Ispilua deitzen da lehen poema, eta hala dio: «Un espejo devuelve mi imagen/ desvencijada, pero todavía/ (me convenzo) presa aceptable/ de otros reflejos. Me miro en mí/ hasta no reconocerme». Eta ondoko orrian dator, parez pare, Espejo izenekoa: «Ispilu anonimo batek ikasi du/ une luzatuegi batez nire forma./ Zerbait nahi izan dit erakutsi./ Aztertu dut irakaspen urtsua./ Ondorio mingarriak atera eta beste/ begi batzuetara ditut eraman».
Zer gertatzen da poema bat beste hizkuntza batera eramaten denean? Posible al da hitzen esanahiaz haragoko hori itzultzea? Angel Errok ez du erantzun itxirik eman, eta galderaren barrutik osatu du bere laugarren poema liburua: Itzulpena-Traducción. Ele bitan idatzi du —euskaraz eta gaztelaniaz—, eta, izenburua «nahasgarria» izan daitekeela aipatu badu ere, hasieratik argitu du poema liburu bat dela. «Saiakera bat ote den galdetu izan didate, eta ez dut guztiz baztertzen hortik zerbait edukitzea, baina, berez, poema liburu bat da. Nik gehienbat egin izan dudana literaturan».
Izan ere, Erroren laugarren poema liburua da Itzulpena-Traducción. Lehen biak nahiko jarraian plazaratu zituen —Eta harkadian ni (2002, Elkar) eta Gorputzeko humoreak (2005, Alberdania)—, baina hamazazpi urteko etenaren ondotik kaleratu zuen hurrengoa, duela bi urte, Poema liburu bat (Erein) izenekoa. Hartatik lanik berrienera, ordea, bi urte pasatu dira —«karrerilla hartu dut», esan du—, eta, neurri batean, azken biak «izpiritu berekoak» direla iruditzen zaio.
Hamazazpi urte horietan, batez ere, Erro (Burlata, Nafarroa, 1978) itzultzaile aritu da lanean, eta zutabegile gisa BERRIAn, eta denbora tarte horretan «itzultzaile izatearen tituluari» beldurra galdu diola kontatu du. Urte horietako jarduna poema liburu berrian «kristalizatu» delakoan da orain: «Nire bi izaeratatik edaten du: itzulpenarekiko dudan kezkatik, eta poesiatik, nire betiko zera dena».
Gogora ekarri du poesiak eta itzulpenak betidanik izan dutela «harreman gatazkatsua», eta horri bete-betean heltzen dion liburua da Itzulpena-Traducción. Erro: «Robert Frost poetak behin esan zuen poesia, hain zuzen, dela itzulpen batean galtzen dena. Poema bat beste hizkuntza batera itzultzean pasaraztea lortzen ez duzun hori. Eta nik, ez modu teoriko batean, baina bai ibili izan dut buruan kezka hori poemak itzultzea tokatu izan zaidanetan». Besteak beste, Hasier Larretxea, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Emily Dickinson eta Leire Bilbaoren poemak itzuli ditu azken urteetan. «Beti duzu kezka hori: lortzen ari naiz jatorrizkoan zegoena, hitzez hitzekoa ez baizik beste punch hori, trasladatzea?».
«Hitzik gabeko poesia aurkitzen saiatu naiz. Bi poemak irakurri eta buruan geldituko den ideia ez dadila egon ez hizkuntza bati ez besteari lotuta»
ANGEL ERROIdazlea
Gaiei dagokionez, bestalde, Erroren «betiko gaiak» topatuko ditu irakurleak liburuan. «Maitasun kontuak, galera, edertasunarekiko kezka, heriotzaren aurreko jarrera... horretan oso tematia naiz, eta ez nago aldatzeko adinean». Hala ere, egilearen esanetan, hau du bere orain arteko libururik «teorikoena, politikoena eta, beharbada, baita poetikoena ere».
Erdaldunek bi, euskaldunek hiru
Bere lanik teorikoena dela dio, hasteko, itzulpenari buruzko teoria bat «esplizitatzen» ez badu ere, liburuaren «konfigurazioak» berak horretaz diharduelako. «Poema bakoitzak bi bertsio ditu; norbaitek pentsa lezake elkarren itzulpenak direla, eta zentzuren batean dira hala. Poesia itzultzeak egokitzapenak eskatzen ditu, zentzua gal ez dadin, eta hori egiten saiatu naiz».
Bere lanik «politikoena» ere liburuaren osotasunak bihurtzen du, haren ustetan. «Aldarrikapenik» egon ez arren, liburua ele bitan aurkezteak zuzenean jotzen duelako euskal hiztunek bizi duten diglosi egoerara. Iruditzen zaio gaur egun «euskaldunak diskriminatzeko modurik eraginkorrena» haien elebitasunaz baliatzea dela —«batez ere, Nafarroan»—, eta kezka agertu du horrekiko. Gustatuko litzaioke liburua irakurriko duten erdaldun elebakarrengan zerbait galtzen ari direlako sentsazioa eragitea. «Gaztelaniaz baino ez dakien batek liburu hau hartzen badu, liburua bi dimentsiotan bakarrik ulertuko du. Euskaldun elebidunari, berriz, bi bertsioak irakurrita halako efektu bat sortzen ahal zaio, eta poema hiru dimentsiotan ikusi».
Hain justu, horrekin lotu du bere libururik «poetikoena» den ideia. «Batzuetan pentsatzen dut zertan datzan poetikotasuna, badagoen hitzez haragoko kontzepturen bat. Eta poemak hala aurkeztuta, ideia poetiko batera bi toki ezberdinetatik hurbilduta, aurkitu dut bidea, uste dut, ez batean ez bestean ez dagoen ideia bat adieraztekoa». Bestela esanda: «Hitzik gabeko poesia aurkitzen saiatu naiz. Bi poemak irakurri eta buruan geldituko den ideia ez dadila egon ez hizkuntza bati ez besteari lotuta».
Distantziak
Duela hamar urte otu zitzaion proiektu honetarako ideia Errori. Lagun poeta bati kontatu zion, eta erantzun zionagatik susmoa hartu zion ez zitzaiola askorik gustatu. Ordutik, bigarren maila batean baina guztiz ahaztu gabe izan du, eta Navarro Villoslada sariketara aurkeztu eta irabazi izanak eman dio azkenean bultzada argitalpenari —Nafarroako Gobernuak publikatu du—.
Bidean, zenbait poema hasieratik sortu ditu modu gurutzatuan, propio libururako, baina izan dira euskaraz idatziak zituenei gaztelaniazko testua gehitu dienak gerora, eta alderantziz. «Nik ez daukat oso garbi zelan idazten dudan. Batzuetan idazten dut poema bat euskaraz eta neure burua itzuli behar dut, behar dut distantzia hori hartu. Eta orduan konturatzen zara: poema hau, euskaraz hain ongi dagoena, gaztelaniara pasatu, eta ez du ezertarako balio. Edo aldrebes».
Askotarikoak dira, bada, osatu dituen bikoteak, elkarrengandik hurbilago daudenak zein «bertsio ausartagoak». Lau lerro hartzen ditu, adibidez, Nada izeneko poemak, eta berrogeitik gora Aberria, Egia, Ertia, Poesia izenekoak, aldamenean.
Kontatu duenez, izenburua argi samar izan du hasieratik, baina ez nola ordenatu poemak. Hizkuntza batekoak eta bestekoak aparte jartzea ekiditeko, gaztelania-euskara hurrenkeran bildu ditu batzuk lehenengo —Itzulpena atalean— eta euskara-gaztelania hurrenkeran besteak jarraian —Traducción—. Hirugarren atal bat ere gehitu dio, ordea, aurreko bien erdia hartzen duena; liburuaren izenburu bera darama, eta beste idazle batzuen «gaiak» hartuta, horien «bertsioak» sartu ditu hor. «Bertsioak, edo itzulpenak, ez daukat garbi».