Itzeako hormen itzalpean

Argitaratu dute Pio Barojak idatzi zuen eta orain arte argitara atera gabe egon den 'Los caprichos de la suerte' eleberriak. 36ko gerraz idazleak ondutako trilogia ixten du liburuak.

Los caprichos de la suerte eleberriaren jatorrizko eskuizkribua, Itzea baserrian. JESUS G. FERIA / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Altxor ugariren aterpe da Itzea baserria, Baroja sendiaren Berako (Nafarroa) etxea. Hango hormen artean daude, ongi gordeta eta artxibatuta, Pio Baroja zenaren jatorrizko idatzi asko. Ezagunak dira gehienak, idazlearen obra oparoaren gehiengoa argitaratua baitago. Ezusteko albistea izan da, horregatik, Los caprichos de la suerte eleberria. Itzean, karpeta gris batean gordeta zegoen obra, soka gorri batzuekin bilduta, eta orain dela sei hamarkada idatzi bazuen ere, orain arte ez zen inoiz baserriko hormen artetik irten. Argitara atera du orain Espasa etxeak, eta horrela, osatuta geratu da 1936ko gerraren inguruan idazleak ondu zuen Las Saturnales trilogia.

Madrilgo bere etxean, 1949. urtean hasi zen idazten Baroja trilogia hura. Hurrengo urtean plazaratu zuten El cantor vagabundo, sortako lehen alea izango zena eta 1956an hil aurretik idazleak argitaratuko zuen azkena. Haren heriotzatik mende erdia bete zenean ikusi zuen argia trilogiaren bigarren aleak, lehenago frankismoaren zentsurarekin topo egin zuela-eta argitaratu ez zuten Miserias de la guerra izenekoak. Hirugarren eta azken atala, berriz, 10. zenbakia zeraman karpeta batean zegoen gordeta Itzean, gerrari buruzko nobelak biltzen zituena. Izan ere, 1972. urtean katalogatu zuten obra idazlearen iloba Pio eta Julio Caro-Baroja anaiek. Eskuz idatzitako hitzaurrea du Los caprichos de la suerte obrak, eta makinaz daude idatzita gainerako orrialdeak, zabaleran, etzanda jarrita; idazleak berak eskuz hartutako ehunka ohar eta zuzenketa agertzen dira guztietan.

Han geratu zen gordeta, arrazoi desberdinak direla eta, garai hobeen zain, idazlearen iloba Pioren seme Pio Caro-Baroja Jauregialtzoren hitzetan. «Hau da argitaratu gabeko Barojaren azken eleberria; ez dago beste material literariorik, pixkanaka ateratzen joango diren biografia, saiakera eta idatzi solte gutxi batzuk salbu», dio, familiarekin batera, idazlearen ondarea zaintzen duenak.

Lehen edizioa, 15.000 alekoa, kalean da jada. Jose Carlos Mainer literaturako historialari, kritikari eta katedradunak egin dio hitzaurrea liburuari. Haren hitzetan, ez da idazlearen obrarik garrantzitsuena, «baina interes izugarria dauka, trilogia ixten duen eta Barojak gerrari buruz zuen ikuspegiaren berri ematen duen neurrian».

Barojaren 'alter ego'-a

Luis Goyena da Los caprichos de la suerte eleberriko protagonista, aditu askoren ustez idazlearen alter ego-a dena. Haien iritziz, protagonistaren bidez kontatu zituen Barojak gerrari eta erbesteari buruzko bere gogoetak eta sentipenak. Trilogiako lehen bi liburuak gerrako urteetan girotu bazituen, gerraostea eta II. Mundu Gerraren hasiera azaltzen dira azken eleberrian. Kazetaria da Goyena —medikua ere bai, Baroja bezala—, eta ez du bere burua gerrako aldeetako batean nahiz bestean kokatu nahi. Bertako giroarekin nekatuta, Madrildik ihes egiten du. Valentziara oinez abiatzen da aurrena, eta bidaiak Parisera eramango du ondoren. Idazlea bera ere Parisen erbesteratu zen gerrako urteetan, harik eta Berako etxera itzuli zen arte —han eta Madrilen artean biziko zen aurrerantzean, hil arte—. Narrazioak aurrera egin ahala, ugariagoak dira idazleak utzitako arrasto autobiografikoak. «Gerra zibilari buruz ikuspegi erabat negatiboa zuen Barojak», Mainerren hitzetan. «Uste zuen izugarrikeria izan zela, eta errua, neurri handi batean, politikaren demokratizazioak eta espainiar gizartearen politizazioak izan zutela». Gaia «obsesio» bihurtu zitzaion idazleari, adituaren ustez.

Gerrak Beran harrapatu zuen Baroja. Karlistek atxilotu ere egin zuten, baina aske utzi zuten egun batzuen buruan, eta Parisera alde egin zuen bolada baterako. Paris eta Bera artean joan-etorriak eginez igaro zituen gerrako urteak, harik eta 1940ko ekainean Madrilera joan zen arte. Gerraoste gorrian murgildutako hiria topatu zuen, eta gerraren inguruan asko idatziko zuen hurrengo urteetan. «Ekidistantzia bilatuz aritu zen», Caro-Barojaren ustez. «Errepublikaren aurkakoa zen, ez zuen politikariengan sinesten, eta nazionalak ere ez zituen gogoko. 'Ez zuriak, ez gorriak', esaten zuen. Hori bai, nazismoaren aurkako jarrera argia agertu zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.