Urdaibaiko Guggenheim museoa eraikitzeko proiektua berriz piztu zenetik lanean ari dira Guggenheim Urdaibai Stop herri mugimenduko kideak. Zain Dezagun Urdaibai elkarteak bultzatutako plataforma bat da. Proiektuaren aurkako salaketa jarri dute Europako Parlamentuan, eta sinadura bilketa bat ere ari dira egiten, Peticiones.net atarian. 8.400 sinadura inguru bildu dituzte jada.
Ikusi gehiago:Urdaibaiko Guggenheim, atzera bueltarik gabeko puntuan
Espainiako Gobernuak 40 milioi euro jarri ditu Urdaibaiko Guggenheim eraikitzeko. Nola jaso duzue albistea?
Espero genuen. Joan den azaroan adostu zuten neurri hori: Espainiako Gobernuko aurrekontuak aurrera eramateko babesa eman zion EAJk akordio horri esker. Kontua da orain arte ez dela gauzatu, eta inork espero ez zuenean egin dute: Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian.
Zer kalte ekar ditzake Guggenheim Urdaibain eraikitzeak?
Kalteak hainbat dira, baina, nagusiki, ingurumenean eragingo du galera gehien. Guztiz babestutako eremua da Urdaibaiko biosfera erreserba. Lege asko daude eremu hori babesteko, eta lege propioa ere badu. Proiektuak lege horiek guztiak urratzen ditu. Horrez gainera, babestutako hainbat animalia espezie ere badaude eremu horretan. Kasurako, bisoi europarra. Hiru familia baino ez dira geratzen egun, eta bide berdea horien etxearen gainean eraiki nahi dute.
Eta, kulturari dagokionez, zer ekarpen egingo luke halako zentro batek?
Kultura hitza aipatu ere ez da egiten proiektuari buruz hitz egiten denean. Aurreratu dute museoak egongo direla, baina kulturari buruz inork ez du ezer esaten. Euskal Herrian badugu kultura propioa, eta ez dugu behar halako Guggenheim frankizia bat eraikitzerik.
Informazio falta dagoela sarritan salatu izan duzue. Zein da egungo egoera?
Berdin jarraitzen dugu: ez dago informaziorik. Proiektu honi buruz zerbait jakin nahi izanez gero, argi dago zer egin behar den: El Correo edo Deia egunkariak erosi, edo EITB ikusi. Horietan dago egitasmoari buruzko informazio guztia. Administrazioetan, udaletan... ez dakite ezer. Ez da onargarria. Herritarrok informazioa jasotzeko eskubidea dugu, eta ez digute ematen.
Zer eskatzen diezue erakundeei?
Alde batetik, seriotasuna. Ingurumeneko gaiei buruz ari garenean, zuhurtasun printzipioa bete behar da. Ez badaude zerbaitekin seguru, ezin daiteke aurrera eraman egitasmo bat. Kalte konponezinak egingo ditu proiektuak; beraz, ezin daiteke inolako esperimenturik egin. Beste alde batetik, informazioa zuzen emateko eskatzen dugu. Komunikabideetan behin baino gehiagotan irakurri dugu Espainiako Gobernuko 40 milioi euro horiek proiektuari bultzada emateko balioko dutela, baina hori ez da horrela: diru hori trantsizio ekologikoko ministerio batetik dator, eta kutsatutako lurrak garbitzea dute xede. Guggenheim museoa eta ekologia ez datoz bat.
Proiektua aurrera aterako dela uste duzue?
Ezetz espero dugu. Europan salaketa jarri dugu, eta horretan dugu esperantza. Oraingoz, 80 milioi euro baino ez dituzte lortu. Dirutza da, baina, proiektu honetarako, ez da ezer. Kopuru horri, gainera, Next Generation funtsak gehitu behar zaizkio, baina ez dira helduko. Izan ere, ez diete dirurik ematen ingurumena hondatu ditzaketen ekintzei, eta Urdaibaiko Guggenheim halako ekintzetako bat da.
Eider Gotxi. Guggenheim Urdaibai Stop, plataformako kidea
«Itzulezinak dira proiektuak sortuko dituen kalteak»
Informazio falta salatu du Gotxik Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren inguruan hitz egitekoan. Seriotasuna eskatu die erakundeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu