Besteak beste, Vincent van Gogh eta Paul Cezannerekin erakutsi zituen bere obrak Nicolas Tarkhoff margolariak (Mosku, 1871-Orsay, Frantzia, 1930) XX. mendearen hasieran, Parisen. Etorkizun oparoko abangoardiako artista bazirudien ere, kale gorrian hil zen azkenean, eta 30 urte baino gehiago igaro ziren Oscar Ghez bildumagileak haren lanari balioa eman zion arte. Tubacex enpresak obretako batzuk erosi zizkion Ghezi, baina Arabako Foru Aldundiarekin zituen zerga zorrak ordaintzeko erabili zituen. Hau da, dirua eman beharrean, artelanak emanez kitatu zuen zorra. Arte Ederren Museoak 1995ean eskuratu zituen lanak, eta, orain, ikusgai izango dira lehen aldiz, urriaren 15era arte.
Zortzi dira guztira erakusketa osatzen duten artelanak, eta artistaren etapa desberdinak irudikatzen dituzte. Areto txiki batean ikus daitezke zortziak, eta kolorez betetzen dituzte museoko horma zuriak. Tarkhoffek egindako lana ez zen ezaguna aurretik, eta, beraz, erakusketa prestatzea ez da erraza izan: datu biografikoak eta obren xehetasunak falta ziren. Horregatik erabaki zuen museoak Les Amis de Nicolas Tarkhoff (Nicolas Tarkhoffen Lagunak) elkartearekin harremanetan jartzea —2014an sortu zen talde hori—. «Asko lagundu ziguten. Koadroetan agertzen diren pertsonaietako batzuk nor diren jakin ahal izan dugu haiei esker», azaldu du Sara Gonzalez de Aspuru museoko arduradunak.
Moskutik Parisera
Tarkhoffen ibilbide artistikoa, zehazki, ez zen batere estatikoa izan. «Moskun jaio zen; gurasoak merkatari aberatsak ziren, baina hark txikitatik jakin zuen margolari izan nahi zuela». 8 urterekin, ordea, umezurtz geratu zen, eta, gerora, soldaduska egin behar izan zuen. Amaitu ondoren, tren konpainia batean egin zuen lan, baina, 23 urtetan, Moskuko Pintura, Eskultura eta Arkitektura Eskolan sartzea lortu zuen. «Ez zuen asko iraun: bere izaera iraultzaileagatik bota zuten». Handik gutxira, Konstantin Alekseievitx Korovin margolaria ezagutu zuen, eta hark, 1897an, aukera eman zion Moskuko Arte Ederren Lagunen Elkartearen XVII. erakusketan parte hartzeko. Urtebete geroago, Parisera alde egitea erabaki zuen.
«Paris zen garaiko artearen aldaketen zentroa. Hab bizi ziren Paul Gauguin eta Tarkhoffek miresten zituen beste asko». Marrazketa teknikoa hobetzeko formakuntza laburra jaso zuen Julian akademian, baina ikasitakoa ez zitzaion gustatu; tradizionalegia zen. «Koloreak gogoko zituen, eta Van Gogh, Cezanne eta Gauguinen obretatik ikasi zuen». Margolariaren lehen etapa izan zen hori, eta Parisko kaleak eta bulebarrak margotu zituen gehienbat. Erakusketako Sena eta Notre Dame gauez obran (1901-1904), adibidez, Sena ibaiaren ertza irudikatu zuen, gauez, eta Notre Dame atzealdean. Pintzelkadak zatikatuta daude, eta koloreek Van Goghen Gau izartsua (1889) ekartzen dute gogora.
1905ean Yvonne Deltreilekin ezkondu, eta hiru seme-alaba izan zituen harekin. Parisko atmosfera urbanoa irudikatzeari utzi zion orduan, eta bestelako gaiei heldu. «Eszenak intimistagoak bilakatu ziren; seme-alabak eta natura hilak margotzen hasi zen batez ere». Arte Ederren Museoko erakusketan, seme-alabak umeak zireneko hiru erretratu daude: Sehaska gorrian lo egiten duen umea (1905), Gorputz gorriko emakumea eta haur ilehoria (1906) eta Neska etzanda (1918).
Bestalde, Natura hila barazkiekin (1905) natura hila ikus daiteke, baita haien artean nahiko desberdinak diren lore sorten bi koadro ere: Daliak loreontzi urdin batean (1905) eta Udaberriko lore sorta (1905). Lehenengoan, kolore urdin ilunak gailentzen dira, eta, bigarrenean, berriz, gorriek eta tonu epelek hartzen dute garrantzia. Pintzelkadaren mugimendua lan guztien bereizgarri da.
Tarkhoffen gainbehera
Urte horiek izan ziren Tarkhoffen urrezko garaia, 1906an gain behera hasi zen arte. «Ambroise Vollard arte merkatari eta galeristarekin desadostasun ekonomikoak izan zituen, eta harremana hautsi zuten». 1910ean, azken erakusketa ospetsua egin zuen San Petersburgon (Errusia), eta, urtebete geroago, Orsayra joan zen bizitzera. Horrek Paristik eta hango zirkulu artistikotik urrundu zuen. Urriko Iraultzarekin lerrokatu zenean, gainera, lagun errusiarrek baztertu egin zuten. «Bat-batean, bakardadean murgildurik ikusi zuen bere burua».
Egoera horrek naturara hurbildu zuen, eta paisaia naturalistak margotzen hasi zen. Paisaia zuhaitz loredunarekin (1912-1920) da erakusketan ikus daitekeen paisaia bakarra. Abstrakziora hurbiltzen da lan hori, eta loratzen ari den zuhaitz bat irudikatzen du. Formak baino gehiago, mugimendua bereizten da, eta erabili zituen kolore biziek ematen dute arreta, bereziki. «Garai hartan, Parisen hasi berria zen abstrakziorako joera, baina Tarkhoff ez zegoen han», esan du Gonzalez de Aspuruk. «Aurretik ikasi zuen guztiagatik garatu zituen garaiko teknika berritzaileak».
1930ean hil zen Tarkhoff, miseria gorrian. Urte horretan bertan antolatu zuen Parisko Udazkeneko Aretoak hura omentzeko erakusketa bat. 1960ko hamarkadara arte ez zen besterik egon. Oscar Ghezek zuzenean erosi zizkion margolariaren familiari haren obrak, eta nazioarteko erakusketak prestatu zituen horiekin. 1968an, Genevako (Suitza) Petit Palais museoa ireki zuenean, atal monografiko bat eskaini zion margolariari. AEBetara, Errusiara, Frantziara eta Espainiara ere eraman zituen obrak. «Nazioarteko ateak ireki zizkiguten bildumen artean lehenengoetako bat izan zen», azpimarratu du Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatuak.
Izaera iraultzaileak baztertua
Nicolas Tarkhoff margolariaren zortzi artelan jarri dituzte lehen aldiz ikusgai Arabako Arte Ederren Museoan. Pintzelkada zatikatuak eta kolorearen erabilera bizia ditu bereizgarri haren obrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu