Egilea: Irene Nemirovsky.
Itzultzailea: Jose Antonio Sarasola.
Argitaletxea: Alberdania.
Hirugarrenez nator orriotara Irene Nemirovskyren liburu bati iruzkin egitera. Bosgarren lan argitaratua du honako hau gurean eta seigarrena bidean da, Oker ulertua izeneko eleberria, hain zuzen, Ipar Euskal Herriko kostaldera eta Hendaiara eramango gaituena, David Golder eleberriaz Miarritzera eroan gintuen bezala. Alberdania argitaletxeak egile ukrainar frantsestuari hartu dion adizioak gustura nauka, eta berdin beste irakurle hainbat, nik uste, itzulpen sarriok erakusten dutenez. Irene Nemirovskyren zertzelada biografikoak aski ezagunak dira: aberats berrien alaba izanik boltxebikeengandik ihes irten zen bere familia Sobietar Batasunetik, judu pertsekutatua izan zen gero Frantzian, Auschwitz-en erail zuten eta obra eskerga idatzirik utzi zuen, horien artean, Suite frantsesa, egun klasiko bihurtua. Narrazio honek baditu zenbait antzekotasun harekin. 30eko hamarkadan kokatzen gaituzte biek eta Issy l'Éveque herria fikziorako markotzat hartzen dute biek ala biek, Suite frantsesa-ko bigarren zatian bezala hemen. Bestalde, Suite frantsesa urtetan inork aurkitu gabe iraun zuen eskuizkribua izan zen, eta esku artean dugun bertsio oso hau ere argitaratzaileek (Nemirovskyren biografoek) Institut Mémoires de l'Édition Contempraine deituriko Pariseko artxiboan topatu zuten egilea hil eta urte askora.
Artez, talentuz, graziaz eta prezisioz idatzitako nobela laburra duzue hau, argumentuari dagokionez telenobela baterako egokia, irakurterraza eta arina, baina egilearen luma tartean dela, noski, bada zer edo zer zirikagarririk lerro artean. Sylvestre zaharra da narratzailea. Frantzia barrualdeko landa eremuan bizi da oihan artean gordetako erregio lasaian erretiraturik, mutil-zahar eta bakarti, gaztaroan mundua korritu ostean orain itzalirik. Barnealdeko nekazarien ohiturak, balioak eta egunerokoa erakusten digu, zeintzuek izaki berekoi, mesfidati, bekaizti eta arruntak bezala marrazten dituen, ez gutxitan, uniformetasunetik alde egiten duena larrutzeko prest. Burges senar-emazte bikote bat dago istorioaren erdigunean (Silvestreren lehengusuak). Matrimonio eta bizitza eredugarri baten erakusleiho moduan ageri dira, justizia eta ontasunaren kutxazain, harik eta moral burges ustezko garden tolesgabearen atzeko egiak agertu arte. Gai errekurritu honekin batera, eta lerro nagusiagoan, bi ideia nagusitzen dira, ordea. Bata, odolaren sua. Gaztetako maitasun grina, alegia, pasioz bizitzearen sua, egileagan hain ezaguna egiten zaiguna eta beste lan askotan martxan dagoen motor baten moduan sentitu izan duguna irakurgaiak dardaraziz. Fatidikoki ikusia da su hau, albo-kalte sortzaile eta zuhurtziaren eta arrazoiaren kontrako, nahiz bestalde, bihotz erdiragarri den neurrian babesten den zentzua beragaraitzen duelako. Bigarren ideia da zahartzarotik nola ikusten den gaztaroa zerbait arrotza bezala, zentzugabea bere pasioan. Narratzailearen ustez odolaren sua gaztetasunean islatzen da nabarmenen eta Silvestre zaharra ezin hunki daiteke, jada. Horregatik, narrazioko puntu gorena, aldaketa garrantzitsuena, zaharraren paradigma hau aldatzean jazotzen da. Gazte garaiko oldarraldia itzultzeaz batera, iragan hartaz hitz egiteko parada hartuko du, eta horren bitartez eta bide batez, dramaren amaierarako beharrezko genituen osagaiak emango dizkigu. Elkarrizketa jenialen oinarri sendoa, batetik, idazkeraren arintasuna, bestetik, iragargarri baina hala ere maitagarri diren pertsonaiak, azkenik, istoriotxo hunkigarri bat gehiago lapurtu diogu egile famatuaren eskuari.
Literatura. 'ODOLAREN SUA'
Itzultzen dela, itzuli
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu