Izan zirelako izango dira

Urtero bezala, 2012an ere ekitaldi ugari antolatuko dituzte hainbat artistaren jaiotzaren edo heriotzaren mendeurrenak gogoratzeko. Sortzaileen ibilbideei begiratu bat emango diete.

Maite Alustiza.
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Bizirik ziren artean eman zuten zeresana. Aitzindari izateagatik batzuek, euren ideia eta pentsamenduagatik besteek; jasotako kritikek ere balio izan zuten batzuen nortasuna indartzeko. Bizi ziren artean ezagutzeko aukerarik izan gabe ere, euren jardunaren ondarea utzi dute etorkizunerako. 1712an, 1812an 1912an jaio edo hil ziren hainbat artista gogoan izango dituzte aurten.

ARTEA



Jackson Pollock

AEBetan ez ezik, munduko hainbat hiritan ere izango dute gogoan Jackson Pollock margolaria (Wyoming, 1912; New York, 1956), haren jaiotzaren lehen mendeurrenean. Tokioko arte modernoaren museoak atzera begirakoa eskainiko dio, eta haren hainbat lan ikusgai jarriko ditu otsailetik maiatzera bitarte. Horrekin batera, Denis de Gloire margolariak,«Pollocken haragitzea» bezala hartuak, omenaldia egingodio Brujasen (Belgika) urtarrileko bigarren hamabostaldian. Espresionismo abstraktuaren ordezkari nagusietako bat izan zen, eta dripping teknika garatu zuen: oihala lurrean jarri, eta margoa zuzenean botatzen zuen, bat-batekotasuna nabarmentzeko. Auto istripu batean zendu zen.

LITERATURA



Charles Dickens

Inspirazio iturri izan zen Londres Charles Dickens idazlearentzat (Portsmouth, Ingalaterra, 1812; Gad's Hill, 1870). Hori dela eta, Dickens eta Londres erakusketarekin omenduko du hiriak, haren jaiotzaren 200. urteurrenean. 70eko hamarkadatik Londresen ez da Dickensen inguruko erakusketarik antolatu. Nobelagile ezagunetako bat izan zen, bai Erresuma Batuan, bai munduko literaturaren unibertsoan. 12 urterekin, betun fabrika batean lan egiten hasi zen aitari laguntzeko, eta garai hartan ezagututakoak salatu zituen gero bere obra askotan. Oliver Twist (1838), A Christmas carol (1843) eta David Copperfield (1849) liburuen idazle, Dickensen lanak historian gehien egokitu direnen artean daude, bai antzerkian, bai telebistan, bai zineman. Horretaz baliatuz, Erresuma Batuko zinemaren institutuak zinemara egokitu dituzten lanekin Dickens on Screen egitasmoa antolatu du Londresen, urtarriletik martxora arte.

Karl May

Alemaniak bi jaialdirekin gogoratuko du Karl May (Hohenstein-Ernstthal, Alemania, 1842; Dresde, Alemania, 1912), haren heriotzaren lehen urteurrenean. Ekainaren 3tik 5era Radebeul hiriak Karl May Festtage jaialdia hartuko du, jaialdiaren 20. urteurrena izango den aldian. Horrekin batera, ekainetik irailera bitarte idazlea omentzeko jaialdi «handi eta antzinakoena» izango da Bad Segebergen. Jaio eta berehala itsu geratu zen May, eta ebakuntza bat egin ondoren berreskuratu zuen ikusmena, 5 urterekin. Urte horietan, aita pontekoak eta aitonak irakurritako eleberrietatik edan zuen. Gazteen literaturan abenturazko 40 liburu baino gehiago idatzi zituen; horietako asko aurretik zatika aldizkari eta egunkarietan atera zituen. Bi ingurunetan girotu ohi zituen bere lanak: AEBetako mendebaldean eta Ekialde Hurbilean.

