Bihar hasi eta igandean bukatuko da Errobiko Festibala. Jaialdiaren 27. aldia izango da aurtengoa, eta, urtero bezala, oraingoan ere diziplina desberdinetako artistek hartuko dute eszenatokia. Musikaz, dantzaz eta hainbat topaketaz gozatu ahal izango du publikoak lau egunez, Orkestra osa lelopean, eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, festibaleko «aktore» bihurtuko dira ikusleak. Red Desert Orchestra, Dje Baleti & La Vespa Cougourdon, Hors Serie, Etenesh Wassie Hirukotea, Kimilia Kantari eta Reder Nouhaj dira Itsasun (Lapurdi) joko duten artistetako batzuk. Emanaldi horiez gain, eszena irekiko saioek itxiko dituzte osteguneko, ostiraleko eta larunbateko gauak, gauerdian, Atharriko oihal etxean.
Bihar 17:00etan hasiko da festibala, aurkezpen ekitaldi batekin, eta, horren ostean, 19:00etan, mokadutxo bat egiteko aukera izango da. 21:30etik aurrera hasiko dira kontzertuak, Atharriko gelan, eta Kimu txalaparta taldeak joko du lehenik. Txomin Dhers eta Sergio Lamuedra txalapartariek osatzen dute bikotea, baina, biharkoan, Kimilia Kantari abesbatzarekin partekatuko dute eszenatokia. Zoe Perret, Zura Andguladz eta Koka Khijakadz dira abesbatzako kide nagusiak, baina haiek ere beste abeslari batzuk izango dituzte biharkoan laguntzaile: Julen Axiari, Beñat Axiari, Claudine Arhancet, Bixente Etxegarai eta Colinne Florence, esaterako. Antolatzaileen arabera, inoiz ez bezalako «topaketa indartsua» izango da.
Nout taldeak itxiko ditu lehenengo eguneko kontzertuak. Delphine Jousseinek, Rafaelle Rinaudok eta Blanche Lafuentek osatzen dute taldea, eta rock eta jazz doinuak lantzen dituzte gehienbat. Txirularen, harpa elektrikoaren eta bateriaren soinuekin jolastea gustatzen zaie, eta «energiaz beteriko musika» sortzen dute instrumentu horiekin. Ametsen mundua eta energia sutsua eskainiko dizkiete biharkoan entzuleei.
Hurrengo egunak
Musikaz beteriko solasaldiak izango dira ostiraleko eta larunbateko lehenengo eskaintzak. 15:00etan hasiko dira, Zabaloan, eta jaialdiko artistek eta bertaratutako entzuleek elkarrekin hitz egiteko aukera izango dute orduan. Aurtengo leloaren harira, orkestra osatzeko moduen inguruan eztabaidatuko dute lehenik eta behin, eta indibidualismoaz eta kolektibitateaz arituko dira gero. Reder Nouhajek, Aedesek, Hors Seriek eta Aztarnak-ek hartuko dute parte ostiraleko saioan, eta Rokhs, Etenesh Wassie Trio, Eve Risser & Red Desert Orchestra eta Dje Baleti & La Vespa Cougourdon izango dira larunbateko jardunaldian.
Kontzertuei dagokienez, ostiraleko lehenengoa Reder Nouhajek emango du, 17:00etan, Atharriko oihal etxean. Askotariko folkloreak nahasten dituen «gizaki ezezaguna» da, eta Kaukasoko herrialdeetako tradizioak eta Bulgariako ohiturak ditu bere ikuskizunak oinarri. Inork ez daki nondik datorren, eta ile luzez eginiko jantziak eramaten ditu maiz soinean. Egin nahiko lituzkeen bidaien inguruan arituko da ostiralean bere musikarekin, eta biolina joko du. Lutxi Axiari eta Thomas Baudoin musikariek sortutako Aedes taldea igoko da Nouhajen ostean oholtzara, eta «musika hipnotikoa» eskainiko diote publikoari.
Hors Serie eta Aztarnak taldeek egingo dituzte ostiraleko azken emanaldiak, 21:30ean. Ekialdeko dantza tradizionalak eta mendebaldeko dantza urbanoak nahasten dituen koreografia prestatu du lehenak: Yellel. Sei dantzari arituko dira oholtza gainean, eta Hamid Ben Mahik zuzenduko du ikuskizuna. Aztarnak taldeak, berriz, Euskal Herriko mitologia gerturatuko dio entzuleari, musika tradizional eta herrikoiaren bitartez. «Bidaia mistiko bat» eskainiko dute.
Larunbatean ere 17:00etan hasiko dira kontzertuak. Rokhs bikoteak Persiako abesti tradizionalak kantatuko ditu lehenengo; Sogol Mirzaeiek lautea joko du, eta Hossein Radek jarriko dio ahotsa haien musikari. Etiopiako musika tradizionalari helduko dio ostean Etenesh Wassiek. Berarekin joko dute Mathieu Sourisseau gitarra jotzaileak eta Sebastien Bacquias kontrabaxu jotzaileak.
Red Desert Orchestrak eta Dje Baleti & La Vespa Cougourdonek eskainiko dituzte Errobiko jaialdiko azken kontzertuak, larunbatean, 21:30ean, Atharriko gelan. Europako eta Afrikako musikariak biltzen ditu lehenengo taldeak, eta jazza eta Afrikako erritmoak bateratzen dituzte beren musikan. Dje Baleti & La Vespa Cougourdonek, berriz, Karibeko, Afrikako eta Okzitaniako musika erritmoak lantzen ditu. Ohi bezala, haien ikuskizunak inauteri itxura hartuko du larunbatean beste behin ere.
Ibilaldi artistikoa
Jaialdiari amaiera emateko, gainera, ibilaldi artistiko bat antolatu dute iganderako, 11:00etan. Errobiko Festibalean joko duten artistak eta publikoa berriz ere elkartzeko aitzakian urtero antolatzen duten ekintza da.
Itsasuko amildegietara autoz joango dira, herriko haurtzaindegitik abiatuta, baina bertan zer egingo duten oraindik ez dute aurreratu. Hori bai, ibilaldian parte hartu nahi dutenei edaria nahiz janaria eramateko eskatu diete. Gainerako guztia inprobisazioan oinarrituko dute.
Itsasu, berriz ere orkestra osatzeko prest
Bihar hasiko da Errobiko Festibala, Itsasun, eta igandera arte iraungo du. Dje Baleti, Etenesh Wassie eta Reder Nouhaj artistak izango dira aurten, beste askorekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu