Itxaropenari kantatu dio Patxi Saizek bere lan berrian

Euskal auziari lotutako hitz «konprometituak» eta doinu «intimistak» landu ditu 'Itxaropena' diskoko 11 kantuetan

Patxi Saiz kantaria, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Euskal kantagintza tradizionala eredutzat hartuta hasi zuen bere ibilbidea Patxi Saizek (Getaria, Gipuzkoa, 1965) duela 25 urte, eta tradizio berari jarraitzen dio egun kantu berriak sortzeko. Bere ahotsa eta gitarra ditu oinarri doinu «malenkoniatsu eta intimistak» ontzeko, eta hitz «konprometituekin» osatzen ditu abestiak. Halakoak dira Itxaropena lan berrian jaso dituen 11 kantuak ere, baina, izenburuari jarraituz, esperantzarako mezua helarazi nahi izan du. «Hainbat arazori buruz eta haien lazgarritasunaz hitz egiten badut ere, kantu guztiek dute bukaeran itxaropen mezu bat aterabide nagusi gisa», kantariaren hitzetan. Etzi Antzuolan aurkeztuko ditu kantu berriak, eta Ondarroan, apirilaren 2an.

Aurreko diskoetan bezala, Euskal Herriko egoera politikoaren iraganari eta orainari lotutako kantuak daude lan berrian —esaterako, Basarriren bertso batzuk oinarri dituen Gernika; Luis Mari Lauzirika idazlearen olerki bat (Askatasun ezaren baitan); Herri txiki batekoa naiz, Telesforo Monzonen hitzak eta berak sortutakoak nahasten dituena—. Horiekin batera, «bizitzaren, gizatasunaren edo zorionaren inguruko gogoeta eskatzen duten kantuak» daude, baita maitasuna ardatz dutenak ere. Diskoan lagundu diote Xabier Azkaratek (perkusioa), Juan Luis Aranburuk (soinua eta teklatua), Josu Salegik (oboea) eta Nerea Lasartek (biolina), baita Kemen Lertxundik ere kantuetako batean, harmonikarekin.

Diskoetxeen «bazterkeria»

Hainbat kantu txapelketatanaritua da; Kazkabarra taldean ere ibili zen, eta, horren ostean, 1994an, bakarlari gisa hasi zen Saiz. Bi maketa kaleratu zituen lehenengo, eta, ondoren, Galdetzen (2003) eta Haize urrunak (2005) diskoak. Autoekoizpenaren bideari heldu dio gehien-gehienetan, baita azken lanean ere, diskoetxeen «bazterkeria» dela eta. Haren hitzetan, «denok ez ditugu aukera berak, ez lehen eta are gutxiago orain». «Bazterkeria» hori jasateko, bi arrazoi ikusi ditu. Batetik, zerbait kaleratzeko, diskoetxeen «interes falta» sumatu du. Eta, bestetik, «motibazio ideologiko, politiko edo sozialak» antzeman ditu. Hori dela-eta jo du autoekoizpenera, bere lanak «duintasunez» kaleratzeko.

«Geratzen den kantautore horietako bat da», Juan Luis Aranburu taldekidearen eta Euskal Kantuzaleen Elkarteko koordinatzailearen hitzetan. Kantautore «sendoa» dela iritzi dio, beste hainbat egileren hitzak tartekatuta ere, berak sortzen baititu hitzak eta doinuak gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.