KULTURA

Itziar Nogeras: "Nire izendapenean lortu den kontsentsua azpimarratu nahi dut"

Donostia 2016 proiektuaren zuzendariaren esanetan, hautaketa prozesua “gorabeheratsua” baina “garbia” izan da. 2014rako aurrekontua eta lan ildoak finkatzea izango ditu lehendabiziko erronkak Itziar Nogerasek.

2013ko irailaren 3a
15:00
Entzun

Aro berria “osasunez, gogoz eta indartsu” hasi duela nabarmendu du Itziar Nogerasek, Donostia 2016ko zuzendariak gaur, kargua hartu duenetik eginiko lehen agerraldian. Bere izendapenaren harira sortu den polemika “argituta” dagoela uste du Nogerasek, eta prozesuan zehar “oso gaizki” pasatu duela aitortu du.

Donostiako Udaletik, zuzendari izateko proposamena jaso zuen lehendabizi, eta orduan Elhuyarko lankideei “email informatiboa” bidali ziela argitu du Donostia 2016ko zuzendariak, baina ondoren kargu hori hautaketa prozesu baten bitartez aukeratuko zela berri eman zioten. Mezuak hautsak harrotu zituela jakitun, prozesuarekin ez jarraitzea “baloratu” zuela adierazi du. Azkenean, baina,  bukaeraraino aurrera segitzea erabaki zuen, bere esanetan bere ingurukoek “animatuta”. Alde horretatik, Donostia 2016 proiektuaren patronatua osatzen duten lau erakundeek —Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainako Gobernua— bere izendapena aho batez adostu zutela azaldu du.

Aurreko zuzendaritza taldeari bere esker ona agertu dio Nogerasek; “eskuzabal” jokatu dutela adierazi du, eta aurrera begira “erantzukizunez” lan egingo duela nabarmendu du. Bere kudeaketa “gardena, parte hartzailea eta erantzukizunetan oinarritua” izango dela dio Nogerasek.

Datozen hilabeteetan, bi erronka nagusi izango ditu Donostia 2016ko zuzendaritzak. Batetik datorren urteko aurrekontua negoziatzea, eta bestetik datorren urteko lan programa finkatzea. Nogerasek gaineratu du, aurki Donostia 2016ko lantaldea nahi duela eta proiektuaren egoitza berria ere abendua baino lehen inauguratuko dutela. Aurrerantzean, Donostiako Suhiltzaileen egoitza zaharrean kokatuko da Donostia 2016 proiektua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.