Zeru ilunean argitzen duten izarrei abesten die Jon Basagurenek aurkeztu berri duen Itsasargiak (Oihuka) diskoan. Rock, pop eta country doinuz jantzita, bere barne mundua kanporatzen du Izaki Gardenak proiektuaren bidez.Gaur egun, Jon Basaguren (ahotsak, gitarrak eta perkusioa) Libe Garcia de Cortazar (teklatuak, ahotsak), Joseba Baleztena (gitarra elektrikoa eta banjoa), Iker Fernandez (bateria) eta Eneko Lezak (baxua) diraIzaki Gardenak.
Aspaldikoa du Basagurenek harremana musikarekin; metal munduarekin, batez ere. Akatu taldeko abeslaria ere bada. Taldeak ibilbide oparoa izan du —hiru disko eta maketa bat kaleratu dituzte—, baina, bestelako ezinegonak baretzeko, gitarra akustikoa jotzeari ekin zion Basagurenek. «Gitarra jotzen hasi, eta berehala hasi nintzen sortzen». Bakarka aritzea buruan zuen arren, zuzenean aritzeak sortu zion sentipenak bultzatu zuen grabatzeko erabakia hartzera. Egungo baliabide teknologikoek bidea «erraztu» diotela azpimarratu du, gainera.
Klasikoak itsasargi
Metaletik beste estiloetarako jauziak bertigoa sentiaraz dezake, baina jarraitu beharreko bidea azkar topatu zuen Basagurenek. Horretarako, bidelagun izan ditu, rock alternatiboa eta musika amerikarra, azkenaldian gehienbat. «Musika amerikarraren eragina igartzen da diskoan».
Ez da kasualitatea lan hau Itsasargiak deitzea ere; hain zuzen, Izaki Gardenaken musika unibertsoa AEBetako countryan eta Erresuma Batuko popean erreferente klasikoak diren artistek argitzen dute: Neil Youngek, Johnny Cashek eta Bob Dylanek batetik, eta The Smiths eta Coldplay taldeek, bestetik.
Hitzei dagokienez, ere, alde pertsonala nabarmentzen du Basagurenek. «Hitzak nahiko poetikoak irten zaizkit, ulergarriak, baina interpretazio askori lekua uzten dietenak». Hitzak zein musika Basagurenek berak sortu ditu.
Kontzertuetarako moldaketa
Itsasargiak, 2012ko irailean grabatu zuten, Iñaki Llarenaren eskutik, Nafarroako Aberin Road estudioan. Abestien grabaketa zuzenean egin zen, ostean gitarrak eta ahotsak gehitzeko. «Ia entseatu gabe grabatu genuen, baina abestiak oso arinak dira».
Laster, beste lan luzeago bat kaleratzea baztertzen ez duten arren, kontzertuak ematea da Izaki Gardenaken nahia. «Guztiok batzeko arazoak ditugu, baina kontzertuetarako formatua moldatzen dugu». Larunbatean, Gasteizko gaztetxean arituko da banda, oso-osorik.
Izaki Gardenak-en lanean country amerikarra eta pop britainiarra eskutik datoz
Sexty Sexers eta Neubat taldeetako musikariek osatzen dute taldea; pop, rock eta country musikak dira ardatza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu