Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Itzuleren Hamabostaldia

Abuztuaren 2tik 27ra egingo dute Donostiako 83. Musika Hamabostaldia. 70 kontzertu eta emanalditik gora egingo dituzte aurten, eta hamasei Donostiatik kanpo izango dira

Frankfurteko Irrati Orkestra Kursaal auditoriumean izango da abuztuaren 21ean; Alain Antinoglu zuzendari berriarekin etorriko dira aurten Donostiara. BEN KNABE.
Leire Perlines Apalategi.
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Monteverdi abesbatzaren eta English Baroque Soloist ganbera orkestraren emanaldiak abiatuko du Donostiako 83. Musika Hamabostaldia, etzi. Hamabostaldiko entzuleen aspaldiko ezagunak dira horiek, 1990eko hamarkadatik hona maiz etorri baitira jaialdira; 2016an aritu ziren azkenengoz. John Eliot Gardiner fundatzaileak zuzenduta etorriko dira, eta errepertorio espiritual eta intimista bat interpretatuko dute. 25 egunetan 70 kontzertu eta emanaldi baino gehiago ikusteko aukera izango da Donostian eta Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko zenbait herritan. Aurten, bestalde, normaltasunerako itzuleraren alde egingo du apustu jaialdiak; gainera, antolatzaileen ustez, nabarmentzekoa da opera antzeztuaren itzulera. Jaialdiak abuztuaren 27ra arte iraungo du.

Bi urteko trantsizioaren ostean, sasoiko berriz, Hamabostaldiak bere ziklo espezializatuen eskaintza taularatuko du, Kursaaleko eta Viktoria Eugeniako kontzertu handiekin batera. Aurten, nabarmen ugarituko dira emanaldi sinfoniko-koralak; jaialdiaren ikur bereizgarria dira, eta azken aldietan murriztu egin behar izan dituzte. Emanaldi horiei Kursaalean egingo dituzten opera ikuskizunak gehituta, Donostiako auditoriumean izango diren hamar emanaldietatik bederatzitan giza ahotsa izango da protagonista.

KURSAAL AUDITORIUMA

Kursaalean, aurten, opera eta kontzertu sinfoniko-koral handiak egingo dituzte. Abuztuaren 5ean, Euskal Herriko Gazte Orkestrak bere 25. urteurrena ospatuko du Gustav Mahler konpositorearen hirugarren sinfoniarekin. Hura jotzeko, JOCAN Kanarietako Gazte Orkestra eta Donostiako Orfeoiko ahots zuriak, Orfeoi Gaztea eta Carmen Artaza mezzosopranoa ere izango dira kontzertuan.

Bestalde, Musika Hamabostaldiak XX. mendeko euskal konpositore garrantzitsuenetako bat ohoratuko du: Pablo Sorozabal. Haren jaiotzaren 125. urteurrenean, haren musika entzuteko aukera izango da. Kontzerturik garrantzitsuena abuztuaren 7koa izango da, La tabernera del puerto zarzuela emango baitute.

Opera antzeztua abuztuaren 12an eta 14an itzuliko da, bi bel canto gaualdirekin: Gaetano Donizettiren La fille du régiment taularatuko dute. Euskadiko Orkestra eta Easo abesbatza Lucas Macias zuzendariaren gidaritzapean arituko dira Guillermo Amayak diseinatutako eszenaratzean. Obrak gerraren zentzugabekeriari buruzko eta maitasunak aldaketarako duen indarrari buruzko hausnarketa bultzatuko du. Aldi berean, genero identitatearen inguruan gogoeta egiten du, libretoan zeharka bada ere azaltzen den kritika soziala nabarmentzeaz gain.

Abuztuaren 20an, Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak George Gershwin konpositorearen musikari helduko diote, haren bi lanik ezagunetarikoekin: Rhapsody in Blue eta Porgy & Bess.

Hurrengo egunetik aurrera helduko dira nazioarteko orkestrak jaialdira. Hilaren 21ean, Frankfurteko Irrati Orkestra ariko da, zeinak, Musika Hamabostaldian duela 40 urte baino gehiago debutatu ondoren, sarritan Donostian jo izan baitu.

Antzinako musika lantzen du Vaclav Luks klabezinista eta zuzendaria, eta hura ere izango da jaialdian; haren helburua Txekiako mugimendu historizistaren kalitatea erakustea izango da. Herrialde horretatik, gainera, Txekiako Orkestra Filarmonikoa ere etorriko da jaialdira, abuztuaren 26an eta 27an, Katia eta Mariel Labeque pianistekin, Evelina Dobraceva sopranoarekin, Lucie Hilscherova mezzoarekin, Ales Briscein tenorrarekin, Jan Martinik baxuarekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera.

VIKTORIA EUGENIA

Azken urteetan, dantza izan da Musika Hamabostaldiaren ardatz egituratzaileetako bat, eta Viktoria Eugenia antzokiak hartu ditu proposamen koreografiko anbiziotsuenetako batzuk. Aurten, Ballet Flamenco de Andalucia konpainia gonbidatu dute, eta hark El maleficio de la mariposa obra aurkeztuko du, hilaren 17an.

Abuztuaren 22an, Vikingur Olafssonn pianistak Mozarten teklaturako obrari buruzko bere ikuspegia aurkeztuko du.

Amaitzeko, hilaren 8an, Easo Eskolaniako haurrak, Easo Gazte Abesbatza eta Escolania Aila de Laredo protagonista izango dituen emanaldi bat egingo dute.

ORGANO ZIKLOA

Aurrerantzean, Ana Belen Garciak ordezkatuko du Esteban Elizondo, urteetan Organo Zikloa gidatu duena. Zikloa abuztuaren 2tik 14ra egingo dute, eta hamabost kontzertu izango ditu; antolatzaileen hitzetan, agerian utziko du Gipuzkoako «ondare organistiko aberatsa». Parte hartuko duten hamalau organistetatik seik lehen aldiz joko dute Musika Hamabostaldian. Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroko ikasleek egingo duten kontzertuak osatuko du zikloa.

ANTZINAKO MUSIKA ZIKLOA

Abuztuaren 4tik 20ra bitarte, Antzinako Musika Zikloan 1750. urtea baino lehenagoko errepertorioarekin osatutako bost kontzertu egingo dituzte San Telmo museoan. La Ritirata, Ludovice Ensemble, Al Ayre Español, Egeria eta Ensemble Diderot taldeak arituko dira horietan.

GANBERA-MUSIKA ZIKLOA

Ziklo hau ere San Telmo museoan egingo dute, abuztuaren 6aren eta 25aren artean. Bertan, ibilbide bat egingo dute entzuleek XVII. mendetik gaur egun arteko obretan barrena, bost emanaldiren bidez. Iñaki Alberdik, Trio Albenizek, Joaquin Riquelmek eta Enrique Bagaria duoak, Cuarteto Quirogak eta Quartetto Adornok parte hartuko dute.

MUSIKA GARAIKIDEA

Iazko Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi duen Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarra izango du ardatz Musika Garaikidea zikloak. Bilbao Sinfoniettak haren Ametsak 8 lana estreinatuko du. Bestalde, Ensemble Sonido Extremo, Quartetto Maurice eta Sigma Project izango dira.

INTERPRETE GAZTEAK

Ziklo honetan, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko musikariak ariko dira. Aurtengo emanaldietan parte hartzeko hautatu dituzten musikariak Marta Cubas, Ensemble L'Inegalite, Nerea Azcona eta Javier Hombria dira. Ikasle horiek lau emanaldi egingo dituzte Donostiako Miramar jauregian, abuztuaren 22etik 25era bitartean. Gainera, Musikeler jardunaldiaren barruan, Cadenza Quartetek eta Cuarteto Kodak joko dute, 26an eta 27an.

TABAKALERA DANTZAN

Dantza zikloak «bertako talentua» sustatu nahi du, jaialdiaren esanetan. Jone San Martin dantzariak hasiko du, eta Aditu bere azken koreografia estreinatuko du abuztuaren 11n eta 12an. Tabakalerako patioa abuztuaren 18an irekiko da, Judith Argomaniz zuzendariaren Lasala konpainiari harrera egiteko, eta Olatz de Andres dantzariak zuzendutako Lokke konpainiarekin bukatuko da zikloa, hilaren 17an eta 18an.

27an, EGOk eta Jon Maiak koreografia berri bat aurkeztuko dute Errenteriako Lekuona fabrikan (Gipuzkoa). Gainera, Txillida Leku museoan (Hernani, Gipuzkoa) iaz abiatutako proiektuarekin jarraitzeko, Cuarteto Gerhardek bi kontzertu emango ditu han, hilaren 19an bata eta 21ean bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.