Bram Stoker

100 urte dira Bram Stoker Drakula banpiroaren sortzailea hil zela (Clontarf, Irlanda, 1847; Londres, Erresuma Batua, 1912). Erresuma Batuak eta Irlandak bereziki omenduko dute, Bram Stoker Estate elkarteak antolatu dituen ekitaldien bidez. Gainera, idazlearen senide Dacre Stokerrek orain arte argitaratu gabeko dokumentuak kaleratuko ditu; tartean dira Dracula meets Stoker eta Dracula, The Centennial liburuak. Lehenak Drakula pertsonaiaren sorrera azaltzendu modu literarioan— 1897an sortu zuen—; bigarrenak, berriz, Bram Stokerren hainbat ohar eta bitxikeria jasoko ditu. Liburuak argitaratzeaz gain, dokumental bat egitea agindu du Drake Stokerrek, banpiroaren benetako bizitza ezagutarazko. Nobelagile eta ipuin idazlea izateaz gain, Henry Irving aktorearen laguntzailea izan zen Stoker, baita Irving berak Londresen zeukan Lyceum antzokiko gerentea ere.

August Strindberg

Suedian ez ezik, AEBetan ere ekarriko dute gogora August Strindberg (Estokolmo, 1849; Estokolmo, 1912), haren heriotzaren 100. urteurrenean. MLA Hizkuntza Modernoen Elkarteak biltzarra egingo du Seattlen urtarrilaren 5etik 8ra; han aurkeztuko dituzte Strindberg and Modernism eta Modern and Premodern Forms in August Strindberg egitasmoak. Suediako idazle garrantzitsuenetako bat izan zen, eta antzerkirako egindako obrengatik egin zen batez ere ezagun. Literatura ez ezik, argazkilaritza eta pintura ere interesatu zitzaizkion.

Jorge Amado

Brasil ekitaldi ugari antolatzen ari da Jorge Amado omentzeko (Pirangi, Brasil, 1912; Salvador de Bahia, Brasil, 2001). Martxoan Jorge, amado y universal erakusketarekin gogoratuko dute, eta Sao Paulotik pasatu ondoren, beste hiri batzuetan izango da. «Errealismo sozialista» garatu zuen Amadok lehen urteean, langileen baldintzen inguruan salaketa eginez. Tierras del sin fin (1943) da garai hartako obrarik esanguratsuena, «maisulana» askoren ustez. Zinemara eta telebistara ere egokitu dira haren hainbat lan; tartean, Doña Flor y sus dos maridos (1966).

Jean Jacques Rousseau

Geneva bere jaioterriak ekitaldi ugarirekin gogoratuko du 2012an Jean Jacques Rousseau (Geneva, Suitza, 1712; Ermenonville, Frantzia, 1778). Eztabaidak, film laburren emanaldiak, bisita gidatuak eta ikuskizunak antolatu dituzte haren jaiotzaren hirugarren mendeurrena gogora ekartzeko. Ekitaldi berezienen artean dago JJR operaren emanaldia. Rousseauren bizitza du ardatz, eta irailean aurkeztuko dute Genevako antzoki nagusian. Filosofo eta idazle izan zen, eta haren ideia politikoek eragin handia izan zuten Frantziako iraultzan, baita Erromantizismoan ere. Du contrait social eta Les Confessions dira haren lanik ezagunenak. Euskal Herriari dagokionez, adiskide min izan zuen Ignacio Manuel Altuna Azkoitiko Zalduntxoa. Horrez gain, aipatzekoa da Baionako Santizpiritu auzoak Jean Jacques Rousseau izena izan zuela Frantziako iraultzaren garaian.

ZINEMA



Andre de Toth

50eko hamarkadan B sailean aritu ziren zuzendari garrantzitsuenetako bat izan zen Andre de Toth (Mako, Hungaria, 1912; Burbank, Hungaria, 2002). Askotariko generoak landu zituen: westerna, beldurrezkoa, poliziakoa... Hala ere, arreta gehien piztu zuen 3D teknologia erabiliz egin zuen House of Wax (1953) filmak. Are gehiago De Toth begiokerra zela eta ez zela gai hiru dimentsioko efektua antzemateko kontuan hartuta. Zuzenbide ikasketak egin zituen gaztetan, baina antzerkiaren munduarekiko zuen interesak bultzaturik, Ferenc Molnar artistarekin hasi zen lanean, antzerkirako testuak idazten. Antzerkitik zinemara egin zuen salto, eta zuzendari izan aurretik, idazle, produkzio laguntzaile eta aktore ere izan zen.

Samuel Fuller

Lanean kazetari hasi bazen ere, zinemagile gisa ezagunagoa izan zen Samuel Fuller (Massachusetts, AEB, 1912; Los Angeles, 1997). New York Journal egunkarian hasi zen lanean 17 urte zituela. Hollywoodera gidoiak egiten heldu zen, eta 50eko hamarkadan ekin zion filmak egiteari. Haren film ezagunenen artean daude Fixed Baionets (1951); Pick up on South Street (1953) eta Merril´s Marauders (1961). Kritika ugari jaso zituen Fullerrek, arrazismoa, indarkeria, gizarte bazterketa, politika arloko korrupzioa eta halako gaiak lantzeko moduagatik. 2012an ehun urte beteko dira jaio zela; hala ere, dagoeneko hasi dira Fuller gogoratzeko ekitaldiak.

Gene Kelly

Singing in the rain filma da Gene Kelly zinemagilearen harribitxietako bat (Pittsburgh, AEB, 1912; Beverly Hills, AEB, 1996). Film hori eskainiz omenduko du apirilean TCM zinema jaialdiak, Kellyren jaiotzaren 100. urteurrenean. Glasgowko zinema jaialdiak atzerabegirakoa eskainiko dio otsailaren 16tik 26ra, Gene Kelly: Strictly Song and Dance programarekin. Emango dituzten filmen artean daude Anchors Aweigh (1945), The Pirate (1948), An American in Paris (1951) eta Hello, Dolly (1969). Dantzari gisa hasi zen anaiekin osatutako The Five Kellys taldean. Koreografo sartu zen ondoren familiak zuen akademia batean; hortik, New Yorkera egin zuen salto aktore eta zuzendari izateko.

Michelangelo Antonioni

«Modernitate zinematografikoaren aitatzat» dute askok Michelangelo Antonioni (Ferrara, Italia, 1912; Erroma, 2007). Bere burua «antifaxista eta marxista intelektual» gisa ikusten zuen, eta burgesiaren inguruko lanak zuzendu zituen hasieran. Langileen ikuspegitik jorratu zuen gaia Il grido (1957) filmean; hori da, hainbat adituren ustez, Antonioniren estilo eta izateko era hoberen erakusten duen filma. Ferrarak Antonioniren lanei begiratu bat emango die irailaren 30etik aurrera, Palazzo dei Diamantin.

Don Siegel

Clint Eastwooden adiskide eta laguntzaile izan zen Don Siegel (Chicago, AEB, 1912; Nipomo, AEB, 1991). Bost filmetan aritu ziren elkarrekin, eta Eastwoodek dio harengandik ikasi zituela zinemagintzaren inguruko gehienak. B serieko zenbait obra zuzendu zituen Siegelek 50eko hamarkadan; hala nola The Lineup (1958)0 eta Riot in Cell Block 11 (1954). Donostiako Zinemaldiak atzera begirakoa eskaini zion iaz.

MUSIKA



Woody Guthrie

AEBetako folk musikari entzutetsuenetako bat izan zen Woody Guthrie (Oklahoma, AEB, 1912; New York, 1967). Jende arruntarekin, pobreekin eta zapalduekin identifikatzen zuen bere burua, eta faxismoaren eta esplotazioaren aurkako gorrotoa ere erakutsi zuen. Maiz This Machine Kills Fascists (Makina honek faxistak hiltzen ditu) leloa zeraman gitarrarekin eskaintzen zituen kontzertuak. Abesti ezagunen artean daude Pretty Boy Floyd, Pastures of Plenty, Hard Travelin', Deportees, Roll On Columbia, Vigilante Man eta This Land Is Your Land. Los Angelesko The Grammy museoak Woody Guthrieren artxiboarekin eta argitaletxearekin batera urteurreneko ekitaldiak prestatzen ari da. Urtarrilaren 18anJonatha Brooke musikariak kontzertua eskainiko du Lincoln Center aretoan. 2008an, The Works diskoa kaleratu zuen Brookek, Guthriek idatzi eta erabili gabeko letrak musikatuz. Uztailaren 14an Oklahoman izango dute gogoan.

John Cage

XX. mendeko AEBetako musikagile garrantzitsuenetako bat izan zen John Cage (Los Angeles, AEB, 1912; New York, 1992). Inprobisazioan eta musika elektronikoan aitzindaritzat jotzen dute. Pianoarekin maisu, margolari, poeta, idazle eta irakasle gisa ere aritu zen. Washington hiriak gogora ekarriko du irailaren 4tik 10era, haren jaiotzaren lehen mendeurrenean. Hainbat kontzertu, errezitaldi eta arte erakusketa antolatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.