari kantari musika emanaldia. Ozen entzun ziren «Sahara askatu!» oihuak kantua amaitu zenean, txalo zaparradaren erdian, eta nolabait hegan egin zuen elkartasunezko izar iheskor batek Donostiako kresalezko hondartzatik Saharako dunetaraino, basamortuaren basamortuan.
Izar polisariar bat kontzertu horretan abestu zen hirugarren aldia izan zen, eta hiruretan hunkitu ziren ikusleak. Jatorrizko bertsioan kantatu zuten Estrella polisaria Minatu Embarekek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik; gazteleraz eta hassaniaz. Une bereziki ederra izan zen zaleen artean zeuden saharar askorentzat, eta ezgarit —Saharakoen irrintzia— bat baino gehiago entzun zen orduan. Gaueko txalo sorta beroenetakoa jaso zuen taldeak. Eñaut Elorrietak eta Idoia Asurmendik ere abestu zuten Izar polisariar bat, euskaraz, emanaldia amaitu aurretik, Saharako eta Euskal Herriko hamabi haurrekin osatutako abesbatzaren laguntzarekin.
Mendebaldeko Saharako herriari musikaren bitartez laguntzeko kontzertu solidarioa zen atzokoa. Saharari kantari diskoa argitaratu zuten duela hilabete inguru, eta Kursaalean emanaldi berezi eta bakarra eskaini zuten, proiektuan parte hartu duten Euskal Herriko eta Saharako musikariekin. BERRIA izan da emanaldiaren sostengatzaileetako bat, Euskal Fondoarekin, Donostiako Udaleko Donostia Kulturarekin, Elkarrekin eta Bakun itzulpengintza enpresarekin batera.
Ikusi gehiago
Aretoa izarrez bete aurretik ere izan zen beste keinurik. Antzokietako ohiko oihal gorria melfekin osatutako batekin ordezkatu zuten, eta hura altxatzean, oholtza bera haima bihurtu zuten. Sahararren bizitzan erdigune den lekua, Donostiako bihotzean. Keinuz betetako gaua izan zen, baina keinuak ez dira soilik keinu; izan ere, kantatzea bera debekatuta egon daiteke Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan. Hilabete hasieran Haddi Malainin abeslariari eraso egin zioten Aaiunen, ezkontza batean hassaniaz kantatzeagatik.
Mingotsa, gozoa eta leuna
Hiru te baso hartzen dituzte Saharan: lehena, mingotsa; bigarrena, gozoa; eta, hirugarrena, leuna. Emanaldiak ere izan zuen hiruretatik. Lehen trago garratza, sahararren egoera gordina gogora ekartzean. Baina, goxotasuna bigarren zurrupada batean, berotzen baitu herrien arteko elkartasunak: jende andana bildu zen Kursaaleko areto nagusian; euskal herritar zein saharar —edo euskal herritar eta saharar zenbait kasutan— mordoa. Eta hirugarren basoa, doinu leunekoa, egitasmoa babestu duten musikariena. Pop doinuekin bereziki, baina bi herrietako erroak alde batera utzi gabe: txalaparta eta tbala, kasurako.
Proiekturako propio sortutako musika taldea izan zen oholtzan une oro: Antxon Sarasua, Xabier Zeberio, Dani Venegas, Joanes Ederra eta Mikel Fagoaga. Haiek jantzi zituzten oholtza gainera igo ziren musikari guztien abestiak. Oreka TX-ko kideak eta Minatu Embarek eta Nayat Hossein izan ziren emanaldiko lehen musikariak. Euskal eta saharar jatorrizko instrumentuekin intro bat jo ostean, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak moldatu zuten, abeslariaren ahots eta guzti. Kantu horrek irekitzen du ere Saharari kantari diskoa. Segidan oholtzaratu ziren Physis versus Nomos taldeko Beñat Antxutegi eta Mireia Mochales Eneko Sierrarekin batera. Postal Kolekzionistak taldeko Iñigo Asensioren txanda izan zen ondoren. Iker Laurobak, Esti Markezek eta Fariba Sheikanek hiru ahotsetara abestu zuten Sahara, eta Bea eta Idoia Asurmendi ahizpek hartu zuten lekukoa geroago. Kontzertuaren lehen zatia Mikel Urdangarinek itxi zuen. Bakarka, aurrena, eta Esti Markezekin ondoren. Jada ohiko bihurtu den bertso-segidilla ederra prestatu zuen Jon Maiak unerako. Jarraian Saharako doinuak eskaini zituzten Embarekek, Hosseinek eta Ramsik.
Eñaut Elorrieta izan zen protagonista kontzertuaren azken zatian, hiru kanturekin. Ia a capella kantatu zuen Gernika, Gazako herritarren elkartasunez. Gaueko une hunkigarrienetakoa izan zen Pablo Picassoren margolana oholtzan ikustea, Elorrietak Gernikako bonbardaketan hil ziren pertsonen izenak abesten zituen bitartean. Mendebaldeko Sahararentzako gaua zen atzokoa, baina ezin ahaztu zauri diren gainontzeko herriak.
Esan bezala, guztiek batera abestu zuten Izar polisariar bat emanaldia amaitzeko. Piztu ziren izarrak Kursaalean eta piztuta daude Mendebaldeko Saharako zeruan. Bi herrien arteko zubiaren argia.