Literatura

Itsumen baten biluztea

Lumen argitaletxeak, Jorge Luis Borgesen poesia guztia bildu du bilduma bakarrean. Idazlearen armairua eta izakera ikusten da bertan. Ezkutuko altxorra.

Jorge Luis Borges idazle argentinarra (1889-1986).. Z / BERRIA.
Jon Benito.
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Jorge Luis Borges aipatuta, irakurle gehienen lehen lotura haren ipuin eta entseguetarakoa da. Haiekin jaso zuen loria, haiengatik da erreferente, bakar, estilo berezituko idazle. Inork, gaztelaniaz bederen, ez ei du hain estilo bereziturik sortu. Borgesek ia eskola oso bat du, bere epigonoekin, horregatik. Beste hainbat idazleri irakurria beretzat hartu, eta beste ikuspuntu bat ematen zion, hartutakoa modu fantastikoan garatuz eta gaurkotasunera ekarriz fikzioz. Ez litzateke ez justu ez egokia ordea, haren paisaia, aipaturiko narrazio eta saiakeretara murriztea.

Pertsona guztiak direla pertsona bera zioen Borgesek, baina denak ez dira ezaugarri bakarreko eta ertzik gabekoak beti. Borgesen literaturaz ere gauza bera esan daiteke. Joan-etorriak eta abandonu eta berreskurapenak izan zituen bere ibilbidean. Poesiarekiko pasioz hasi zen, baina abandonatu egin zuen gero, berriz, bere egunen amaieran, hartzeko. Gazte garaitako poesia isilarazi nahi izan zuen, bere liburu zaharren zerrendatik ahaztu egiten zituen nahitara bere argitalpen batzuk, heldu zenean: Poesia lotsaizun adina baitzen pasio intimo. Jendeak haren lanak ahatz zitzan nahi izan zuen denbora luze batean. Poesia beretzat zen, eta ez jendearentzat.

Genevan idatzi zituen, I. Mundu Gerraren itzalera, aitak ikusmena galtzear hara mudatu zirenean, expresionismo alemaniarraren eraginpean, lehen poemak. Margolariak bezala, kanpoan ikusten duena jaten du barruak eta barrutik kanpora, liseriketa egin balu bezala idatziz itzultzen du poeta gazteak mundua idatziz. Gerra dute abiapuntu poemok, eta etorkizuna ilun da; beste zerbaiten gogoa du Borges gazteak. Esan dudan bezala, eta, gaztea zenez, ez zen ibaiadarrik gabeko ibaia izan idazlea. Sobieten iraultzak 1917an estetika eta etika berri bat ikusarazi zizkion, eta Espainian (Madril eta Sevillan, batez ere) egindako igaroaldiak Walt Whitman ezagutarazi. Bere poesia tonuz eta estiloz aldatuz joan zen, garaiak aldatu ahala. Bera definitzeko, bere biografoek erabili ohi duten kontzeptu bat oso ederra da: abangoardista antiabangoardista zen Borges, azken batean. 1923an argitaratu zuen lehen poema liburua, Fervor de Buenos Aires izenekoa. Trilogia porteña delakoaren barruan kokatu izan dute, eta, hori, Luna de Enfrente eta Cuaderno de San Martín liburuekin osatzen da. Trilogia amaitu zuenerako oso ezberdina zen Genevakotik, pertsonalki eta idazle gisa.

Poetikaren artea
Begira denboraz eta urez egindako ibaia
eta oroitu denbora beste ibaia dela,
jakin ibaia bezala galtzen garela
eta aurpegiak ura bezala joaten direla.


Esna aldia beste amets bat dela sentitu
amets ez egitearekin amesten duela eta herio
gure haragiaren beldur da beste herio bat baita
gauero, amets deitzen dena.


Egunean edo urtean jendearen
egunen eta urteen sinbolo bat ikusi
urteen laidoa bihurtu
musika, zurrumurru edota sinbolo.


Heriotzean ametsa ikusi, eguzkiaren sarreran
urre tristea, hala da poesia
hilezkorra eta pobrea. Poesia
goizalba eta ilunabarra bezala itzultzen da.


Batzutan arratsean aurpegi batek
ispiluaren hondotik begiratzen gaitu;
arteak ispilu horrek bezalakoa izan beharko luke
gure aurpegia erakusten digu.


Kontatzen dute, Ulisek, mirakuluez gogaiturik
maitasunez negar egin zuela bere Itaka ikustean
berde eta umil. Artea Itaka hori da
betiere berde, mirakulurik gabe.


Ibai amaiezina bezalakoa ere bada.
Badoa eta geratu egiten eta norberaren beira da,
Heraklito aldabera, bera baita
eta bestea, ibai amaiezina bezala.


Abangoarditik klasizismora, ausardiatik hoztasun akademikora. Borgesen poesia bera eta bestea, ibaia eta mendia da, aldi berean eta historian. Ultraismoaren metafora konplexua eta definizioaren zehaztasuna nahasten ditu. Bere hasiera eta garapena. Trilogía porteña-ko poemak, azken batean, izan zenaren eta izango zenaren arteko gatazka batetik sortutakoak dira: konplexutik sinplerako ahalegina egiten ari da, hizkuntza arazten ari da, irudiak sotilagoak dira. Lehenengo poemetan Buenos Aires, bere itzulera hirira, gogoan zuen haurtzaroko urbearen eta ikusten duenaren arteko ezberdintasunak, eta, hango iluna baditu jopuntuan, gerora mundua eta irakurleak ditu helmuga. Koordenatuak aldatu egin dira. Hobe da ume garaitik gordetzen duen Buenos Aires horretan bizi eta ez ezagutzen duenean. Hobe urruti, hobe liburuetatik ezagutu mundua, hobe irudikatu eta gogoratu, benetan bizi bainoago.

Antologiako poeta minor bati
Non da egunen memoria?
Zeureak izan baitziren lurrean eta ehundu zuten
zorionez eta minez eta izan ziren zuretzat unibertsoa


Urteen ibai zenbagarriak
galdu egin ditu; hitz bat zara zerrendan.


Besteri eman zioten jainkoek loria amaiezina,
idatziak eta txanponak eta monumentuak eta historialari jakin batzuk;
zutaz, soilik, lagun ilun hori, arrats batean,
erresinula entzun zenuela besterik ez dakigu.


Itzaletako anbulo artean, zure itzal lausoak
jainkoak zikoitzak izan direla pentsatuko du.


Baina egunak miseria jostarien sarea dira,
eta izango ote da ahaztura sortzen duen
errautsa baino zorte hoberik?


Besterengan jaurtiki zuten jainkoek
loriaren argi errukigabea,
erraiak begiratu eta arrakalak zerrendatzen dituena,
loriarena, gurtzen duzun
larrosa zimeltzen amaitzen duena;
zurekin gupida gehiago izan zuten, anaia.


Poeta liriko edo poeta intelektuala izatearen artean hautatu behar zuela zioen Borgesek Verlaine parafraseatuz. Goi mailakoak soilik batu zitzaketela bi joerak, baina berak bere burua ez zuela izarretarako eta poeta intelektuala gisa ezaugarritu zen bera. Eta hala, hasierako Buenos Aireseko deskribapen eta maitasun istorioetatik, poesia erreflexibo batetarako garapena ikusten da Lumen argitaletxeak argitaraturiko Poesía Completa liburuan.

Aldaketa hori ez da erabaki estilistiko kontziente eta hotz bat soilik. Isiltasun luze baten ondoren gertatzen da: Cuaderno de San Martin 1929an argitaratu bazuen, handik hurrengoa 1960an argitaratu baitzuen. Hiato lirikoa deitu zioten gero ikerlariek, poema libururik argitaratu ez zuen 30 urteko desertu horri. 1938an etxean istripua izan zuen: ezer ez zirudien buruko zauria gaiztotu egin zitzaion eta hil ala bizi egon zen. Osatu zenean ere, bere buru gaitasunak bere horretan zirauen zalantzak zeuden, eta horregatik, ordura arte idatzi ez zuen bezala idazteko ardura eman zion bere buruari. Buru hartatik atera zen Pierre Menard, Kixotearen egile ipuina (irakur mesedez, Juan Garzia Garmendiaren itzulpenean: Ipuin hautatuak, Ibaizabal, 1998) eta baita ondorengo poesia ere, 1960an, aipatu bezala, El Hacedor-ekin hasten dena. Bitartean, poetikaren isilaldi hartan, bere prosa berezi hori lehertu zen, poesiaren itzala izango zuena, nola bestela.

Zahartzen, zauritzen, biluzten

Buru-kolpea, prosa, El Hacedor. Egile bera zen, baina ezberdina. Hasierako gaiek jarraitzen zuten, baina beste era batetara heldu zituen. Sinbolo berriak ere bazituen: labirintoa, ispilua, tigreak, ezpatak eta labanak (bere antzinakoen iragan militarrari erreferentzia eginez), katamaloak... baina batez ere, begi batetik ikusteko ezintasuna zuen eta medikuek ezarri zioten idazteko eta batez ere irakurtzeko debekua. Memoriaz sortzera behartu zuen horrek. Gogoratzeko errima gehiago erabiltzera. Idazle bat baino hurbilago zegoen ahoz, bat-batean, erritmoaren doinura asmatzen duen bertsolaritik. Bere barruetatik eta memoriatik errezitatzen ditu poemak. Sentitzen duena eta irakurritakoaz oroitzen duena. Bere koraza intelektuala erortzen irakurtzen du irakurleak aurrerantzean. Biluzten bezala, Borges zaurgarri bat ikusten da atzean. Etikaz eta zahartzeaz hitz egiten du, bere ahuldade eta bertute gero eta maiztuagoez. Gero eta intimistagoa da, itsutasunak kanpora begiratzea oztopatzen dionez, barnera begiratzea beste aukerarik ez balu legez. Eta karakolaren oskola bezala, barrutik kanporantz hasiko da, baina gehiegi hasi ezin duela jakinda, bere izaera gehiegi zamatuko lukeelako, edota tipula bati azalak eranztean bezala, nabarmenegi edo ezertan geratzeko arriskua duelako.

Bere poema antologia hau bere tripetan, literalki, ibiltzea bezala da. Bere hastapenak eta azken minak ezagutzea, ia intelektualismorik gabe, bere garapen osoan. Borges bere horretan, pertsona guztiak pertsona bera direla pentsatuz, baina direferenteak garela sinetsiz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.