Itzalaren tolesturak

Lutxo Egiaren sarrera hitzaldiarekin hasi da Literaturia jaialdia, Zarautzen. Liburu aurkezpenak, solasaldiak eta azoka izango dira gaur eta bihar

Lutxo Egiak Itzalak hitzaldia egin zuen atzo Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Arrese.
Zarautz
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Itzala, hitzaren ahala leloarekin atzo arratsaldean abiatu zen Literaturia letren plazaren hamahirugarren aldia Zarautzen. Modelo aretoan Lutxo Egia idazleak Itzalak izeneko sarrera hitzaldi jolasti eta zirikatzailea egin zuen: «Itzala hitz pisutsua da. Aspalditik bizi gara larriturik itzalarekin. Herri ugarik uste izan dute heriotza gorputzaren eta itzalaren arteko bereizte behin betikoa dela». Aipatu zituen Bering itsasarteko inuitak, Afrikako legendak, Oscar Wilde, Hans Christian Andersen, Benito Perez Galdos, eta jarraian James Matthew Barriek asmatutako Peter Pan pertsonaiaren istorioaz gogoratu zen, honela laburturik: «Peter Panek leiho batetik behera salto egin du, Darling familiaren etxetik ihes egin nahian. Baina Nanak, txakur handiak, leihoa kolpez itxi eta errotik erauzi du mutikoaren itzala». Peterrek itzalik gabe alde egin behar izan du. «Txakurrak leihoaren kanpoaldean zintzilik utzi nahi du, baina Darling andereak—Wendy, John eta Michael gaztetxoen amak— itzala tolestu eta kontu handiz gorde du kaxoi batean». Gero, Darling jaunari erakutsi dio, «eta hark, ez hotz eta ez motz, erabaki du alprojaren batena dela».

Hitza, garai likidoan

Itzalaren tolesturezmintzatu zen Egia idazlea, baina batez ere hitzaren garrantziaz, ederraz eta ahalmenaz. «Pertsona eta itzala—hitzen ahala— ez dira bereizi ezinak. Horregatik, menturaz, itzala galtzearen beldur bizi izan gara beti».

Twitter, Twitch edo Instagram garai hauetan hitzak zein balio duen hausnar egin zuen. «Hitz-ahalen jokaleku nagusietako bat bilakatu zaigu Twitter. Askorentzat, jokaleku nagusia da. Batzuentzat, erabiltzen duten bakarra. Egokia, sasoi likido honetarako: hitz oso gutxirekin ahalik handiena lortu». Aldi berean iradoki zuen, beharbada, gaur egun jendea ez dela itzala galtzearen beldur bizi: «Are gehiago, galtzeko desiraz ere bizi liteke. Horixe izan liteke transmodernitate lauso honetako marka: itzalik —hitzen ahalik— zabalena lortu, berehalaxe galdu eta prestatu hurrengorako».

Hitzaren eta ahalaren arteko oreka erakusten du literaturak, Egiaren ustez: «Itzala luzarazten eta iraunarazten duten elementu ugari ditu: jolasa, ironia, zorroztasuna, edertasuna, zehaztasuna, aberastasuna».

Gaur eta bihar liburu aurkezpenak, azoka, mahai inguruak, errezitalak eta musika izango dira Literaturiaren egitarauan. Eta literaturaz arduratzen diren bi elkarte omenduko dituzte:(H)ilbeltza eta Galtzagorri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.