Izaki jostalarien babesean

Jabier Muguruzak eta Iñigo Astizek 'Dodoa' diskoa aurkeztu dute; haurrentzat sortutako hamar kantuz osatuta dago. Munduaren martxatik babesteko gunetzat daukate musika hori

Jabier Muguruza eta Iñigo Astiz aurrean, eta Karlos Aranzegi, Jean Marie Ekai eta Mikel Azpiroz atzean, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Jabier Muguruzak haurrentzako lanekin hasi zuen bere ibilbide artistikoa, musikan eta literaturan. Jada 30 urte baino gehiago igaro dira Ja ja estreinako diskoa atera zuenetik (1989), eta genero horretan inoiz baino zentratuago dago gaur egun. «Ikusten duzuenez, serio hartu dut haur musikan lan egitearena». Horrela aurkeztu zuen atzo Dodoa, Iñigo Astiz BERRIAko kazetari eta idazlearekin batera osatu duen diskoa. Muguruzak kantu bihurtu ditu Astizek idatzitako hamar poema, eta lana bere Mara-Mara zigiluarekin argitaratu berri du.

«Duda du dodoak,/ dodoak duda du». Esaldi horrek abiatzen du diskoa, eta kanta horrekin hasi zen Muguruzaren eta Astizen arteko kolaborazioa. Muguruzak aurretik ere ondu izan ditu abestiak Astizen hitzekin, baina disko oso bat egitea proposatu zion ordukoan. Astizi gau hartan bertan sortu zitzaizkion lehen hitzak, haur jaioberria lokartzen saiatzen ari zela: «Esan zidaten umeak hobeto lokartzen direla pilates egiteko bola handi baten gainean eserita, eta, han jarri nintzen, boing-boing. Berehala etorri zitzaidan dodo bat bisitan, esanez: 'Dodoak duda du...'. Umea lokartu zen, eta argi ikusi nuen baietz, hori zela hartu beharreko bidea».

«Gure dodoa zalantzatia da, eta neu ere nahiko tipo zalantzatia naiz, baina gauza batzuei buruz ez dut duda handirik egiten: banekien ekipo honekin umeentzako disko eder bat egin zitekeela», esan du Muguruzak. Mikel Azpirozekin, Jean Marie Ekairekin eta Karlos Aranzegirekin egin du musika, eta Nieves Arillak eta biek abestu dute; Muguruzak akordeoia ere jo du. Diskoa Azpirozek grabatu, nahastu eta masterizatu du, eta Pedro Balmasedak egin ditu diseinua eta ilustrazioak.

Diskoaren formazioa eta itxura Oker (txakurra da) aurreko lanaren tankerakoak dira, baina badira alde batzuk. Nabarmenenak, izen berriak: Astiz hitzen egilea eta Aranzegi bateria jotzailea. Hala ere, Muguruzak xehetasunez azaldu du instrumentazioan zer aldaketa izan diren: Azpirozek Hammond organoa jo du gehienbat, eta ez Rhodes pianoa; Ekaik gitarra elektrikoa jo du, baina beste erregistro batean, «ez hain sotil»; Aranzegik bateria jo du batez ere, nahiz eta perkusio batzuk ere sartu dituen.

Azpirozek proposatu zuen instrumentazio aldaketa, disko hau aurrekotik bereizteko asmoz, bakoitzak bere «nortasuna» izan zezan. Emaitza «freskoa» da, Azpirozen ustez, eta iritzi berekoa da Ekai ere: «Elkarrekin lan egin dugu, molde zaharrean, esango nuke. Soinua elkarrekin bilatu dugu hasieratik, eta zuzenean egin dugu grabaketa», azaldu du gitarristak.

Astizen hitzak «jostalariak» dira, Muguruzaren esanetan. «Jostalariak, eta ez ludikoak», zehaztu dute barre artean: «Horiek helduen gauzak dira». Musikariak «puntu gaizto bat» ere sumatu die hitzei; haur musikan eta literaturan «asko maite» du hori. Dodo zalantzatiaz gain, beste hainbat izaki bitxi ageri dira kantuetan: besteak beste, «Ui! Oi! Atx! Ai!», dentistaren zain orroka dagoen lehoia; «ni ez naiz babua, ni babu-inoa naiz», esaten duen babuinoa; zerura begira dauden triceraptosa eta diplodocusa, zeinak ez diren meteoritoaz ari hizketan, baizik eta eguraldiaz; beti begira egoteaz aspertu, eta trenera igo zen behia; eta boa, boa maitekorra, boa... constrictorra.

«Oso nire sentitzen ditut», kontatu du Astizek. «Polita da oso zure sentitzen duzun fauna bat beste jende baten belarri eta eskuetatik pasatuta bueltan jasotzea. Sorkuntzak funtzioren bat baldin badu norberarentzat, uste dut hori dela: harritzea zure baitan zeudenik ere gogoratzen ez zenuen gauzekin».

Batez ere, musika

2005ean, Muguruzak Nire gorputza haurrentzako diskoa egin zuen Juan Kruz Igerabiderekin; 2016an, Harriaren hiztegia, Bernardo Atxagarekin; eta iaz, Oker (txakurra da), Iñaki Irazurekin. Musikariaren asmoa da aurrerantzean ere eremu horretan aritzea lanean batez ere. «Inguruan, jendea gero eta ezkorrago sumatzen dut etorkizunari buruz. Mundua pikutara omen doa, ziztu bizian gainera, eta onartu behar dut neu ere ez nagoela hain urruti pertzepzio horretatik. Zer egin, ordea? Bada, nik, panorama ilun horri aurre egiteko aukeratu dudan modu partikularra hauxe da: umeentzako musika egitea».

Hain zuzen, hori lortzen du Dodoa diskoak, Astizen ustez: «Estimulu jasa horretatik babes moduko batean sartzea, aterpetzea musika eta hitz horietan, eta hor topo egitea presaka topo egingo ez zenukeen izaki sorta batekin, adibidez».

Muguruzak interesez begiratzen dio haurtzaroari. «Haurrei buruz, eta gu izan ginen haurrari buruz, ez dugu askorik jakin nahi izaten, badaezpada. Klima aldaketarekin bezala da; jakin badakigu, baina...». Aitortu du irribarre txiki bat marrazten zaiola «izen handiko pentsalariak» entzuten dituenean haien haurtzaroa zoriontsua izan zela esanez: «Posible ote da? Ez du ezer jakin nahi bere haurtzaroaz».

Muguruzak eta Astizek nabarmendu dute haurrentzako disko bat egitea ez dela «bigarren mailako musika egitea». Umeentzako musika edo literatura egitea «ez hain musika» edo «ez hain literatura» den zerbait egitea izan ohi da, Astizen hitzetan, eta aurreiritzi horri kontra egin nahi diote lan honekin ere. «Uste dut diskoaren lehen melodia entzute hutsa nahikoa dela konturatzeko umeentzako sortutako musika hau musika dela batez ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.