Pederasta». Miguel Unamunoren 103 soneto itzuli ditu Jean Louis Davant idazle, pastoralgile eta euskaltzainak. Erbesteko sonetoak liburuan bildu ditu denak (Maiatz). 1.142 bertsolerro, guztira. 18.746 silaba. Baina indar bereziz dei egiten du hitz bakar horrek. 77. sonetoan dator, Parisko giroari buruzko poeman. Jatorrizkoan: «Un mariquita aquí, una marimacho / por allí, los artistas, sus amigas». Euskaraz: «Pederasta bat hemen, lesbiana bat han / artistak eta beren adiskide minak». Eta hor dago koska; «mariquita» zena «pederasta» bilakatu da euskaraz. Defendatzen du bere hautua Davantek: «Ipar Euskal Herrian homosexual errateko erabiltzen da hitz hori». Eta, dioenez, irakurle hori izan du gogoan berak. Hegoaldean bestela ulertzen da kontua, ordea: umeekin sexu harremanak dituen pertsona da pederasta. Eta errezeloa piztu du horrek. Hizkuntza itzultzearekin batera, ideologia kontrabando bat ere egon ez ote den. Horregatik dira bereziki deigarri lau silaba horiek, gainontzeko 18.746en artean. Pe-de-ras-ta. Baina ez horregatik bakarrik. Hitz horrek ikusgarri bihurtzen baitu itzulpenetan ikusezintzat jotzen dena: itzultzailearen eskua.
«Boterearen arma nagusietariko bat da hizkuntza». Argi du hori Karlos del Olmo itzultzaileak, eta ardurari buruz mintzo da horregatik. Estetikaren atzeko politikaz. «Itzultzailea berridazlea bada, idazle ere bada neurri batean. Egiten duzun aukeraketan bada ideologia bat. Batzuek hori mozorrotu egin nahi izaten dute, eta oso lasai gelditzen gara pentsatuta ari garela fidel izaten, eta neutroak. Itzultzaileak ikusezin izan behar duelako hori, ordea, mitoa da». Ezaguna du ofizioa, eta, dioenez, hatz markaz beteta daude itzulpenak. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko presidente eta Senez aldizkariko zuzendari izana da. Testu kanoniko bat jarri du bere adibide gisa: Biblia. «Betleemgo portalean txistulariak zeudela itzuli zuen Orixek, esaterako. Oso itzulpen polita zen, baina zenbateraino ziren benetan txistulariak testuan aipatzen ziren horiek? Euskal kulturaren ikuspegitik txistulariak oso irudi konkretuari lotuta daude. Orixek oso testu euskalduna eta oso polita sortu zuen, baina zenbateraino zen fidela?».
Baina bada gertuagoko kasurik ere. Ez da denbora asko gazteleraz copago hitza hedatzen hasi zenetik. Gaixoek farmazietan sendagaien truke sos batzuk ordaindu beharko zituztela adierazteko atera zuten hitz hori agintari politikoek. Estatuak sendagaiak errezeta bidez ordaintzeko jartzen duen diruaz aparte, erabiltzaileak poltsikotik bere sosak jarri behar dituelako. Horixe copago deiturikoa. Eta hor sortu zen eztabaida. Zergatik? Del Olmok erantzuna: «Beste norbaitekin batera zerbait ordaintzea; hori da copago hitzak formalki esan nahi duena. Baina nor da beste hori? Estatuak copago hitza erabiltzea erabaki du, baina ez du ikuspegi hotz eta zientifikoz soilik sortu. Horren atzean munduari buruzko ikuspegi bat dago. Zergak ordaintzen ditugunok gaude estatuaren ordainketen atzean, eta, beraz, copago horretan ni naiz sendagaia neure buruarekin batera ordaintzen duena». Eta horregatik Del Olmoren hautua: «berrordainketa».
Jarrera deontologikoa
Ez dago ados horrekin Koldo Biguri itzultzailea. EIZIEko presidente eta Senez aldizkariko zuzendari izana da hura ere. Hark ez du uste itzultzaileak copago hitza berrordainketa bihurtu behar lukeenik. Horrek ez du esan nahi, ordea, testu itzuliak jatorrizkoaren kopia bat izan behar lukeela uste duenik. Ezinezkoa da hori, dioenez. «Itzulpen bakoitza hurbilpen bat besterik ez da. Ezin da pretenditu sorburuko obra ordezkatzea, noizbait erromantiko alemaniarrek amesten zuten bezala: obra bat ezin da bere itzulpena izan; itzulpen bat ezin da jatorrizko lana izan. Bi lan desberdin dira. Horregatik, itzulpen okerrei buruz dagoen diskurtsoa nolabait modulatu beharra dago, oraindik apur bat jarraitzen duelako beste garai bateko koordenadetan». Biblia berriz ere adibide. Jainkoaren hitza zen hura, eta, beraz, itzultzaileak ezin txintik aldatu. Eta mantendu egin zen joera hori XIX. mendean ere, literatura idatziak eta artistaren izaera indibidualaren nagusigoa hartzean. «Fideltasuna ezin hautsizko arau bihurtu zen, itzultzailea morroi mailan utziz». Eta horregatik azpimarratu du bertsioarena. Fideltasun hori ezinezkoa delako.
Baina argi du hautua, halere. Copago zena copago mantendu behar luke itzultzaileak. Euskaratuta. Zergatik? «Itzultzailearen etika edo deontologiaren barruan sartu behar da bere lanean ez duela nahita itxuraldatu behar jatorrizko hori, azken finean igorle baten eta hartzaile baten arteko komunikazio ekintzaren erdian dagoen bitartekari bat delako; horregatik, jatorrizko testuaren egileak halako ezaugarri bat badu—demagun, hizkera sexista erabiltzen duela—, nire ustez itzulpen zuzenak ezaugarri horixe eduki beharko luke. Adibide xumeagoetara etorrita, testu baten itzulpena eskatzen duen erakunde batek España ipintzen badu postetxe bateko buzoian, itzultzaileak ez luke Estatu espainiarra ipini behar eskatu zaion itzulpenean». Eta hor bai, hor defendatzen du itzultzailearen ikusezintasuna. Horregatik dio berak copago ez litzatekeela berrordainketa gisa itzuli behar. Itzultzaileak, igorlearen helburuari eta hitzaren formari erreparatu, eta errespetatu egin behar duelako. Hori uste du Bigurik. Bitartekari lan horretan, gorde egin behar lukeela eskua itzultzaileak.
Lausoa da hizkuntza bera. Eta Davanten kasuak erakusten du hori argi. Hizkuntza bera izan arren, ñabardurak amildegi bilaka daitezke. «Ni hemen bizi naiz, eta hemengo irakurlearengan pentsatzen dut». Horregatik itzuli du mariquita hitza pederasta gisa. Bere inguruan zuzen ulertzen delako. Ulertzen du gaizki-ulerturako bide eman dezakeela, ordea. «Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria batzuetan bi mundu dira, hurbilak baina nolabait elkarri bizkarra emanez». Nola aurre egiten dion horri? «Nekeza da», aitortu du. «Nik nahiago dut ene baitatik zerbait idatzi itzulpen lana egin baino. Zuk nahi duzuna idazten duzu, baina batzuetan ez dakigu zuzen besteak zer erran nahi izan duen. Eta horren ulertzera asmatzen saiatzen gara. Italieraz traduttore, traditore esapidea erabiltzen dute. Eta egia da ez dela erraza itzulpen zuzena ematea. Hitzez hitz egiten baduzu, ez da deus ona ateratzen, eta urruntzen bazara, baduzu beti traizione baten egiteko arriskua». Erritmo biziegian ez ote den itzultzen ere zalantza egiten du Davantek. «Gehiago pentsatu behar genuke, hori da egia. Agian azkarregi ari gara, eta denbora gehiago behar genuke horretarako».
Amorruaren garrantzia
Virginia Woolf idazlearen Gela bat norberarena itzuli du Maria Colera itzultzaileak. Consonni arte-ekoizpen etxearena izan da ekimena, eta itzultzaileak feminismoan esperientzia izan zezan nahi zuten. «Feminista izatea garrantzitsua da testu hori ongi ulertzeko», aitortu du itzultzaileak ere. Eta hitz bat aipatu du adibide gisa: «amorrua». Liburuan errazen ikusten den hitza da. Consonnikoek Kajsa Dahlberg artistari liburuan interbentzio bat egiteko eskatu, eta testuan hitz hori agertzen zen aldiro lerro beltz batez azpimarratzea erabaki zuen sortzaileak. Eta azpimarratutako hori nabarmendu du Colerak ere. «Errealitatearen aurrean, etengabe jartzen zaizkigun oztopoen aurrean, eta erabaki guneetatik kanpo egote horrek sortzen duen amorru metatu hori bizi gabe, ez dakit modu berean uler daitekeen 50. orritik 51.era hitz hori hamar aldiz agertzea».
Literatura feministaren klasiko bat da Woolfen testua, baina baita itzulpengintzaren kritika feministarena ere. Interesgarria da salaketa. Woolfen hitzak itzultzearekin batera, maiz, estiloa ere aldatu dutela salatu izan dute kritikari feministek. Aldatu egin dutela idazlearen jarioa, eta, beraz, estiloa aldatzean mezua ere aldatu egiten dela salatu dute. Argi ikusten du lotura hori Colerak ere. Eta horregatik saiatu da idazlearen pentsamenduaren haria errespetatzen. Hura etetea haren mezua etetea ere badelako, nolabait. «Liburuan ematen du batzuetan Woolfek haria galtzen duela, baina nahita egiten du hori. Gela propio bat ez duelako, hain zuzen ere. Egunerokoak dakartzan etenek eragozten diote linealki idaztea emakumeari, eta nik uste kontzienteki jotzen duela horregatik digresio horietara Woolfek. Etxetik kanpo ere lan egin behar dela, umea hara eraman behar dela, bestea egin behar dela... Horiek guztiek galarazi egiten dute etenik gabeko pentsamendua, eta horregatik dira garrantzitsuak digresio horiek liburuan». Borobildu egin du bere gogoeta Colerak: «Forma hori ideologikoa da. Ez da kasualitatea». Hautu politiko bat, beraz, estilo hautu bat beste.
Emakume izatea ahazturik
Zentrala da hizkuntzaren eta estiloaren gaia Woolfen lanean. Emakumezkoek zergatik ez duten nobelarik idatzi aztertzen du bere testuan. Historikoki zerk ukatu dien luma. Eta zapalkuntza sistema agerrarazten du hala irakurlearen aurrean. Dioenez, bi baldintza behar dira idatzi ahal izateko, eta bi baldintza horiek dira emakumeari ukatu zaizkionak: dirua eta gela bat. Gela bat norberarena. Baina gizonezkoen liburuz betetako liburutegiaren erradiografia egiteaz gainera, historia hori kontuan harturik idatzi beharra ere aipatzen du Woolfek. Azken kapitulukoa da aipua: «Emakume batek bezala idazten zuen, emakumea dela ahaztu duen emakume batek bezala, ordea, eta, horri esker, haren orrialdeak beteta zeuden geure sexuaz jabetzen ez garenean baino azaleratzen ez den gaitasun sexual bitxi horretaz». Eta itzuli daiteke galdera. Ba al dago emakume izatea ahazturik itzultzerik?
Ezetz dio Colerak. Kasu honetan ezetz. «Emakumea izatea ez da akzidente atmosferiko bat. Gauza pila dakartza berarekin, eta pentsatzeko moduan ere eragiten dizu». Eta, dioenez, garrantzitsua izan da hori itzulpen lan zehatz honetan. Anekdota batekin ilustratzen du argudioa. «Gizon batek agian ezin du ulertu zer esan nahi duen danborradan danborrarekin ezin atera ahal izatea. Nik bai. Eta, adibidez, horregatik ulertzen dut zertaz ari den Woolf emakumeek liburutegira sartzea debekatua zutela aipatzen duenean. Amorrua ulertzeko garaian, emakume gisa irakurtzea funtsezkoa izan da, edo ateak ixten dizkizutela ulertzeko garaian, edo ohartzeko unibertsaltzat jotzen dena beti dela maskulinoa».
Baina ez da soilik nola itzuli. Nork itzuli, zer itzuli eta zer hizkuntzara itzuli ere bada dilemaren parte. Euskal literaturara darama Del Olmok fokua: «Zer idazle eta zer itzultzaile mota goraipatzen dira eta zein gelditzen dira baztertuta? Zein dira eredugarri batzuen ikuspegiaren arabera? Baina eredugarri izate horrek zer oinarri dauka? Beti oinarri ideologikoa egoten da, ez da bakarrik estetikoa». Ohikoa da kexua euskal letretan. Itzulpenetan, maiz, desagertu egiten da jatorrizko bertsioaren erreferentzia ere. Ukatu egiten da itzulpena itzulpen denik. Ez da ekintza zaila, izan ere, baina ezta inuzentea ere. Euskal letretan idazlea da askotan bere liburuaren itzultzailea, eta hori baliatzen dute zenbait erdal argitaletxek itzulitako testua itzulitakoa denik isiltzeko. Jatorrizko hizkuntzaren aipamenik gabe, jatorrizko irudikatzen dute jatorrizko ez dena. Murriztu egiten dute kultur aniztasuna. Hitz bakarrean esanda: etxekotu.
Hori egin zuten, esaterako, zenbait erdal egunkarik 2004an. El hijo del acordeonista-ren promozioa egin behar, eta ezkutatu egin zuten Soinujolearen semea. Jatorriz gazteleraz idatzi izan balitz bezala aurkeztu zuten Bernardo Atxagaren lana. Kasu honetan, Mario Santana Chicagoko unibertsitateko irakaslearena da salaketa: ikusezin bilakatu zuten euskara. Liburuak euskaratik gaztelerara egindako jauzia aztertua du hark, eta deigarriak dira aurkitutako aldeak. Artikulu batean bilduak ditu denak, Writers in Between Languages: Minority Literatures in the Global Scene liburuan (Center for Basque Studies, University of Nevada, 2009). Interesgarria da ondorioa: Atxagak erresistentzia moduko bat planteatzen duela dio ikerlariak. Idazleak etengabe gogorarazten diola irakurleari liburuko pertsonaiak euskaraz ari direla. Eta euskarazko hitz eta esaldiak tartekatzen ditu horretarako gaztelerazko itzulpenean ere, protagonistak erabili duen hitz zehatza aipatuz. Euskaraz. Oroitarazle modura. Testua etxekotu ez dadin. Irakurle elebakarra erabat eroso egon ez dadin.
Zuloa zena gordeleku denean
Baina bada adibide deigarririk. Euskaraz «zulo» hitza zena «gordeleku» hitza bihurtzen da itzulpeneko bertsioan. Eta esanguratsua da aldaketa. Etxean duen gordeleku bati buruz mintzo zaio osaba liburuko pasarte horretan pertsonaia nagusiari: «Uda guztietako lana izaten diat —esan zidan berak zalantza baten ondoren—. Zulo honi begiratu bat eman ohi zioat, ea beti bezala segitzen duen». Gazteleraz, aldatu egiten da kontua, ordea. «Lo hago todos los veranos —dijo él después de un momento de vacilación—. Me gusta echarle un vistazo a este escondrijo, a ver cómo sigue. La palabra que utilizó fue 'gordeleku'». Eta zergatik aldaketa? «Zulo» hitzak gazteleraz duen kargagatik. Istorioak aurrera egin ahala, bahitutako pertsona bat sartuko du hor ETAk. Eta Santana ikerlariak azaltzen duenez, hain zuzen, hori da Atxagak erdal irakurleari aurreratu nahi ez diona. Horregatik bihurtzen du «zulo» zena «gordeleku». Hortxe amildegia. Gazteleraz, euskarazko hitzak ez baitira neutroak. Ideologikoa baita hitzen itzala. Hori nola itzuli da koska.
Itzulpengintza. Estetika eta politika
Itzultzailearen esku ikusezina
Hizkuntzak beti du itzal ideologiko bat, eta horren inguruan nola jokatu izaten da maiz itzultzailearen kezka. Eta azkenaldian maiz piztu da eztabaida, profesionalen artean, izan beharreko aseptikotasun mailari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu