Guatemalako herrixka batean bizi da Maria, 17 urteko emazte maia gaztea. Kafe sailetan egiten du lan, sumendi baten magalean. Gurasoek ezkondu egin nahi dute alaba, baina neskak, egokitu zaion patuari ihes egin nahian, hirira joan nahi du. Ez zaio dena nahi bezain merke aterako, ordea. Emakume horren istorioa kontatzen du Ixcanul-Volcán filmak, eta Berlinen Alfred Bauer Zilarrezko Hartzarekin saritua izan ondotik, Miarritzeko Latinoamerikako zinema eta kulturen jaialdiak ere saritu egin du Jayro Bustamanteren lehenbiziko film luzea. Atzo iluntzean egin zuten sari banaketa Miarritzeko (Lapurdi) Gare du Midi aretoan, eta gaur bukatuko da jaialdia, saritutako filmen emanaldiekin.
Bertze hainbat sari ere eman dituzte. Epaileen saria, erraterako, Un monstruo de mil cabezas filmarentzat izan da. Mexikoko familia batek mediku tratamendua lortzeko dituen zailtasunak kontatzen ditu. Aktore onenaren sariak Dolores Fonzik eta Luis Silvak lortu dituzte, Paulina eta Desde allá filmetako antzezpenei esker. La dictadura perfecta-ri eman diote, berriz, publikoaren saria. Hori ere Mexikon giroturikoa, ustelkeriari buruzkoa.
Memoria kolektiboaz
Fikzioez gain, dokumentalakere lehiatu dira jaialdian, eta Abner Benaimen Invasión filmak lortu du sari nagusia. AEBek 1989an Panama inbaditu zuteneko garaia ekartzen du gogora, gogoeta egiteko erabiliz. Dokumentalak aztertzen du nola jendeak oroitu, eraldatu edo ahanzten dituen bizitakoak, eta nola horrek markatzen duen beren oraina.
'Ixcanul-Volcán' filmari eman diote Miarritzeko jaialdiko sari nagusia
Jayro Bustamanteren lanak Guatemalako neska maia bat du pertsonaia nagusi.Gaur bukatuko da Latinoamerikako zinema eta kulturen jaialdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu