Zinema

«Ixo, grabatzen!»

BERRIAren erredakzio nagusia zinema plato bihurtu dute egun batez, eta kazetari rolean jarri dituzte kazetariak. Eszena batzuk filmatu dituzte 'Marco' pelikularako, Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendarien azken lanerako.

'Marco' filmaren grabazioa, atzo goizean, BERRIAren erredakzioan.
enekoitz telleria sarriegi
Andoain
2023ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Ez diete zeregin zaila jarri kazetariei: kazetari lanetan aritzea. Lanean ariko balira bezala jardutea. Izango da maltzurren bat esango duena hori hala egiten dutela egunero. Baina ongi aritu dira, oro har. Bete dituzte bezperan emandako aginduak: ez agertzeko markadun arroparekin, ez janzkera deigarriarekin. Baten bati mototsa askarazi diote, eta besteren bati kargu hartu, planoan sartzeagatik, baina figurak ongi nahastu dira figuranteekin.

Marco filmaren grabazioak Martin Ugalde kultur parkea hartu du. Kamioiak aparkalekuan, eta garabiak tunelean. Jantzitegi, kable, kamera, monitore, foku, mikrofono, walkie-talkie eta klaketa. Atrezzoan ez, horretan ez dute ahalegin berezirik egin beharrik izan. Bartzelonako egunkari baten erredakzio bihurtu dute Andoaingoa (Gipuzkoa). Eginda zegoen horretan lana lehendik.

Eszena: Marco (Eduard Fernandez) eta egunkariko erredaktoreburua (Alfonso Torregrosa) korridorean datoz elkarrekin hizketan, eta bulego batean sartzera doaz. Sinplea dirudien hori zazpi aldiz grabatu dute. Dena pentsatuta eta zehaztuta dago erredakzioan: nor noiz gurutzatu, nork norekin hitz egin, nork zer keinu egin, nork nora begiratu. Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariek grabazio bakoitza ikuskatu dute, eta keinuei eta jarrerei buruzko argibideak eman dizkiete aktoreei. «Ixo! Motorra! Grabatzen! Moztu!». Zinemaren magia: bulego hori, izatez, egunkariko teknikarien txokoa da, eta haietako bat lanean ari da barruan. Zazpi aldiz sumatu ditu sartzen bi aktoreak: «Ezaguna egin zait bat... Nor zen? Eduard Fernandez?». Amaitu da erredakzioko grabazioa. Bulego barruan gertatzen dena grabatu dute hurrena. Zinemaren magia: propio sortu dute beste bulego bat, erredakzioaren beste puntan.

Marco filmeko eszenak dira. Moriartik, Irusoinek eta Atresmediak ekoitzitako azken lana da, Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutakoa. Istorio luze bat du atzean, dokumentala izan behar baitzuen hasieran, dokumentalaren eta fikzioaren arteko nahasketa bat bigarren ahaleginean, eta erabateko fikzio bilakatu dute amaieran. Andoainen grabatu duten eszena Bartzelonan girotuta dago. «Marco gure protagonistak badauka harremana medioekin, gustatzen zaio medioekin harremana izatea, egin duen hori medioetan agertzea. Erredakziora etorri da, erredakzioko buruarekin egotera, galdetzeko zergatik ez duten jaso hari buruzko azken albistea», azaldu du Arregik.

Eta nor da Marco? Eta zergatik du izena filmak, «oraingoz», Marco. La verdad inventada (Marco. Asmatutako egia)?. Bada, asmatutako egia baten istorioa delako Enric Marcorena (Bartzelona,1921-2022). CNT sindikatuko idazkari nagusia izan zen, eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakaria ere bai. Urte askoan aritu zen batean eta bestean hitzaldiak ematen, komunikabideetan agerraldiak egiten, nazien kontzentrazio esparruetan preso egon zela eta «infernua» bizi izan zuela esanez, jendaurrean eta familian, harik eta guztia gezurra zela deskubritu zen arte.

«Egiazko pertsonaia gezurrezko bat da Marco. Aurrean ispilu bat jartzen dizuna: zenbateraino ez ote ditugun gezur bihurtzen, hobetzen edo esajeratzen gertatu zaizkigun gauzak. Marcok muturrera eraman zuen hori, baina guztion barruan dagoen zerbait ere bada: kontatzen ari naizen hori erakargarriago egin nahi dut. Eta horregatik jendeak gehiago mirestea nahi dut», hausnartu du Arregik.

«Egiazko pertsonaia gezurrezko bat da Marco. Aurrean ispilu bat jartzen dizuna: zenbateraino ez ote ditugun gezur bihurtzen, hobetzen edo esajeratzen gertatu zaizkigun gauzak».

AITOR ARREGI 'Marco' filmaren zuzendaria

2005ean irten zen argitara hark «asmatutako egia». Pertsonaia ezaguna zen ordurako: Francoren kontrako borrokan aritu zen lehenengo, CNTko Kataluniako idazkari nagusi aukeratu zuten hurrena (1977), eta Espainiako CNTko idazkari nagusi gero (1978). Franco hil ostean, eztabaidak, borrokak eta banaketa izan ziren sindikatu anarkistaren barruan. Marco ez zuten berriro idazkari nagusi aukeratu, eta emaitzak inpugnatu zituztenen alde agertu zen, gainera. Kanporatu egin zuten sindikatutik (1980), eta guztiz aldatu zuen norabidez: Kataluniako guraso elkarteen mugimenduan hasi zen buru-belarri lanean, hezkuntza gaietan, eta FAPAC elkarteko presidenteorde aukeratu zuten Bartzelonan (1998).

2000. urtean hasi zen nazien kontzentrazio esparruetan izandako biktimen elkarteetara gerturatzen. Espainiako Estatuan gutxi zeuden ordurako bizirik, eta horretaz baliatu zen Marco, nolabait. Izan ere, Flossenburgeko (Baviera, Alemania) kontzentrazio eremuan egondakoa zela zioen, eta garai hartan jada ez zegoen hango testigantza eman zezakeenik inor. Ongi kontatu zituen kontatu beharrekoak, nonbait, zeren Mauthausen eta beste kontzentrazio esparruetako Amical lagunen elkarteko idazkari aukeratu zuten lehenengo, eta presidente handik gutxira. Ikastetxeetan hitzaldiak ematen hasi zen, eta telebista kateetan agertu zen, baita egunkarietan ere. Euskaldunon Egunkaria-k ere egin zion elkarrizketa, Igandeko KZ gehigarrian, 2002ko ekainean.

Orain irakurrita eta tartean zer gertatu zen jakinda, esanguratsuak dira orduan emandako testigantzak: «Errudun sentsazioa daramagu etengabe gurekin», «Ez izen, ez etnia, izate sozial bat adieraz zezakeen edozer kentzen ziguten», «Egun ere badira kontzentrazio eremuak: gaurko gazteek ezin dituzue begiak itxi». Gorka Erostarbe kazetariak egin zion elkarrizketa: «Gogoan dut desastre hutsa izan zela. Bezperan abisatu ziguten, goizean goiz joan nintzen harengana, ia galderak egiteko aukerarik gabe, ri-rau eta zeharka idatzi behar izan nuen... Guri ere sartu zigun porrua. Amua irentsi genuen, ondo irentsi ere».

ENRIC MARCORI ELKARRIZKETA
2002ko ekainean Enric Marcori egindako elkarrizketa. 'Euskaldunon Egunkaria'-ren Igandeko 'KZ' gehigarrian agertu zen.

 

Askok irentsi zuten amua. Marcok zioen Bigarren Mundu Gerran Frantzian erbesteratuta egon zela, eta Flossenburgeko kontzentrazio eremura deportatu zutela, nazien kontra borrokatu zelako, Frantziako erresistentziakoekin. Flossenburgeko eta Mauthausengo kontzentrazio eremuetako bizipenak xehetasunez eta minez kontatu, eta haietan egondako biktimen eledun eta ordezkari bihurtu zen.

«Komunikabideetakoek sentitu zuten engainatu zituztela, baina haiek ere badira erantzule, ez baitzuten iturrira jo. Denoi gertatzen zaigu: istorio on bat ematen dizute, eta aurrera egiten duzu. Gure pelikula ere kritika horren barruan sartzen da: eskandalu hura guztia sortu zelako ari gara gu hau egiten. Ez balitz halakorik egon, ziurrenik ez ginateke hasiko deportatuen istorio bat kontatzen», argitu du Garañok.

«Komunikabideetakoek sentitu zuten engainatu zituztela, baina haiek ere badira erantzule, ez baitzuten iturrira jo. Denoi gertatzen zaigu: istorio on bat ematen dizute, eta aurrera egiten duzu. Gure pelikula ere kritika horren barruan sartzen da:eskandalu hura guztia sortu zelako ari gara hau egiten». JON GARAÑO 'Marco' pelikulako zuzendaria

Arregik gogoan du Marcok zer zioen komunikabideei buruz: «Komunikabideek euren burua zuritu zuten nirea gehiago moztuz».

Benito Bermejo historialariak deskubritu zuen Marcoren ziria. Nazien kontzentrazio esparruetan egondako biktimen istorioak ikertzen espezialista da Bermejo, eta haren hitzaldi horietako batean ezagutu zuen Marco. Hasieratik hartu ei zion susmo txarra, ikertzen hasi eta ohartu baitzen hitzaldi bakoitzean aldatzen zuela kontzentrazio eremuei buruzko bere diskurtsoa. Bermejok 2005eko maiatzean atera zuen azalera ziria. Marcok prentsaurrekora deitu zituen berehala kazetariak, eta esandako gezur guztiak onartu. Amical elkarteko presidente kargua utzi zuen, eta 2001ean Kataluniako Generalitateak emandako sari nagusia bueltatu: Sant Jordiren gurutzea. Komunikabideetan agertzen segitu zuen, eta onartu zuen «okerra» izan zela biktima gisa agertu izana biktima izan gabe, baina esaten zuen ez zuela «asmo txarrez» egin: «Gezurra esan nuen, horrela kasu handiagoa egiten zidatelako, eta nire dibulgazio lana eraginkorragoa zelako». 

«Marcok formatu jakin bat ematen zuen emozio dosi jakin batekin eta argitasun batekin, eta horrexegatik izan zuen hainbesteko arrakasta jendearen aurrean. Benetan hori bizi izandako jendea jarriko bazenu horretan, ziurrenik ez litzaieke hala aterako, trauma handi bat zuten eta», onartu du Arregik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.