Duela aste batzuk Bilbon izan nintzen. Mahai inguru batean parte hartu behar nuen, eta nire bikotekideak eta biok gela txukun bat hartu genuen, parte zaharretik gertu. Joan-etorri batzuk egin genituen Zazpikaleetan barrena. Ogitarteko bat, garagardo bat, akaso, kafesnea... kaletik agertzen ziren eguzki printzak bilatu, eta, batez ere, besteen elkarrizketak entzun; horri eskaini genion gure Bilboko egonaldiaren parte bat. Betidanik egon naiz eroso Bilbon, Bartzelonako alde zaharra gogorarazten didalako, seguru asko. Jende ezberdina, leku askotatik etorria, eta betidanik han egon direnak... han zuretzat leku bat duzula jakitearen lasaitasunarekin mugitzen direla ematen du. Orain, jada nahiko zaila da hori aurkitzea Bartzelonan (eta, hala ere, maite dut). Nostalgia puntu bat sentitu nuen, bai.
Mahai ingurua Bira kulturgunean egin genuen. Lokala bete zen, eta Maria Reimondez emakume galiziarraren A casa do amo liburu saiakerari buruz hitz egin genuen, eta, batez ere, han planteatzen zituen gai batzuen inguruan. Ekimenak Nola izendatu minak zuen izena. Artikulu honetan azpimarraturiko gai bat da, niretzat, agertu zen politena: itzulpenak. Maria itzultzailea eta interpretea da, besteak beste. Ekitaldiaren amaieran komentatu zuen nola sortu zuen hizkuntza gutxituetan espezializatutako argitaletxe txiki bat, eta kontatu zigun zein estrategia erabiltzen zituzten hizkuntza hegemonikotik ez pasatzeko... Polita izan zen hori guztia entzutea.
«Ez al da zabala eta koloretsua mundua (eta iluna, eta gogorra), ez al daude minak izendatzeko modu amaiezinak? Ez al dira inspiragarriak poesia egiteko hamaika modu? Animatuko al da norbait munduan zehar hizkuntza guztiak arakatzera, txoko guztietan, eta deskubritutako sekretuak guri xuxurlatzera?»
Nola egin hizkuntza ez-hegemonikoen artean harremanak indartzeko? Duela askodanik arduratzen nauen gaia da, eta arretaz entzun nuen proposamena. Eta, bueno, aitor dezadan behingoz orri hauetan: Maria Reimondezek kontaturiko ekimena nire ametsetako bat izan da, betidanik. Berez, argitaletxe imajinario bat sortu dut, badakizue? Eta nire buruan dago. Badaukat argitaletxearentzako izena, azal egilea nork izan behar lukeen argi daukat, eta itzuli nahi ditudan lanen zerrendatxo bat ere bai. Falta zaizkit, ordea, beharrezko jakintza, eta dirua... Baina badakizkit sekretu batzuk! Adibidez, Amerikako artxipelago batean jada desagerturiko hizkuntza batean idatzitako poema liburu bat existitzen dela.
Desagertutako gizarte baten kantuak dira.
"Atsekabetua da min hau gainean
dudala nire ibilera lurrean,
bidean naiz, bada.
Ai, ene! ai, ene!
Ondo al zaude hemen
alaba?
Arima gaixo zenuke ba,
pentsakor egongo zinateke, bai».
Halaber, badakit Afganistango emakumeek hizkuntza poetiko propio bat daukatela, eta penak poesiekin nabigatzen omen dituzte, ezkutuan... Non ezkutatzen diren, hori ez dakit. Are gehiago, badaukate ezkutatzeko lekurik, honezkero? Bere poesietan, behintzat, maitasunak badauka leku bat.
«Etorri eta nire bularrean lore bat izan zaitez,
goizero algara batez freskatu ahal izatea...».
Eta gehiago ere badakit. Esate baterako, emakume irlandarrek, Euskal Herrian bezala, hileta eresiak egiten zituzten. Ezagunenetako bat da Eibhlín Dubh Ní Chonaill-ek egin zuena. Poemak Caoineadh Airt Uí Laoghaire du izena (Artur O’ Leary-ren eresia). Ingelesek hildako senarrari eskainitako olerkia da. Ahots mendekati eta indartsu hori entzutean, ezinezkoa da euskal emakume eresilarien ahotsez ez pentsatzea...
«Ene laguna,
ene beste erdia,
ezpada distiratsudun
zalduna,
zuti zaitez oraintxe
eta jantzi zure trajea,
hain garbi eta dotorea,
larruzko sonbrero
beltzarekin.
Jarri zure eskularruak ere.
Nik zartailua emango dizut,
eta zain duzun behorra.
Xendra horretan,
sastraka bakoitza makurtuko zaizu,
eta errekastoa estutxo geratuko zaizu.
Guztiek lurreratuko dute belauna,
baldin eta portatzen oraindik ahaztu ez bazaie!».
Ez al da zabala eta koloretsua mundua (eta iluna, eta gogorra), ez al daude minak izendatzeko modu amaiezinak? Ez al dira inspiragarriak poesia egiteko hamaika modu? Animatuko al da norbait munduan zehar hizkuntza guztiak arakatzera, txoko guztietan, eta deskubritutako sekretuak guri xuxurlatzera? Oraindik guretzat imajinaezinak diren ahots liriko ugari daude, badakizue?
Horiek ere gure minei buruz mintzatuko dira.
