Argitsua eta iluna. Boteretsua eta bihozbera. Halakoxea da Itziar Ituño aktoreak aurtengo Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren asteko kartelean gorpuztu duen sorgina. Sorginaren esentzia sotila aspaldiko esentziarekin konektatu nahi izan dute, eta, hala, bi magien indarra batu. «Sorginaren irudikapenik topikoenetatik urrundu, eta antzinako sorgin bat irudikatu nahi genuen», adierazi du Josemi Beltranek, Donostia Kulturako zinema programazioko arduradunak. Hori adierazteko, tarot karta baten forma eman diote kartelari. Bertan bi sorgin ikusten badira ere, sorgin bera dela jakinarazi du Ituñok: «Karteleko bi sorginak sorgin bera dira, nirea. Dualitatea oso interesgarria da lanean; denok jokatzen ditugu rol ezberdinak».
Nerea Torrijosek zuzendu du kartela sortzeko prozesu guztia: «Oso zuzendari ona da», onartu du, irribarrez, Ituñok; «Argi atsegina baina serioa du». Aktoreak sorgina hezurmamitzeko jantzi dituen jantziak ere Torrijosek diseinatu ditu, eta Marta Fresnillosek egin ditu argazkiak. Alive VFX & Design estudioa arduratu da kartela diseinatzeaz.
Bestalde, Beltranek azaldu du aurten Kataluniako TerrorMolins jaialdiarekin elkarlanean aritu direla eta hainbat jarduera batera antolatu dituztela. Izan ere, bi jaialdiek hartu dute aurten sorgina protagonista gisa. Hala, Sorginak-Bruixes leitmotivaren barruan, Borja Crespo komisarioak antolatutako Bruixes - Sorginak - Brujas. Akelarre ilustratua erakusketa jarriko dute ikusgai; Euskal Herriko eta Kataluniako 24 emakume ilustratzaileren lanek osatzen dute. Halaber, liburu bat ere argitaratuko dute: Elisa McCauslandek eta Diego Salgadok idatzitako Beso negro: brujería, cine y cultura pop.
Laminatik sorginera
Nazioartean ospe handien duten euskal aktoreetako bat da, gaur egun, Ituño. Hainbat telesail, film eta antzezlan egin ditu, bai Euskal Herrian eta bai Euskal Herritik kanpo. 2017an estreinatu zen La Casa de Papel telesailarengatik egin zen ezaguna nazioartean, telebistako debuta 1993an egin bazuen ere. 1999tik 2015ra Nekaneren rola jokatu zuen Euskal Telebistako Goenkale telesail arrakastatsuan. Geroztik, beste zenbait lanetan ere ibili da: besteak beste, Loreak (2014), Errementari (2017), Hil kanpaiak (2020) eta Irati (2022) filmetan. Azken horretan, Mariren pertsonaiari eman zion bizia. Oso pozik agertu da aktorea, fantasiazko pertsonaiak jokatzeko eskaintza dela eta: «Mariren rola egin ostean sorginarena egitea opari bat da niretzat. Sinesten dut antzinako jakinduria horretan», adierazi du. Haren hitzetan, «ez da kasualitatea» Mariren pertsonaia egitetik etorri eta sorginaren azala janztea.
Gustuko du Ituñok sorginkeriaren mundua. Torrijosek berak eskaini zion jaialdiko karteleko irudi nagusia izateko aukera, eta ez zuen bi aldiz pentsatu: «Aktorea naiz, ez naiz modeloa. Baina oso esperientzia polita izan da». Fantasiazko zinemak bere bizitzan izan duen garrantzia azpimarratu du; izan ere, genero horretako filmek asko markatu zuten haurtzaroan eta nerabezaroan, eta, orain, halako lanak egiteak (Irati, kasurako) ilusio berezia egiten dio: «Fantasiazko zinemaren oso fana naiz. Gainera, gurea bada, Euskal Herrikoa, euskaraz… Gure mitologia batzen duten proiektuetan murgilduta ibiltzea niretzako opari bat da. Errealitateari lotuta dauden istorioak oso ondo daude, baina zinema fantastikoan jolastu egin daiteke. Eta hori da aktoreon lana, jolastea».
Detective Touré da Ituñoren proiektu berria, Espainiako telebista publikorako Bilbon grabatzen ari diren telesaila. Jon Arretxe idazle bizkaitarraren eleberrietan dago oinarrituta komedia eta thrillerra uztartzen dituen telesail hori, eta Toureren antagonista rola antzeztuko du Ituñok. Irailean bukatuko dituzte grabaketak.
Japoniako ikonoak
Izua, zientzia fikzioa eta fantasia. Kaijuak, yokaiak, espektroak, banpiroak eta estralurtarrak. Donostia Kulturak eta Japon fundazioak Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak. Aguilar-Haraguchi Bilduma erakusketa zabalduko dute jaialdiaren harira, Donostiako Okendo Kultur Etxean, irailaren 14tik azaroaren 3ra. Beltranen hitzetan, munduan garrantzi handia duen bilduma da, eta Euskadi Japonia 2023 jarduera programaren eta Beldurrezko Astearen barruan helduko da Donostiara, Etxepare Institutuaren laguntzarekin, besteak beste. Tomoo Haraguchi zinemagileak fantasiazko izakien sorkuntzan egindako lanak egongo dira ikusgai erakusketan.
Japonian animaziozko zinemak eztanda egin aurretik, fantasiazko film ugari ekoitzi ziren herrialdean, irudi errealean. Pieza horiek guztiek irudimen handiko kartelak sortu zituzten, gaur egungo zineman oso estimatuak direnak. «Kalitate handiko paperarekin» egindako posterrak dira, eta film japoniarretan daude oinarrituta. Efektu bereziekin sortutako izakiak ere ikus daitezke.