Izagirre: «Maila handiko jendea bilatu behar dute erakundeek»

Lehiaketa egin behar zela jakin aitzin, Itziar Nogerasekin Donostia 2016ko zuzendaritzaz hitz egin zuen alkateak

Juan Karlos Izagirre hedabideekin bildu zen atzo, Donostia 2016ren inguruko azalpenak emateko. GORKA RUBIO / ARP.
mikel lizarralde
Donostia
2013ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Itziar Nogeras Donostia 2016ko bulegoko zuzendari izendatzeko prozesua «garbia» izan dela esan du Juan Karlos Izagirrek, Donostiako alkate eta kultur hiriburutza kudeatzen duen fundazioaren presidenteak. Azken asteetan Nogerasen izendapenak sortu duen zalapartak bultzatuta eta Donostia 2016ren gainean izan daitezkeen zalantzak argitze aldera, Izagirrek topaketa egin zuen atzo komunikabideekin, eta Nogerasen balio profesionala defenditu nahi izan zuen. «18 pertsona aurkeztu dira lehiaketara, eta LKS enpresak egindako elkarrizketa eta galbaheak gaindituta, berak lortu du puntuaziorik altuena».

Izagirrek argitu zuenez, Eva Salaberria Donostia 2016ko zuzendariak kargua utziko zuela jakinarazi bezain pronto, postu hori betetzeko norbaiten bila hasi ziren. «Europatik esan ziguten soslai egokiko norbait bilatzeko, ardura handiko postua baita. Europako proiektuetara bideratutako kudeatzailea izan behar du, enpresa kudeaketan esperientzia duena». Horiek horrela, Izagirre bera Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendariarekin jarri zen harremanetan. «Galdetu nion ea prest egongo litzatekeen Donostia 2016 bulegoa zuzentzeko, eta berak baiezkoa eman zidan».

Nogerasekin hitz egin zuenean, artean, izendatzeko modua zein zen ez zekien Izagirrek. «Baina begiratu eta ohartu ginen lehiaketa publiko bidez egin behar zela. Orduan izena ematera bultzatu nuen. Baina jakinda irten zitekeela edo ez. Eta norbaitek Itziarrek [Nogeras] baino puntuazio hobea lortu izan balu, ba primeran. Pertsonarik egokiena lortzea zen helburua».

Donostia 2016ren zuzendari kudeatzaile berriaren gaineko polemika uztailaren 5ean piztu zen. Egun horretan, Abc egunkariak Nogerasek ekainaren 20an Elhuyarreko lankideei bidalitako e-mail bat argitaratu zuen, zeinetan adierazten zien hiru urteko eszedentzia eskatu zuela Donostia 2016ko zuzendaritzaz arduratzeko. Informazio haren harira, Donostiako Udaleko oposizioko alderdiek azalpenak eskatu zizkioten Fundazioari. Handik gutxira, bilera bat egin zuen Fundazioaren patronatuak —Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Kultura Ministerioak osatua—, eta joan den astean erabaki zuen gehiengoz eta LKS enpresaren txostenari erreparatuta Itziar Nogeras izendatzea Donostia 2016 bulegoko zuzendari kudeatzailea.

Atzoko agerraldian, alkateak onartu zuen gaizkiulerturen bat gertatu ahal izan dela, baina prozedura garbia izan dela esan zuen. Alde horretatik, haren iritziz, lehiaketa publikoa egon arren, erakundeen eginbeharra da «mailako jendea bilatzea».

Itziar Nogerasen izendapenarekin, Donostia 2016k izango duen zuzendaritza berria definitzen hasi da Fundazioa. Hain zuzen ere, orain dela hilabete batzuk gaur egungo zuzendaritzak adierazi zuen komeni zela gidaritza talde berri bat. Ildo horretan, ekainean eman zuen Fundazioak zazpi lagunen kontratazioaren berri, bi zuzendari eta bost koordinatzailerena, eta bide horretan lanean segitzen dute, Izagirreren arabera. «Baina denbora epeak errespetatu behar dira».

Txosten konfidentziala

Proiektua gainbegiratzen duen Europako batzordeak egindako azken txostenari dagokionez, berriz, «konfidentziala» dela argitu nahi izan zuen Izagirrek, eta baita «proiektua hobetzeko gomendioak» biltzen dituela ere. Oposizioko alderdiek adierazi dute txostena «birrintzailea» dela, baina alkatearen iritziz, ohiko lan txosten bat da. «Halako lanek ez lukete argia ikusi beharko. Haiek esaten digute non hobetu, eta gu saiatzen gara hori konpontzen. Baina kultur hiriburu izan diren edo diren beste hiriekin ere berdin egiten dute. Eta nik esango nuke beste hiri batzuekin izan dena baino bigunagoa dela Donostiarekin».

Alde horretatik, autokritika ere egin zuen Izagirrek. «Askotan arrazoia dute kritikatzen gaituztenek. Eta halakoetan zuzendu egiten dugu gaizki egindakoa. Baina ez dugu ezer ezkutatzeko inolako asmorik».

Fundazioari dagokionez, «politizatuegia» deritzo Donostiako alkateak, eta haren iritziz, kultura, gizarte eta enpresa alorreko kideei zabaldu beharko litzaieke. Gaur egun, zortzi kide ditu patronatuak —Udaleko hiru ordezkari, Aldundiko eta Jaurlaritzako bina eta Kultura ministerioko bat—, eta hogeirako irits daiteke.

Nolanahi ere, konfiantza du Izagirrek Fundazioa osatzen duten instituzio guztietan. Baita Espainiako Gobernuan ere, nahiz eta oraindik ez duen dirurik jarri: «Modu positiboan hitz egin nahi dut [Kultura] Ministerioaz. Esaterako, 2016rekin lan egingo duten enpresek tratamendu fiskal berezia izango dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.