Musika

Itzalpeko Rafael Berrio

Musikari donostiarrak berrogei urtean grabatu eta argitaratu gabeko 47 kantu bildu dituzte 'No es para menos' disko bikoitzean. Joserra Senperena eta Cheli Lanzagorta Berrioren kolaboratzaile izandakoek egin dute erreskate lana.

Rafael Berrio, 2017. urtean. THOMAS CANET
Rafael Berrio, 2017. urtean. THOMAS CANET
mikel lizarralde
2025eko martxoaren 30a
04:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Urteetan ukatu zitzaion errekonozimendu kritikoa lortua zuela hil zen Rafael Berrio musikari eta konpositorea (Donostia, 1963-2020) orain dela bost urte, pandemia betean. Berriok 1980ko hamarkadaren hasieratik zeraman musika egiten, lehendabizi UHF taldearekin eta gero Amor a Traicion eta Deriva proiektuen buru zela, baina, 2010. urtean haren izenpean azaldu arte, apenas izan zuen oihartzunik haren lanak. Berriok zortzi disko luze grabatu zituen bere bizitza osoan (bina Amor a Traicion-ekin eta Derivarekin; lau Rafael Berrio gisa), baina beste hamaika kantu utzi zituen kasete eta bobinetan barreiatuta. Orain, arakatze, hautaketa eta garbiketa lan izugarri bat egin ostean eta Joserra Senperena eta Cheli Lanzagortaren ekimenez, ezkutuko Berrio hori, itzaletan gelditu zena, argitara atera da No es para menos (Warner) disko bikoitzaren bitartez.

«Beti argitaratzeko arazoak izan zituen full time sortzaile bat izan zen Rafa. Pentsa dezagun 1979 inguruan hasi zenetik 1994an Amor a Traicionen lehen albuma argitaratu zuen arte bi abesti baino ez zituela argitaratu EP partekatu batean (UHF gisa). Hau da, hamabost urte eman zituen argitaratu gabe, bere kantutegiak agian kalitatezko hiru bat album eman ahal izango zituenean». Diskoaren liburuxka oparoan —hitz guztiez gain, Ricardo Aldarondo kazetari eta musikariaren azalpen testu bat ere badakar— Berrioren anaia Iñakik ondo laburbiltzen ditu musikariak bere ibilbidean kantuak publikatzeko izan zituen arazoak.

Orain dela lau urte, Berrio hil eta urtebetera, hura omentzeko hainbat ekitaldi antolatu zituzten, besteak beste omen kontzertu bat eta erakusketa bat, zeinetan artistaren inguruko oroigarriak bildu zituzten. Azken horien artean arreta pizten zuten Berriok idatzitako hitzez betetako libretek eta argibide oharrik ez zeukaten hamaika kasetek.

Nolanahi ere, 2022ra arte ez ziren hasi Lanzagorta eta Senperena Berrioren kantuz osatutako disko bat egiteko ideiari bueltaka, eta hasiera batean bestelakoa zuten asmoa gainera. «Ideia zen Rafak grabatu baina bere disko ofizialetan atera ez ziren kantuak biltzea», azaldu du Senperenak. Horien artean zeuden, esaterako, La Buena Vidaren Guillermine eta Patxi Zubizarretaren 50 liburu-diskorako grabatutako Navega. «Baina Cheliri eta bioi iruditzen zitzaigun disko horren osagarri gisa atera zitekeela beste bitxikeriaren bat».

Lanzagorta Amor a Traicion-eko kide izan zen, eta bere ordenagailuan gordetzen zituen Berriok taldearekin grabatutako hainbat kantu. «Haiek entzuten hasi, eta neure buruari esan nion ‘hau ikaragarria da!’. Chelik aspalditik ezagutzen zituen grabazio haiek, eta halakoetan gertatzen den moduan, ez zien garrantzi handirik ematen. Baina niri iruditu zitzaidan handik jo behar genuela, eta inoiz argitaratu gabeko material hori eman behar genuela argitara». 

Gema Amiama Berrioren bikotekideak erakusketarako utzitako 90 kasete, hiru bobina eta ordenagailu bat zituzten langai. Baina ez zekiten zer aurkituko zuten. «Warnerri proposatu genion ideia, eta diru pixka bat eman zigun hori guztia digitalizatzeko. Hori egin eta gero, 2023an material hori guztia arakatzen hasi ginen, sailkatzen eta argitaratu gabeko kantuak alde batera eramaten». 

Bi Berrio

Grabazio haien artetik 90 bat kantu «osatu» atera zituzten: talde batekin grabatutakoak ziren erdiak eta gitarra hutsarekin gainerakoak. «Rafak dena grabatzen zuen, eta dena gordetzen zuen. Hau da, kantu batzuen bertsio bakarra aurkitu dugu, Utopia-rena adibidez; baina beste kantu batzuk, aldiz, askotan grabatu zituen». Berriok hitzak idazten zituen lehendabizi, eta gero sekuentzia harmoniko ezberdinetara moldatzen zituen, «haientzat musikarik onena» aurkitu nahian. Eta adibide bat jarri du Senperenak. «1971 diskoa grabatu genuenean bi kantu kanpoan gelditu ziren, Santos martires yonkis eta La desgana. Azken hori doinu eta konponketa oso ezberdinekin grabatu zuen Diarios diskoan».

No es para menos disko bikoitza izanik, lehendabizikoan taldearekin grabatutako kantuak jaso dituzte, eta bigarrenean, berriz, gitarra hutsarekin egindako grabazioak. Lehenengoan, besteak beste, UHFren garaiko hiru kantu eta Amor a Traicionek 1992an Landetako Du Manoir estudioan grabatu baina inoiz argitaratu ez zen diskoko beste hiru jaso dituzte. «Niri ez zaizkit gustatzen grabazio haiek, produkzio handi batekin eta bateria profesional batekin, baina uste dut diskoan egon behar zutela».

«Ni lehenengo diskoko rock-and-roll banda horrek harritu nau. Bonba bat da rock banda hori, eta oso ondo olioztatuta dago»

JOSERRA SENPERENADiskoaren ekoizlea

Bestalde, berrogei urtean eta hamaika formatutan eginiko grabazioak izanik, soinu gorabehera handiak ziren kantuen artean. Jonan Ordorikarekin hitz egin zuten garbiketa eta masterizazio lana egiteko, eta prest zegoela esan zien, harreman ona zuelako Rafarekin, baina hil egin zen eta Jean Phocasek egin du azkenean lan hori. Horretarako pista bateko ahotsa, perkusioa, baxua eta tresna polifonikoak (gitarra, pianoa...) bereizteko aukera ematen duen programa bat erabili du gitarra hutsarekin grabatutako kantuak txukuntzeko. «Rafak eskuko grabagailu bat erabiltzen zuen, eta kantu batzuetan gitarra elektrikoak jan egiten zuen ahotsa. Programa horrekin lortu dugu ahotsa bereizi eta gero bolumena igotzea».

Berrioren material horrekin guztiarekin denbora luze batean lan eginda, Senperenak onartu du sorpresak hartu dituela. «Ni lehenengo diskoko rock-and-roll banda horrek harritu nau. Bonba bat da rock banda hori, eta oso ondo dago olioztatuta. Bigarren diskoak, berriz, erakusten du Berrio basati bat, arriskuari begiratzen diona behin baino gehiagotan». 

Batez ere 2010etik hona, Berriok hitzak idazteko zuen gaitasuna nabarmendu izan da beste ezeren gainetik, eta Senperenak uste du hitzen egile oso ona zela, baina baita konpositore eta kantari bikaina ere. «Disko honetan Rafa kantaria azaltzen da. Prima donna-n, adibidez, falsettoan abesten du, Mick Jaggerrek Emotional Rescue diskoan bezala. Eta Utopia-n, berriz, crooner bat ematen du. Kantatu eta errezitatu egiten du, Sinatrak eta Aznavourrek bezala».

Berrio urte luzez margolaria izan zen lanbidez, nahiz eta beti amets egin zuen musikatik eta musikarako bizitzearekin. «Rafak bazekien konpositore ona zela, eta bazekien era ezberdinetako kantuak egiten. Horregatik, bere ametsa zen beste musikari batzuentzako kantuak sortzea, eta hortik ateratzen zuenarekin bere diskoak grabatu ahal izatea». Berriok B errepertoriokoak deitzen zien besteentzat idazten zituen kantuei, eta horietako bat ere sartu dute diskoan: Lo que importa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.