Ituna lotu gabe dago oraindik

Donostia 2016ko 'Bake-ituna' proiektuak Euskal Herriko gatazkarekin loturiko erakusketa zabaldu du Gasteizko Artium museoan. Artelanekin batera, objektuak ere bildu dituzte

Gasteiz
2016ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
ETA erakunde armatuak 2011n iragarri zuen armak behin betiko utziko zituela. Iragarpena alde bakarrekoa izan zen. Geroztik, ez da Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko hitzarmenik izan bake ziurtagiri bat sinatzeko. Horrek guztiak bakearen inguruko kontakizun ofizialik gabe utzi du Euskal Herrian izan den gatazka armatuaren zikloa. Gabezia horiek ikusita, Donostia 2016k bultzatutako Bake-ituna proiektuak gatazkaren gertaera desberdinak azaltzen lagunduko duten askotariko artelan, objektu eta irudiak bildu ditu. Kontakizun instituzionalik gabeko historia honetan esanahiz beteriko obrak bilatu nahi izan dituzte. Gasteizko Artium museoan zabaldu duten 1989. Aljerreko elkarrizketen ondoren. Delirioa eta su etena erakusketa da lan horren emaitza.

Donostia 2016ren, Gasteizko Artium museoaren eta Bartzelonako Antoni Tapies fundazioaren arteko elkarlanaren emaitza da erakusketa. Eta Carles Guerra Antoni Tapies fundazioko presidente eta erakusketaren komisarioak azaldu du zergatik hartu dituzten Aljerko elkarrizketak abiapuntu gisa: «Intentsitate handiko lehen negoziazioak izan ziren, eta ondorengo negoziazio ereduek hura izan zuten abiapuntu».

Guerrak adierazi du kontakizun partekatu eta adostu baten faltan arteak azalpen gaitasun «itzela» daukala. «Artista hauen lanak ez dira indarkeria azaldu nahian gauzatu». Hala ere, haren esanetan, gatazka batek «baldintzaturik» egin dira, dioenez, inor ez dagoelako horren eraginpetik salbu; ezta artea bera ere. Gatazkak pertsonak «traumatizatzen» dituela dio komisarioak, eta hori eguneroko jardun guztietan nabaritzen dela.

Aintzat hartzekoak dira gatazka armatuaren garaiko artelanak. Hori da Guerrak azaldu duena. Dioenez, artelan horiek balio dezaketelako indarkeria eta gatazka bera hobeki ulertzeko. Bildumarako 100 pieza baino gehiago hautatu ditu berak, eta luzea da presente diren artisten zerrenda ere. Erakusketan dira, besteak beste, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Jeff Koons, Jon Mikel Euba eta Iñaki Garmendiaren lanak, adibidez.

Ez dira artelanak bakarrik, hala ere. Erakusketan barneratu ahala, arte piezez gainera, egunkarietako artikulu zaharrak eta objektuak ere ikus daitezke. Eta tarteko bidean dago Ibon Aranberri artista. 1998an egin zuen obra bat bildu du komisarioak. Esne kutxak, pilak edota kristalezko botilak ditu piezak. Eguneroko jardueretan erabiltzen diren objektuak dira guztiak, baina Guerrak azaldu duenez, indarkeria testuinguru batean lehergailuak egiteko material ezinbesteko bilakatzen dira. Komisarioan hitzetan, indarkeria giroak aldaketa garrantzitsuak eragiten ditu, baita objektu uste normaletan ere.

Joan Miro artista kataluniarraren pintura batzuk dira erakusketako beste obra esanguratsuetariko batzuk, Guerraren hitzetan. Zuriz margotutako pintura horiek 1968ko ekainaren 6n plazaratu zituen artistak. Hain zuzen ere, ETAk Jose Pardines guardia zibilaren aurka atentatua egin baino egun bat lehenago. ETAk lehen hildakoa eragin aurreko egunean, alegia. Irudietan zuritasunaren erdian puntu beltz bat ageri da. Komisarioaren arabera, zuritasunak adierazten duen egonkortasun giroan lehen pitzadura adierazten du puntu beltz horrek. Era horretan, obra hori ETAren lehen atentatu gisa irudika daiteke.

«Tiranizidio eskubidea»

Xavier Ribas artista kataluniarraren pintura batzuk dira beste obra garrantzitsuetarikoak, 1973an aurkeztutakoak hauek. Demokratizazioarekin lotutako aldarrikapen batzuk ageri dira bertan, kolore gorriz idatzita. Deigarria da azken esaldia: «Tiranizidiorako eskubidea». Artelana sortu zen urtean bertan Carrero Blanco almirantea hil zutela gogora ekarri du komisarioak, eta horregatik dio gertakari historikoa eta artelana lotuta daudela. Izan ere, obra hori atentatua gertatu aurretik egin zuen.

ETAk aldebakarreko su etena iragartzeko erabili zuen USB giltza da erakusketan ageri den beste pieza esanguratsuetako bat. Objektu hori BERRIA egunkariari bidali zion ETAk. Gerrak nabarmendu du objektu ñimiño batek kasu honetan kontakizunerako daukan ahalmena «handia» dela, eta «altxor» gisako balioa duela.

Azaroaren 1a arte egongo da erakusketa Gasteizen, eta ondoren, Bartzelonako Antoni Tapies fundaziora eramango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.