Zalapartaz inguratuta egon da Donostia 2016ko zuzendari berriaren hautaketa prozesua, eta atzo bi dozena kazetari izan ziren Itziar Nogeras zuzendari berriaren aurkezpen ekitaldian. «Argi dago oso publikoak izan direla momentu asko, eta horrek sortu ditu gorabeherak», adierazi zuen Nogerasek atzoko agerraldian. Bere hautaketak «adostasun erabatekoa» lortu duela esanez erantzun zien kritikei. «Erabaki hori lau instituzioren artean hartuta dago adostasun osoarekin, eta uste dut hori oso garrantzitsua dela azpimarratzea». Gainera, Nogerasen ustez,prozesu «garbia eta zuzena» bermatu du LKS enpresaren hautaketak.
Mezu elektroniko baten ondorioz piztu zen polemika. Artean Elhuyarko Zuzendari zela, Nogerasek mezua bidali zien lankideei, DSS 2016 proiektuaren zuzendaritza eskaini ziotela eta kargua onartzekotan zela esateko. «Mezu informatiboa zen» dio Nogerasek, besterik gabe,bere asmoen berri emateko asmoz helarazi zien. Uztailaren 5ean Abc egunkariak argitaratu zuen mezu elektroniko horren edukia eta orduan piztu zen polemika.
Hautaketa prozesuarekin aurrera ez segitzea «baloratu» zuen Itziar Nogerasek, «gaizki ulertuak gerta zitezkeelako» baina azkenean aurrera egitea erabaki zuen. «Batetik, nireinguru pertsonal eta profesionalak izugarrizko animoak eman zizkidan, eta, bestetik, proiektuaren erakargarritasunak ere indarra eman zidan». Guztira, hemezortzi hautagai aurkeztu ziren, eta, Nogerasen esanetan, bere ibilbide profesionalean egin dizkioten elkarrizketatarik «luze, sakon eta gogorrenak» pasatu zituen.
Azkenean, Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuak —Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak—, LKS enpresaren txostena aztertuta, Itziar Nogeras hautatu zuen Donostia 2016 proiektuaren zuzendari kudeatzaile lanposturako. Nogerasek atzo zuzendari gisa egin zuen lehen agerraldian, polemikak polemika, karguan «babestuta» sentitzen dela azaldu zuen.
Aurrera; gogoz eta indartsu
«Lantalde aparta izango dut alboan», esan zuen Nogerasek. Guztira, 21 lagunek osatzen dute lantalde hori; zati bat aurreko zuzendaritzatik dator, eta bestezatia aste honetan hasi berri da lanean. Donostiako suhiltzaileen eraikin zaharra izango dute egoitza aurrerantzean. Guztiek ere aro berriari «osasunez, gogoz eta indartsu» ekin diote, Itziar Nogerasen esanetan, eta aurreko zuzendaritzari esker ona agertu zion; proiektuarekiko zein arduradun berriekiko erakutsitako «konpromisozko jarrera eta eskuzabaltasuna» dela eta.
Barne gogoetarako astea abiatu dute; izan ere, aurreko proiektuari jarraipena ematea izango da helburua. «Gure egin behar dugu proiektua orain, lantaldea osorik dugun honetan». Horretarako, hitzaldi eta mintegi sorta antolatu dute, eta orain arte proiektuan parte hartu duten hainbat eragileren ekarpenak jasoko dituzte.
Alde pertsonalari dagokionez,eragile gisa proiektua hasiera-hasieratik ezagutu du Nogerasek. Duela urte batzuk, Viktoria Eugenia antzokian proiektua prestatzeko antolatu ziren jardunaldi eta mintegietan parte hartzeko aukera izan zuen, eta orduan ere «erakargarria» iruditu zitzaion. Izan ere, zuzendari berriaren ustez, Donostia 2016 aukera aparta da «sormenerako gure gaitasunari balioa emateko eta aberasteko».
Berak egin ditzakeen ekarpenez galdetuta, kultura zientifikoaren esparruan edota euskararen arloan bere aurreko ardurei lotutako esperientzia zabala duela azaldu zuen Nogerasek. Jendeak espero duenari nolabait ere erantzuna ematea izango da bere asmoa.«Parte-hartzailea, gardena eta erantzukizunetan oinarritua izango da nire kudeaketa».
Donostia 2016 proiektuari lotutako aurkezpen ugari izango dira datozen hilabeteetan. Lantalde berria ezagutaraztea izango da egin beharreko lehen urratsetariko bat. Bestalde, suhiltzaileen egoitza zaharrean kokatutako bulegoak eta espazioak gizartera zabaltzea aurreikusten dute, eta datorren abendua baino lehen lan programa eta aurrekontua ere zehaztuko ditu lantalde berriak. Diru sarrerei eustea erronka izango dela aitortuzuen Nogerasek. «Aurrera egiteko modua aurkitu behar dugu».
Itziar Nogeras: «Nire hautaketak adostasun erabatekoa lortu du»
Donostia 2016ko zuzendari berriak dio kudeaketa «parte-hartzailea, gardena eta erantzukizunetan oinarritua» egingo duelaOnartu du «oso gaizki» pasatu duela hautaketan, baina aurrera egitea erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu