Literatura

Itziar Otegik irabazi du Donostia Hiria Kutxa saria kontakizunen alorrean

'Ezer ez dago utzi nuen lekuan' izeneko lanagatik saritu dute Otegi, eta Elkar argitaletxearekin plazaratuko du. Antzerki alorreko saria Jon K. Sanchezi eman diote, 'Ez izan' obragatik.

Donostia Hiriko Kutxa literatur sarien jakinarazpen ekitaldia, Donostian. SANTIAGO FARIZANO
Donostia Hiriko Kutxa literatur sarien jakinarazpen ekitaldia, Donostian. SANTIAGO FARIZANO
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko irailaren 16a
15:11
Entzun

Donostia Hiriko Kutxa literatur sariaren aurtengo irabazleen berri eman dute. Euskarazko adarrean, Itziar Otegi izan da garaile kontakizunen alorrean, eta Jon K. Sanchezek irabazi du antzerki alorrean. Kutxa fundazioak 57. aldiz antolatu du sariketa —15.000na euro eta garaikurrak ematen dituzte haren bidez—, eta, aurten, bi autore ez, hiru nabarmendu ditu euskarazko parte hartzaileen artean. Kontakizunen atalean, aipamen berezia erdietsi du Julen Belamunok, Iragan atergabea lanari esker.

Ezer ez dago utzi nuen lekuan izenburupean bildutako narrazioagatik saritu dute Itziar Otegi, zehazki. Sariketaren oinarrietan jasoa dagoenez, autoreek gutxienez lau narrazio osatu behar dituzte, zernahi gai eta eratakoak. Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Jon Kortazar aritu dira epaile atal horretan. Otegik Elkar argitaletxearekin kaleratuko du lana.

Jon K. Sanchezek Ez izan izeneko antzezlanari esker jaso du Donostia Hiriko Kutxa saria antzerki alorrean. Hauek izan dira epaile zereginetan: Iñaki Cid, Amancay Gaztañaga Sagarzazu eta Ainara Gurrutxaga Juanikorena.

Gaztelaniazkoak, madrildarrak

Ohi denez, gaztelaniazko lanak ere saritu ditu Kutxa fundazioaren sariketak. Gaztelaniazko kontakizun lan hoberenaren saria Juana Cortesek irabazi du, La belleza de sus heridas narrazio bildumagatik. Antzerki alorrean, berriz, Dayana Contreras San Nicolas saritu dute, La casa vacía obragatik. Sariketako antolatzaileek adierazi dutenez, madrildarrak dira biak ala biak. Aurten aurrenekoz, gaztelaniazko adarrean gailendu direnek Pepitas de Calabaza argitaletxearekin emanen dituzte lanak argitara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.