XIX. mendearen hasierara bidaiatu du Tanttaka konpainiak Esnearen kolorekoa antzezlan berria ekoizteko. Nell Leyshon idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta dago, eta egileak berak egin du antzerkirako egokitzapena. Fernando Bernuesek zuzendu du pieza, eta haren gidaritzapean aritu dira sei euskal aktore: Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroiz. Igandean estreinatuko dute lana, Bilboko Arriaga antzokian, 19:00etan.
1830. urtean girotuta dago antzezlana, Ingalaterrako landa inguruko baserri batean. «Mary izango da protagonista nagusia. Esnearen koloreko ilea du, eta herrena da», aurreratu du Gabilondok. Familiaren kondenatik ihesi, neskame joango da bikarioaren etxera, eta bere ametsa beteko du han: irakurtzen eta idazten ikasiko du. Garmendia izango da protagonista nagusia, eta, harekin batera, Soroizek ere «rol berezia» antzeztuko duela aurreratu du Bernuesek: Maryren aitona izango da, eta harekin sendatuko ditu bizitzaren zauriak.
Garmendiak eta Soroizek izan ezik, gainerako aktoreek bikoiztu egingo dute euren pertsonaia: bi rol interpretatuko ditu horietako bakoitzak. «Erronka handia eta aberasgarria» izan dela aitortu du Apaolazak: «Nire kasuan, erabat desberdinak diren bi pertsonaia interpretatuko ditut: Maryren aita izango naiz, batetik: zakarra, alabei tratu txarrak ematen dizkiena… Eta bikarioa, bestetik: kultua, fededuna…». Obrak aurrera egin ahala, baina, «gauza asko» partekatuko dituzte bi pertsonaiek: «Boterea erabiliko dute nahi dutena lortzeko».
«Mary izango da protagonista nagusia. Esnearen koloreko ilea du, eta herrena da»
MIREIA GABILONDOAktorea
Gabilondo izango da Apaolazaren emaztea, kasu bietan. «Errealitate desberdinak bizi dituzten bi emakume interpretatuko ditut: gizonaren aginduen menpe bizi den emakumea izango naiz, baserriko emakumearen kasuan; eta estatus hobea duen pertsona izango naiz, bikarioaren emazte gisa». Bikarioaren emaztea hilzorian egongo da, eta hura zaintzera joango da Mary.
Protagonistaren ahizpa eta bikarioaren neskamea Arrieta izango da. Olivares, berriz, bikarioaren semearen rolean arituko da. «Beste pertsonaiari buruz nahiago dut ezer ez aurreratu», adierazi du aktoreak. Olivaresentzat debuta izango da antzerkian, eta nabarmendu du halako talde batekin lan egitea «plazer hutsa» izan dela.
Liburutik oholtzara
Botere harremanak, patriarkatua eta familia izango dira obrako gai nagusiak, besteak beste, eta bizi joango da antzezlana, Gabilondoren arabera: «Zuzenean sartuko gara eszenara: berehala agertu eta desagertuko gara protagonistaren oroitzapenetatik. Kontzentrazio handia eskatzen duen lana izan da, baina asko gozatu dugu».
Eszenografia ere «berezia» da, Bernuesen arabera: «Historia bera eta janzkera oso errealistak dira, baina eszenografia ez da batere errealista». Eserlekuak eta ardi larruak egongo dira oholtza gainean, eta, kokapenaren arabera, «esanahi bat edo beste» izango dute.
Jatorrizko lana Nell Leyshon egile ingelesarena da. 2012an argitaratu zuen idazleak The Colour of Milk eleberria, eta, gainera, zenbait sari eskuratu zituen —besteak beste, Madrilgo liburu saltzaileen gremioak Urteko Liburuaren Saria eman zion—. Bernuesek idazlearen beste obra bat zuzendu zuen Bartzelonan, eta horri esker izan zuen harekin harremanetan jartzeko aukera: «Eleberria antzerkira egokituko zuen galdetu nion, eta baietz erantzun zidan». Elkarlanean egin dute egokitzapena.
Aurreko lanekin egin bezala, obraren euskarazko eta gaztelerazko bertsioak emango dituzte. Igandean izango da euskarazko bertsioaren estreinaldia, Bilboko Arriagan, eta asteartean eta asteazkenean emango dute gazteleraz. Hortik aurrera, Euskal Herrian barrena bira bat egiteko asmoa dute, eta nazioartera ere bidaiatuko dute.
Tanttakak 40 urte
Aurten bete ditu 40 urte Tanttaka konpainiak, eta hiru ekoizpenekin ospatu dute urteurren biribila: Esnearen kolorekoa, El nadador de aguas abiertas —Ur irekietako igerilaria, euskaraz— eta Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez obrak ekoitzi dituzte. Azken hori, Durangoko Azokan aurkeztuko du Harkaitz Cano idazleak: Bernuesen antzezlan batean oinarrituta dago, eta album ilustratu bat da emaitza —Isabel Herguerak ondu ditu ilustrazioak—. «Liburutegiei eta literaturari omenaldia egin nahi diegu, gazteak literaturaren mundura erakartzeko asmoarekin», kontatu du Bernuesek. Horrez gainera, Espainiako Max arte eszenikoetako sarietan, produkzio lan onenaren saria ere eskuratu dute Mireia Gabilondok zuzendutako Sexberdinak obragatik.
«Zahartzen ari gara», esan du barre artean Gabilondok. Hala ere, «oso pozik eta gustura» daude egindako bidearekin: «Guztiok bezala, momentu latzak igaro ditugu, baina zortea dugu oraindik ere hemen jarraitzen dugulako». Uste du euren hastapenetatik gaur egunera zeharo aldatu dela antzerkia egiteko modua, baina moldatzen ikasi dute: «Lehen ikuskizun bakar batekin pare bat urte egiten genituen; orain, berriz, ikuskizun bat baino gehiago egiten ditugu urtean».
Aurrera begira, lanean jarraitzeko gogoa dute: «Beste berrogei urtez jarraituko dugula esatea gehiegitxo esatea da agian, baina oso pozik gaude».