Itsasun egingo dute Irailekoak poesia jaialdia aurten

Lekeition egin zuten lehen edizioa iaz, eta Lapurdira eraman dute orain programa. Euskaltzaindia da antolatzailea, eta irailean emango du programa zehatzaren berri.

Lekeition iaz kalean jarritako poema bat, Walt Whitmanena. EUSKALTZAINDIA
Lekeition iaz kalean jarritako poema bat, Walt Whitmanena. EUSKALTZAINDIA
Inigo Astiz
2024ko maiatzaren 17a
12:02
Entzun

Hamabost urteko ibilbidearen ondoren, 2018an eman zituzten bukatutzat Eako Poesia Egunak. Ean (Bizkaia) egiten zituzten uztailero, eta Herriari Emon Arnasa elkartea arduratzen zen haiek antolatzeaz. Hutsune hori ikusirik, Irailekoak izeneko poesia jaialdia jarri zuen martxan iaz Euskaltzaindiak. Hasieratik iragarri zutenez, ordea, ez dute festibala urtero leku berean egiteko asmorik, eta, horregatik, Itsasun (Lapurdi) egingo dute aurtengoa.

Egun eta erdiko programa izango dela aurreratu dute oraingoz. Irailaren 28an, egun osoz, eta irailaren 29an, goizez. Euskal poeten lana gizarteratzea da helburua, baina nazioarteko poetak ere izango direla esan dute.

Poemak erakusleihoetan

Hitzaldiak eta irakurraldiak izango direla ere azaldu dute, baina irailean emango dute programa zehatzaren berri. Oraingoz, Itsasun poesiari «presentzia handiagoa» emateko, hainbat poetaren bertso lerroz jantziko dituzte herriko erakusleihoak. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga eta Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira.

Oraingoan, Itsasuko Herriko Etxearekin, Euskal Kultur Erakundearekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean antolatu du egitaraua Euskaltzaindiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.