Ikasketaz ekonomialaria, idazlea, Eusko Ikaskuntzako kudeatzaile zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea. Egitasmo asko hasi ditu. Hori da, beste gauza askoren artean, Jose Mari Velez de Mendizabal (Aramaio, Araba, 1949). Onartzen du, ordea, “hobeto egiten duten beste batzuk” daudela dakienean alde batera egitea nahiago duela. Liburuen kasuan, berriz, hasieratik amaierara bukatu ditu, eta ez gutxi, gainera: 30 baino gehiago ditu idatziak. Arrasaten egin du hitzordua kazetariarekin, orain kulturgune gisa berrituta dagoen Union Cerrajera de Mondragon fabrikan, denborari muga jarrita: “Eguneko hitzordu garrantzitsuena daukat 12:30ean: eskolara noa, biloben bila”.
Araban jaio zinen, Aramaion, baina oso gaztetan etorri zinen Arrasatera. Nola gogoratzen dituzu umetako urteak?
Aramaioko oroitzapenak orain ari naiz berreskuratzen, biltegiko azken apalean nituenak, hango nire lagunen bitartez. Harreman handia daukat Aramaiorekin. Arrasaten, haurtzaro normal bat izan nuen. Ez nintzen ez kirolzalea, ez eta kalekumea ere. Nahiko etxekoia izan naiz beti.
Nire haurtzaroko Arrasate izeneko liburu bat kaleratu zenuen 1996. urtean. Nola oroitzen duzu zure haurtzaroko Arrasate?
Arrasaterekin lotura berezi bat daukat; bihotzean izan beharrean, buruan dut. Agian, oso harreman gordina izan delako, egunerokoa, eta tokatu zaidalako momentu txar asko hemen bizitzea, onez gain. Oso zaila da Arrasate nire bihotzean ikustea; gutxitan ikusten dut bihotzetik irteten zaidala. Dauzkadan oroitzapen guztiak, baita liburuan idatzi ditudanak ere, errealak dira. Ez dut ezer kondaira bihurtu, ez dut fikziorik egin. Oso modu errealean oroitzen dut.
Txikitatik gustatu izan zaizu idaztea?
Bai. Oraindik ere gordetzen ditut ama zenak 5-6 urte nituela jartzen zizkidan diktaketak. Maitasun handia diet koaderno horiei. Eta neure burua ikusten dut idazten. Uste dut nahiko ona nintzela erredakzioak egiten. Gogoratzen dut nire lehenengo egunerokoa ere, eta nolako disgustua hartu nuen amak hura irakurri zuenean.
Zergatik?
Osaba bat gerra garaian fusilatu zuten; amaren anaia zen. Nik ez nuen ezagutu, ez nuen inoiz ezer entzun etxean haren inguruan, baina nik hari buruzko ideia bat egin nuen. Eta, orduan, egunerokoan islatu nituen osaba zenaren gaineko burutazioak. Amak hori ikusi zuenean, sekulako disgustua hartu zuen, zerbait berpiztu ziolako barruan, eta errieta itzela egin zidan. Orduan erabaki nuen gehiago ez nuela egunerokorik idatziko.
Bete zenuen esandakoa?
Ez. 1975ean hasi nintzen berriro egunerokoak idazten, eta gaur egun arte egunero idatzi dut. Etxean dauzkat urte horietako eguneroko guztiak. Zehatz-mehatz jakin dezaket zer egin nuen 1976ko azaroaren 2an, esaterako.
Zer ematen dizu egunerokoak idazteak?
Asko gustatzen zait. Egunero idazten dut, eta hainbat orduz, gainera. Baina askotan oso arriskutsua da egunerokoak idaztea, bertan islatzen duzulako uneko sentimendua, eta, gero, urte batzuk igaro ondoren irakurtzen baduzu, batzuetan pentsatzen duzu: “Zer astakeria pentsatu nuen!”. Izan dut gogoa pospolo bat hartu eta egunerokoei su emateko.
Donostian enpresa ikasketak egin zenituen, eta han hasi zinen euskara ikasten. Zerk motibatu zintuen horretara?
1972an hasi nintzen euskara ikasten. Orduan esan nuen: “Edo orain, edo inoiz ez”. Guztiz sartu nintzen: enpresa ikasketak bukatu eta hurrengo egunean baserri batera joan nintzen, euskara ikastera. Bi uda igaro nituen han, Beizamako unibertsitatean. Beizama, administratiboki, unibertsitatea da. Sailkapen administratibo bat da. Hau da: ez da herria, unibertsitatea baizik. Orduan, askotan esaten dut Beizamako unibertsitatean ikasi nuela euskaraz.
Arrasaten Union Cerrajera de Mondragoneko langile eta zuzendari ere izan zinen hogei urtez. Garrantzi handia izan du fabrika horrek Debagoienan.
Lehen aipatu dut Arrasaten momentu onak eta txarrak igaro nituela. Union Cerrajeran, zehazki, momentu txarrak izan ziren. Fabrikaren azkenak kudeatzea tokatu zitzaidan, eta disgustu batzuk hartu nituen. Han lan egiten zuen beste edozein langileren gisakoa nintzen, kudeatzaile huts bat. Goikoekin eta behekoekin konpondu behar izan nuen. Beraz, Eusko Ikaskuntzara alde egiteko aukera izan nuenean, ez nuen zalantza egin.
Nola bizi izan zenuen aldaketa?
Eusko Ikaskuntzan ere kudeatzaile soil bat nintzen. Ez nuen ezer asmatzen edo proposatzen; besteek egiten zutena kudeatzea zen nire lana.
Eusko Ikaskuntzan ibili zinenean sortu zenuen Euskonews aldizkari digitala. Nola otu zitzaizuen?
Aurten 25 urte beteko dira Euskonews sortu genuela, eta oraindik ere bizirik dago. Ni oso ausarta izan naiz beti, eta gustatu izan zaizkit toki berriak. 1994an hasi nintzen Eusko Ikaskuntzan, eta 1996an hasi ginen mundu digitalean sartzen. Inork egiten ez zuenean hartu nuen Eusko Ikaskuntza gaurkotzeko erabakia, era digitalean sartzekoa. Oso motxila astunarekin zetorren, arkaiko samarra, eta berritu beharra zegoen. Uste dut Euskonews-ekin sekulako aurrerapausoa eman genuela. Garai hartan, guretzako magikoa zen Internetek zekarren guztia. Lehen, paperean publikatzeko, hurrengo egunera arte itxaron behar zenuen, eta Internetek segituan argitaratzeko aukera ematen zizun.
1982an Euskal Idazleen Elkartearen sortzaileetako bat izan zinen.
Bai. Konturatu nintzen kontua arautu egin behar zela; batez ere, editorialekiko harremanari zegokionez. Engainatu egiten gintuzten. Kontraturik ez zegoen. Diru kopuru bat ematen zizuten liburu batengatik, baina haiek askoz garestiago saltzen zuten, eta zuk ez zenuen zure ekoizpena kontrolatzen. Hori arautu beharra zegoen. Beraz, lege proiektu bat aurkeztu nuen Jaurlaritzan hori arautzeko, eta aurrera atera zen.
Zer eginkizun zenuen elkartean?
Elkarte horretan egon diren eztabaida literarioak eta bestelakoak ez zaizkit interesatzen. Ekonomista bat izan naiz mundu honetan, praktikoa. Ez naiz kulturaren teoriko bat, ez nuen literatur munduan egiten zutena epaitzen; soilik kudeaketara mugatzen nintzen. Eta elkartea egonkortu zenean, alde egin nuen. Ez naiz artista bat; pertsona kudeatzaile bat izan naiz.
Eta baita proiektu asko hasi dituen pertsona bat ere.
Bai, asko. Erakunde batek nola joan behar duen badakit, eta txarto joan denean, konpontzera sartu naiz. Bertute hori daukat nik, baina proiektua nik baino hobeto eraman dezaketen pertsonak daudela dakidanean, alde egiten dut.
Geroago, Euskal Idazleen Elkarteko presidente ere izan zinen.
Andu [Anjel] Lertxundi zen elkarteko presidente, eta Eusko Jaurlaritzatik irten nintzenean, esan zidan niri tokatzen zitzaidala presidente jartzea. Han bost urte inguru egin nituen.
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde ere izan zinen 1983tik 1985era, lehendakaria Carlos Garaikoetxea izan zen garaian. Gogoratzen duzu nola eskaini zizuten postua?
Garbi daukat zergatik eskaini zidaten. Euskal Idazleen Elkarteko lehendabiziko idazkaria izan nintzen, eta horrek esan nahi zuen hasierako estatutuak nik egin behar nituela. Beraz, Europa osoko beste elkarte batzuetako estatutuak nola egituratuta zeuden begira ibili nintzen. Azkenean, idazleen asanblada batean aurkeztu, eta onartu egin zituzten. Alde batetik, saltsa hartan sartuta nengoen, eta horri esker hainbat arlo ezagutu nituen sektorean. Eta, bestetik, nire izena zenbait egunkari eta mediotan ateratzen hasi zen. Gauzak horrela, Pedro Miguel Etxenikek deitu zidan egun batean, eraikin honetako [elkarrizketarako aukeratutako Kulturola eraikina] nire bulegoan eserita nengoela, lanean, eta esan zidan nik Kulturako sailburuorde kargua hartzea nahi zuela.
Nola aldatu zitzaizun bizitza eskaintzari baiezkoa emanda?
Sailburuorde bezala hasi nintzen lehenengo egunean, bulego berrira joan nintzen, eta Ilustrisimo señor Jose Mari Velez de Mendizabal jartzen zuen kartel batekin egin nuen topo. Ezin nuen sinetsi; txatar biltzaileekin lanean nengoen egun bat lehenago! Bat-batean txofer pribatua neukan. Guztiz aldatzen zaizu bizimodua.
Zer nabarmenduko zenuke sailburuorde izan zinen garaitik?
Ilusioa. Dena egiteko zegoen oraindik. Esate baterako, gogoratzen dut euskal zinema egiteko lehen oinarriak guk jarri genituela. Niretzako mundu magikoa zen zinema. Berlingo zinema festibalean egon ginen, eta bi film eraman genituen hemendik: La muerte de Mikel eta La conquista de Albania. Inork ezin zuen imajinatu orduan gurea bezalako herri txiki bat nola egon zitekeen Berlingo jaialdian, baina han geunden.
Ez zenuen denbora askorik egin sailburuorde gisa. Zer dela-eta utzi zenuen?
Bi legegintzaldiren artean hiru urte egin nituen. Gero, Garaikoetxea kendu zutenean, berez ez nuen joateko derrigortasunik, baina ni izendatu nindutenak joan egin zirenez, neuk ere alde egin nuen.
Lehengo lanpostura bueltatu zinen?
Bai, Cerrajerara. Beste hamabi urte egin nituen han.
Erretiratuta zaude orain, baina ez zara geldirik egotekoa. Zer proiektu dituzu esku artean aurrera begira?
Doke antzerki taldeko kide naiz, eta antzerkiarekin jarraituko dut aurten ere. 2024an Hemen ez du inork ordaintzen obra aurkezten ibiliko gara; italieratik nik neuk itzuli dut. Datorren astean Dulantzin [Araba] egingo den Antzerki Amateurraren Jaialdirako aukeratu gaituzte, eta horri begira gaude orain. Horrez gain, bost blog ditut. Guztiak elikatzea ez da batere samurra. Hala ere, horiek jarraitzeko asmoa daukat, gogoa daukadan bitartean. Ihesbide bat da: egunero jaikitzen naizenean egiten dudan lehenengo gauza. Iritsiko da horretaz ere nazkatuko naizen unea, eta egun horretan konplexurik gabe utziko dut.