Izan zena eta gaur egun dena

Jose Mari Zabalak 'Magia, materia eta beharra' bideo pieza erakutsiko du San Telmo museoan

Jose Mari Zabala, bideo lanaren irudi bat atzean duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
San Telmotik abiatuta, San Telmorako. Donostiako museoaren bildumaren berrirakurketa egitea du helburu Museo Bikoitza programak, eta horren barnean kokatzen da Magia, materia eta beharra, Jose Mari Zabalak (Irun, Gipuzkoa, 1949) osatu duen pieza bideografikoa. Erlea Manerosek parte hartu zuen aurretik programan, eta hark egindako gonbitari erantzunez ondu du Zabalak bere obra. Uztailaren 1ean hasi, eta, ia urtebetez, 2022ko ekainaren 19ra bitarte, museoko erakusketa iraunkorraren barruan proiektatuko dute lana, Industria, aldaketaren eragile deituriko aretoan.

Zabalaren lana industriari eta industrializazioari lotutako salan erakustea ez da ausazko erabakia. Izan ere, museoko artxiboetan arakatuta, Zabalak industriari atxikitako memoria sakon bat aurkitu du, eta horrek eman dio bidea bere lana egiteko. Hain zuzen ere, Gipuzkoan eta bere inguruan denboran izan den industria produkzioko materialari begiratu dio artistak, arreta jarrita produkzio horrek agertu eta garatu ahal izateko behar izan dituen baldintzetan eta ezaugarrietan.

Zabalaren lanak Euskal Herrian sortutako enpresetan jartzen du arreta, eta, atzo museoan bertan egindako aurkezpenean adierazi zuenez, saiatu da ikertzen nola garatu ahal izan diren eta zergatik eta nola desagertu diren haietako asko. «Gauza askotan aitzindariak izan gara. Adibidez, garbitasunari eta kosmetikari lotutako enpresa asko hemen sortutakoak dira: Lizarriturri, besteak beste, Lagarto xaboia egiten zuena; Chimbo, Bilore... Mundu osoan janaria biltzeko erabiltzen diren poltsak Zizurkilen [Gipuzkoa] egiten dira, eta, garai batean, Donostian bazen diskoak egiten zituen enpresa bat ere». Ikerketan enpresa egitasmo horien ekinbidea aztertu nahi izan du, «nola sortu eta garatu ziren, eta baita zer gelditzen den ere».

Museoaren bilduman arakatzen hasi zenean, espiritu «erromantikoz eta nostalgikoz» ekin zion proiektuari. «Gero konturatu naiz lan handia egin dutela enpresa hauek guztiek, eta iruditu zait inportantea zela berreskuratzea eta kontuan izatea». Zabalaren ustez, familia egiturek eraman zituzten enpresa proiektu horiek aurrera, eta horrek berak ahalbidetu zuen urteetan bizirik mantentzea. «Irabaziak enpresan bertan inbertitzen zituzten, eta horrek kezkak eta buruko minak ekartzen zizkien».

Pieza bideografikoan, azkeneko urtebetean enpresa horietako ordezkari eta oinordekoekin egindako elkarrizketak nahiz fabriketan jasotako irudiak bildu ditu Zabalak, baina obra ez da kazetaritza edo «entretenimendu lan bat», baizik eta saiakera bat. Saiakera artistiko bat. «Zer da artea?», egin du galdera Zabalak, eta jarraian erantzun: «Helburu bat lortzeko material batekin izandako edozein harreman adimentsu da artea».

Pieza bideografikoak Magia, materia eta beharra du izenburu, eta Zabalak haren lehen hitzari erreparatu dio. «Magiak erreferentzia egiten dio onura bat lortzeko helburuarekin lan egiteko gaitasun zehatzari, eta ez, aldiz, mirariaren kontzeptuari. Bere burua sortu izana da gizakiaren lorpen handiena». Alde horretatik, artearekin lotzen du Zabalak magia, «lan egiten duelako materiarekin ezagutza sortzeko».

Pieza azaltzeko idatzitako oharrean, Zabalak adierazi du «ordena materiala eta espirituala» ez direla batak bestea baztertzen duen dikotomia bat, «baizik eta kontrakoa, milaka urtetan gizakiak imajinatu eta produzitu duen guztia baita bere espirituaren produkturik aipagarriena. Hain zuzen ere, mintzamenarekin batera, horixe da gainerako izaki bizidunekiko duen bereizgarri nagusia».

Proiektu baten barruan

Asier Mendizabalen ekimenez jarri zuten abian Museo Bikoitza programa, 2018an, San Telmo museoaren bildumaren eta kontakizun museografikoaren hainbat berrirakurketa ahalbidetzeko. Mendizabalek berak egin zuen lehen lana, eta hurrengo urtean hark Ibon Aranberriri pasatu zion lekukoa, eta horrek, jarraian, Erlea Manerosi. Beraz, museoko bildumarekin lan egiten duen laugarren artista da Zabala. Jaime Otamendi Donostia Kulturako arduradunak atzo azaldu zuenez, proiektu «oso maitatua» da Museo Bikoitza, «iragana, oraina eta etorkizuna» lotzen dituelako. Izan ere, museoko bilduma berrirakurri eta berrasmatzeko aukera ematen die programak gaur egungo artistei, eta, egindako lanaren emaitza urtebetez ikusgai egon ondoren, museoaren bildumara igarotzen da. Hala egin dute orain arteko lanekin, eta hala egingo dute Zabalaren piezarekin ere.

Susana Soto museoko zuzendariak nabarmendu zuen Museo Bikoitza proiektu kooperatiboa dela, hau da, elkarlanean gauzatzen dela. «Jose Mari Zabala Erlea Manerosek lagundua egon da urte osoan, eta, horrela, talde bat osatzen ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.