Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren karietara, Frantziako Literatur Itzultzaileen Elkarteak Itzulpenaren Egunak antolatu ditu, Matrana Akitania Berriko Itzulpengintzaren Etxearekin, Bordele-Montaigne Unibertsitateko Euskal Ikasketen adarrarekin eta Elkar liburu dendarekin partaidetzan. Baionako Errobiko campusean eginen dituzte jarduerak, ostegunean eta ostiralean.
Ostiral goizean izanen da profesionalentzako tailerra —ordainpekoa izanen da—. Frantziako Literatur Itzultzaileen Elkarteko bi kidek itzulpengintza horren oinarrizko ezagutzak aipatuko dituzte: juridikoak, sozialak, argitalpen mundukoak. Ondotik, Delphine Gachet eta Elodie Dupau itzultzaile frantsesak solasean ariko dira beren lanaz. Lehenak italieratik frantsesera itzultzen ditu literatur idazlanak; bigarrenak, portugesetik. Ingelesetik itzultzen duen itzultzaile batek ere parte hartuko du goiz horretan, Cyril Laumonierrek.
Arratsaldeko, denei zabalik izanen den tailer bat apailatu dute. «Helburua da jendeari ezagutaraztea zer den itzultzea, itzulpena praktikatuz, bereziki gaia literarioa delarik», adierazi dute antolatzaileek. Horretarako, tailerrean, itzultzaile zenbaitek parte hartzaileak gidatuko dituzte frantseserako itzulpen bat egin dezaten. Sarah Tardy itzultzaileak ingelesezko testu bat frantsesera itzultzeko ariketa zuzenduko du. Euskaratik frantsesera itzultzeko tailerra, berriz, Katixa Dolhare-Zaldunbide eta Argia Oltzomendi unibertsitate irakasleek eramanen dute. Aurkezpen agirian azaldu dutenez, itzultzaileek testua ulertzen lagunduko diete hartzaileei, eta glosario bat eta hitzez hitzeko bat ere emanen dizkiete, frantsesez idazteko. Tailerrak 15:00etan hasiko dira.
Desafio saio berezi bat eginen dute ondotik, 18:00etan, campuseko auditoriumean. Nahi Zubeldia eta Antton Hariñordoki itzultzaileek Itxaro Bordaren Euri zitalari esker eleberriko (Susa, 2021) zati bera itzuliko dute frantsesera, bakoitzak bere moldean. Jokoa izanen da bien konparatzea. «Bi bertsioak elkarren ondoan proiektatuko dira, euskarazko jatorrizko testuarekin batean», azaldu dute aurkezpenean. «Bakoitzak bere hautuak defendatuko ditu, eta entzuleen iradokizunei arrapostu eman».
Garazi Arrula gomit
Itzulpenaren Egunak ostegunean hasiko dira, Garazi Arrula Ruiz idazle, itzultzaile eta Txalaparta argitaletxeko argitalpen arduradunaren hitzaldi batekin.
Antolatzaileek Arrulari eskatu diote bere esperientzia aipa dezala: «Bere ibilbideaz ariko zaigu, bere idazlanez, itzulpen lanez, baita editore lanez ere». Euskal literaturako itzulpengintzaz zer dioen ere aipatuko du. Hitzaldia Baionako Elkar liburu dendan iraganen da, 19:00etan.
Tailerretan parte hartzeko, izena eman behar da Helloasso.com atarian, Matrana etxeak duen orritik.