Itzaltzen ez den hitzaren bila

Poema liburu berri bat eman du Karlos Linazasorok: 'Esaten dugun argia'. Askotariko gaiak bildu ditu, tonu argitsuz eta bizitza ospatzeko gogo betez. Elkarrek kaleratu du lana

Karlos Linazasoro idazlea, Esaten dugun argia bere lan berriena eskuetan hartuta, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Karlos Linazasororen (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) obra zabala xehe begiratzen hasi, eta apenas dago idazleak landu gabeko generorik. Eman ditu ipuinak, antzerkia, eleberria, haur eta gazte literatura, aforismoak... «Kentzen baldin badituzue nobela historikoa, nobela grafikoa eta nobela luzea, ia-ia esango nuke beste genero guztiak landu dituela», adierazi du, ironiaz, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak. Zehaztu du laburrean aritzea duela maiteen, bai prosan eta bai poesian, eta, aipatu duenez, haren lan guztiek «Linazasororen unibertsoa» osatzen duten arren —«inteligentea, zorrotza, hizkuntzaren erabilera neurtu eta trebekoa»— bada unibertso hori bi tonutan bereizten duen alde bat: alegia, prosan umore garratz eta mundu ikuskera ilunago bat agertzen badu, kontrakoa antzeman daiteke haren poesia lanetan. Mendiguren: «Bizitzaren ospakizun bat dago haren poemetan, biziaren aldarrikapen bat, ikuspuntu askoz argiago eta baikorrago bat». Horren «erakusgarri edertzat» aurkeztu dute, hain zuzen, Esaten dugun argia, Linazasororen lanik berriena.

Mendigurenek aipatutako alde horri heldu dio idazleak ere. Erantsi du beti uste izan duela pertsonak bere baitan beste pertsona asko daramatzala, kontrajarriak askotan, eta iradoki du bere baitako horien artean ez direla berdinak prosa eta poesia idazten dutenak; «aldarte» ezberdina eskatzen diolako bakoitzak. Linazasoro: «Poesian ateratzen zaizkit naturaren handitasuna, bizitzaren ospakizuna, maitasuna, eta sakoneko beste gai batzuk: heriotza, denbora eta 58 urte izateak sortzen dizkidan bestelako kezkak».

Eta, hala ere, izenburuan bertan jaso duenez, argirantz begira ondutako liburua dela esan du egileak. «Hitz egiten da denborarekin eta heriotzarekin ditugun zorrei buruz, baina batez ere agertzen da non sortzen den poza, non edertasuna, non bizia, non argia. Esango nuke liburu hau nire beste poema liburuak baino argitsuagoa dela; poz gehiago dago».

Poesia idaztean gogoan izan ohi dituen bi ideia ere aletu ditu: poema batek «ezin» duela gezurrik esan, batetik, eta poesia idaztea beti bilaketa bat dela, bestetik. «Munduak, gaurko egunak falta duen hitz horren bila dabil etengabe poeta; hitz horren beharra du bizitza, mundua, poema nolabait osatzeko. Uste dut hitz hori ezin aurkituzkoa dela, misterio bat, baina hori aurkitu beharra da poetaren langintza, haren lanak zentzurik izango badu».

«Poemak garbitzea»

Denera, 150 poema inguru dakartza liburuak. Ez ziren horiek aurkeztutako guztiak, eta hainbat kanpoan utzi izanak ere erakusten du idazlearen etorri oparoa. Molde aldetik, askotariko formak eman dizkie poemei, sonetoetatik hasi eta haikuetaraino, eta lau ataletan egituratu ditu, «nolabaiteko kronologia» bati segika.

Oro har, ordea, laburrak dira gehientsuenak, eta arrazoitu egin du hori egileak: «Poetak gero eta gutxiago idatzi behar du. Lan handia da poemak garbitzea, eta horretan pasatzen dut nik denbora asko: ez idazten, baizik eta desidazten, poema biluzten». Haikuen kasuan, esaterako, uste du egiteko hori muturrera eramatea eskatzen dutela: «Esentziaren esentzia dira. Hitz gutxiagorekin ezin da gehiago esan».

1991n, Udazkeneko karabana erratua (Elkar) eman zuenetik, hamar poema liburutik gora ondu ditu Linazasorok. Nola egiten duen galdetu dio Mendigurenek; denbora mugatu batean esku artean duen horretan murgilduz, erantzun Linazasorok. «Haikuak egin behar badituzu, demagun, bi hilabete pasatzen dituzu dena horretara bideratzen».

Onartu du, halaber, gero eta gutxiago idazten duela. «Baina poesian ez da esatekoa bukatzen, beti dagoelako bilaketa». Soneto gehiago idazten ari da orain. «Esertzen naiz etxeko sofan, hartzen dut koadernoa, eta, beste ezer gabe, disfrutatu egiten dut, eta ez da gutxi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.