Ixiar Rozasek «poesia, saiakera eta dokumentala» batu ditu 'Beltzuria' obran

«Ahotsaren espazio politiko eta estetikoaren inguruko gogoeta» da liburua.Fikziorik gabe, «bizitzako istorio batzuek zeharkatzen dute»

Ixiar Rozas, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
«Poesia, saiakera eta dokumentala» batu ditu Ixiar Rozasek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1972) Beltzuria liburuan (Pamiela). Ahotsaren inguruan ikertzen ari da Rozas azken urteetan, eta ikerketa luze horren barruan «beste urrats bat» da liburu kaleratu berria. «Ahotsaren espazio politikoaren eta estetikoaren inguruko gogoeta» aurkituko du irakurleak, egileak sortutako fikziorik gabe osatua baina «bizitzako istorio batzuek zeharkatua».

Hondartzan paseatzen ari den emakume baten irudiarekin eta ahotsarekin hasten da Beltzuria.Ondoren, beste emakume batek Etxalarrera (Nafarroa) jotzen du, bi bilaketak hartaratua; batetik, aitona bertsolariaren «ahotsaren aztarna fisikoren bat» bilatu nahi du; bestetik, desagertzear dauden hitzen arrastoen atzetik dabil, «ez nostalgiatik, hitzei erabilera berri bat emateko baizik». Bi bilaketa horietako pasarteak dokumentatzen ditu liburuak. Bertsolaria Franzisko Elizalde Xamuio etxalartarra da, Rozasen aitona zena, XIX. mendearen amaieran sortua, 1921ean Marokoko gerrara abiatua —ustez behintzat— eta 80ko hamarkadaren amaieran hila. Bilaketa horiei ekiten dien emakumea, berriz, Rozas bera da.

Egilea ahotsaren inguruan egiten ari den ikerketak presentzia handia du liburuan. «Pentsamenduaren historian beti gailendu da hitza, eta, hitzarekin, hitzaren egia», Rozasen ustez. «Hitzaren eta esanahiaren erreinuak itzala egin dio ahotsari. Ahotsa baztertua izan da. Esanahiak ahotsa kendu dio hitzari, eta ahoratzeko ekintza fisikoa —eta horrekin dagoen gorputza— baztertuak izan dira. Ahotsa orokortasunetik izan da begiratua, ulertua, ikertua. Ez diogu erreparatzen ahotsari, baina ahotsak bakarrak egiten gaitu, eta ahotsak ematen digun bakartasun hori albo batean geratu da, ertz batean. Iruditzen zait, gainera, pentsamendu unibertsal horretan harrapaturik jarraitzen dugula. Beste hitz batzuekin esanda, pentsamendu logozentrikoan harrapaturik, edo, ikuspegi feminista batetik begiratuz gero, pentsamendu falozentrikoan. Horregatik ere idatzi dut Beltzuria».

«Geruzaz beteriko liburua»

«Geruzaz beteriko liburua» daRozasena, egileak dioenez. «Formari begiratzen badiot, poesia da, saiakera da, eta dokumentala da. Dokumentala da liburua idazten ari naizen bitartean dokumentatu egiten dudalako gertatzen zaidana. Prozesua bera dokumentatu egiten dut, testuan prozesua bera dago. Ez dut fikzioa erabili. Egoerak probokatu, egoera horietan nire gorputza jarri, eta hori dena dokumentatu dut».

«Egoerak probokatzeak zerikusi handia du performatibitatearekin», Rozasek dioenez. «Nik sortzen ditudan egoerek liburua bera eraldatzen dute, eragina dute liburuaren prozesuan. Esango nuke performatibitatearen poetika bat dagoela liburuan, eta horren guztiaren atzean badagoela geruza poetiko bat». Horrez gain, saiakera ere bada liburua, hartan gogoetak ere tarte handia duelako. «Poetika bat osatzen duen dokumental saiakera bat da».

Liburuaren diseinuak garrantzi handia izan du hasieratik, eta eragina izan du liburuaren idazketaren prozesuan ere. Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia —Bigara— arduratu dira horretaz, eta haiekin lan egiteak «plastizitatea eta bisualitatea beste modu batean lantzeko» aukera eman dio Rozasi, eta baita «kutsaketa prozesu oso ederra» bizitzekoa ere.

Rozasen obra berria «behin baino gehiagotan irakurtzeko liburua» dela uste du Mari Luz Esteban poeta eta antropologoak. «Agertzen diren eduki, gogoeta eta ñabardura guztiak oso oparoak dira, eta behin eta berriro buelta zaitezke haietara. Gai asko tratatzen dira —gerra, heriotza, memoria, hizkuntza, bertsolaritza, ehiza, generoa…—, baina niri batez ere isiltasunaren garrantziarena geratu zait iltzatua».

«Beltzuria liburuan barneratzen denak izaki edo kontzientzia bizidun baten baitan sartzen denaren irudipena izan behar du», Jose Luis Padron poeta eta kazetariaren iritziz. «Ez gara aterako irakurritako zatiak gure bizitzako pasarteekin nahastuta ez bada; ez bada liburuan idatzitakoarekin ezin bananduta; ez bada elkar kutsatuta».

Liburu «berezia eta interesgarria» da Beltzuria Jose Angel Irigarai poeta eta Pamielako editorearen iritziz. Literatur generoari dagokionez, definitzeko zaila bada ere, «oso liburu poetikoa» dela uste du. «Gaur egun, literaturan, ez dira generoak konpartimentu estanko gisa hartzen, eta intergeneroa egiten da; ez ordea intergeneroa egite hutsagatik, gaur egun gauza denak korapilatuagoak eta elkarrekin lotuagoak daudelako baizik».

Hilaren 25ean, larunbatarekin, irakurketa baten bitartez aurkeztuko du Rozasek Beltzuria jendaurrean, Donostiako Kaxilda liburu dendan, 19:00etan. Maite Arroitajauregi Mursego, Idoia Zabaleta, Harkaitz Cano, Miren Elizalde eta Bigararekin batera egingo du irakurketa Rozasek ekitaldi horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.