James Cook kapitaina eta haren espediziokideak 1770eko apirilaren 19an heldu ziren Australiako kostaldera, Endeavour itsasontzian. Sydneyko badian aingura bota, eta ezezagunak zitzaizkien lurraldeok ikertzeari ekin zioten. Halako batean, beste landare eta animalia batzuen artean, jauziak eginez ihesi zihoan piztia bat begiztatu zuten, ordura arte ikusi gabea zutena. Espedizioko ikertzaileen buruak, Sir Joseph Banks botanikoak, animalia bitxi haren izena zein zen galdetu zien hango biztanleei, eta haiek «Kan ghu ru» esanez erantzun zioten. Eta hala jaso zuen bere kaierean: «Kangaroo». Jakin gabe aborigenen hizkuntzan «ez dizut ulertzen» esan nahi zuela esaldi horrek.
Egiazkoa den edo ez gorabehera, pasadizo hori kontatuz abiatu du Martin Etxeberriak Kangaroo bere poesia liburua. «Bikotekideak esan izan dit ez duela nire poesia ulertzen, eta beti gauza bera erantzuten diot; normala dela ez ulertzea, askotan nik ere mundua ez dudalako ulertzen. Izenburu hori jarri eta anekdota hori hasieran jaso nahi izan nuen, iruditzen zaidalako liburu hau eta poema hauek direla ulertzen ez dudan gauza bati buruz hitz egitea, ulertzen ez dudan ni-ari buruz hitz egitea, eta, halere, ahalegin bat horri ihes ez egiteko, nolabait onartzeko», azaldu du idazleak. Elkar argitaletxearekin plazaratu du bere bosgarren poema liburua dena.
Cook kapitainak eta haren espedizioak bere garaian egin bezala, liburuarekin lurralde ezezagunetara bidaia bat egin duen irudipena du idazleak. Bere barnera begiratu eta bertan dagoena aztertzeko ibilaldi bat. «Ez da hainbeste barruan ditudan gauzak ateratzeko, baizik eta topatzeko; askotan, begiratu nahi ez ditugun gauzak izaten dira, ezkutatu nahi izaten ditugun gauzak». Aurreko lanean, Winston (Elkar, 2018) poema liburuan, norabide horretan «bide bat hasi» zuelakoan da. «Baina, oraingoan, kontzienteago egin dut hori beharbada, edo gehiago ausartu naiz nire itzal edo ezkutuko gauza horiek besarkatzen, nolabait esateko; itzal horiek topatzen eta haiei izkin ez egiten».
Alde horretatik, poemetan badira errepikatzen diren zenbait gai, ideia nahiz irudi; ihesa eta heriotza aipatu ditu idazleak, besteak beste. Eta liburu «nahiko korporala» iruditzen zaiola gehitu du, «azaletik haragira pasatzeko bide bat egiteko ahalegina» egin baitu; hala, gorputza eta biluztasuna sarri ageri direla azaldu du. «Eta infernua ere bai, bere aldaera guztietan. Nolabait, liburua ahalegin bat da nire itzal horiei bisita bat egiteko eta haragi bat emateko; hitzen bidez, itzal horiei gorputz bat emateko, presentzia bat, eta onarpen bat ere bai».
Iluntasuna onartzea
Egilea saiatu da bere «erosotasun eremutik pauso bat aldentzen», eta idazkeran ere nabari dela uste du. «Hasierako liburuetan, nire idazkera igual narratiboagoa zen. Egia da beti bilatu izan ditudala irudi batzuk narratibotasuna pixka bat hausteko, baina liburu honetan iruditzen zait, poema narratibo apur batzuk ere badauden arren, gehiago ihes egiten dela narratibotasunetik, eta, lurralde ezezagun hori bisitatzeko bidean, idazkeran ere badela bide bat datorrenari harrera egiteko».
Hala, estilo aldetik, «pixka bat surrealistagoa, ilunagoa, askotan gordina ere bai» begitandu zaio berari liburua. Anaiari irakurtzeko eman zionean, hark esan zion «tristea» iruditu zitzaiola, baina bera ez da iritzi berekoa. «Nik ez nuke esango tristea denik. Esango nuke badaukala iluntasun puntu bat, baina ez da iluntasun hori paperean jartzea eta kito; banoa beste bide argitsuago batzuetatik: iluntasun hori topatu, izen bat eman eta nire egiteko ahalegin bat da, nire itzal horiek, iluntasun hori, nire beldur, min eta zalantza horiek onartzeko ahalegin bat».
Behin liburua amaituta poema bakoitza berriro irakurri zuela eta zuzenketak ere egin zizkiela azaldu du, baina idazkerari begirakoak izan zirela horiek, ez oinarrian zuten irudiari lotutakoak. «Saiatu naiz hausnarketatik ihes egiten eta sentimendu horiek bere gordintasunean onartzen; ideia edo irudi hori hala etorri bazitzaidan, eta ilun edo gordin atera bazen, bere horretan uzten saiatu naiz».
Ispilu ez den poesia
Literaturaren arlo askotan bide luzea ondu du dagoeneko Martin Etxeberriak, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak gogora ekarri duenez. Xabier Etxeberria anaiarekin tandema osatuta, haur zein gazteentzako hainbat kontakizun ondu ditu, baita helduentzako zenbait lan ere, eta komikietako gidoiak eta podcastak ere landu dituzte elkarrekin. Poesian, ordea, bakarka egin du bere bidea. Katiluaren ipurdia (Alberdania, 1999) izan zuen lehen poema bilduma, eta, geroztik, bost edo sei urtetik behin eman du liburu berri bat.
Etxeberriak poesian «oso bereak dituen estilo bat eta ahots bat» erakutsi duela nabarmendu du editoreak, eta aitortu du zaila egiten zaiola definitzen. Apartekoak ez diren eguneroko gertaerak eta exotikoa ez den hiztegi bat baliatzen dituela azaldu du, baina, aldi berean, ez duela poesia «erraza» egiten. «Esango nuke zauria bilatzera doala eta baduela puntu ilun bat. Interpretatu egin behar da; ez da ispilu bat jartzea, non errealitatea bere horretan islatzen den; beste zerbait bilatzen du, eta poemek badute misterio puntu bat».
Itzalak besarkatzeko bidaia
Martin Etxeberria idazleak bere bosgarren poesia liburua plazaratu du: 'Kangaroo'. Bere barrenean ezkutuan gordetako alderdiak topatzen eta horiei «hitzen bidez gorputz bat» ematen ahalegindu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu