Itsasoaz bestaldera ikasitakoak

Kultura gutxituak ardatz, sormen lan bana garatzen ari dira Sophie Stephenson eta Uxue Arzelus, Tosta proiektuarekin. Donostian da bata, eta Galesen izan da bestea

Sophie Stephenson eta Uxue Arzelus, Tosta proiektuaren parte hartzaileetako bi, Donostia 2016 kultur hiriburutzaren egoitzan, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Ez da irudi ohikoa, baina Kontxako hondartzan eskoziar dantza tradizionalak dantzatzen ari zen neska bat ikusiko zuen inork atzo goizean. Sophie Stephenson zen, egunotan Donostian eta inguruetan dabilen dantzari eskoziar gaztea. Euskal kulturaz ikasteko baliatzen ari da bere egonaldia, ondoren bere kulturarekin lotuta, sormen lan bat gauzatzeko. Denbora epe bera eman zuen Galesen Uxue Arzelus donostiarrak, hango hizkuntzaren eta euskararen arteko lotuneak bilatzen. Ikus-entzunezko lan batean bilduko du orain egonaldian egindako lanaren emaitza. Kultura eta hizkuntza gutxituen arteko harremanak, parekotasunak eta aldeak beren begiekin ari dira ikusten biak, eta sortzeko baliatuko dute esperientzia. Horixe baita Donostia 2016k sustatutako Tosta egitasmoaren helburuetako bat: hizkuntza eta kultura gutxituetako artisten arteko trukeen bidez, sormen lan berriak ontzea eta komunitate horietan erakustea.

Arzelusek zinema zuzendaritza ikasi zuen, Bartzelonan, eta ikus-entzunezko lan bat ontzeko ideiarekin joan zen Galesera, Machynlleth udalerrira. Sei astez, bertako hainbat galesezko hiztun elkarrizketatu zituen —ingelesez lehenik eta galesez gero, itzultzaile baten laguntzaz—, eta Euskal Herrira itzultzean, gauza bera egin zuen hainbat euskal hiztunekin —Andoni Egaña, Kirmen Uribe eta Anne Etxegoien, tartean—. «Galdera berak egin nizkien denei: zer sentitzen duten hizkuntza gutxitu bateko hiztun gisa, zein abantaila eta desabantaila dituzten, zer etorkizun ikusten dioten hizkuntzari, ea erantzukizun bezala sentitzen duten...». Eta batean nahiz bestean, «gehienek erantzun berak» eman zizkiotela nabarmendu du; askotariko iritziak jaso dituela, baina herri batetik bestera errepikatu direla gehienak.

Ikus-entzunezkoaren muntatze lanetan dabil orain, eta ekainean aurkeztuko du, Galesen, Tosta proiektuaren barruan egingo den jaialdian —Kornuallesen ere beste jaialdi bat izango da—.

Zinemaren mundutik ez badator ere, Stephensonen egonaldiaren emaitza ere ikus-entzunezko lan bat izango da. Fort Augustus udalerrian jaioa da, Ness lakuaren ertzetan, Eskoziako Highlandsetan. Skye irlako Sabhal Mor Ostaig eskola gaelikoan hasi zen dantzaren munduan murgiltzen, eta Kanadara, Eskozia Berrira jo zuen gero, bere ikerketan sakontzeko. Izan ere, han diasporak eutsi egin zien Eskozian galduak ziren zenbait dantzari; haiengandik ikasi zuen dantzan gazteak, eta dantza haiek Eskoziara eramateko lanean dabil orain. Dantza eta doinu gaelikoak jorratzen dituen Huradal taldeko kide, interes berezia du lengoaia, musika, kantu eta dantzaren arteko lotura erritmikoetan. Begirada horrekin iritsi da Donostiara. «Ideia da hemengo kantu tradizional erritmiko bat topatzea eta nire dantzarekin nahastea, dena grabatzeko».

Oraingoz, gehiago ezagutu ditu euskal dantzak, kantuak baino. «Horrek laguntzen dit erritmoak ulertzen. Izan ere, euskal dantzak polierritmikoak dira, eta eskoziar musikarekiko ezberdina da hori, kantu gaelikoak erregularragoak baitira». Orain, euskal dantzak zein musikarekin egiten diren aztertzen dabil. Izan ere, bere lanean zein kantu erabili pentsatzen ari da orain, eta uste baino gehiago kostatzen ari zaiola dio. «Ez dakit euskal dantzarako erabiltzen den kantu bat baliatuko dudan, ala oso erritmikoa den euskal kantu bat, esaterako, haurren kantu bat». Ondoren, doinu horrekin dantzatuko da, eta leku ezberdinetan grabazioak egitea da haren asmoa. Irailean aurkeztuko du film laburra, Errenterian egingo duten Atlantikaldia jaialdian.

Ezagutza, lehen pausoa

Bilaketa lan horretan, baina, lehenik euskal kultura ezagutzen dabil Stephenson. Errenteriako Niessenen (Gipuzkoa) Kukai taldeak duen entsegu lokalean jarri du kanpamentu nagusia, eta handik, hara eta hona ibili da Euskal Herrian daramatzan bi asteetan; Benito Lertxundiren eta Aiko taldearen emanaldietan izan da, baita Herri Urratsen ere. Perkusioagatik eta, bereziki, txalapartagatik zuen interesa, eta Sabin Bikandiren eskutik ezagutu ahal izan du. «Hasieran, nire piezan txalaparta jo nezakeela pentsatu nuen; baina, gero, ideia zoro bat izan nuen: txalapartaren gainean dantzatzea. Ziurrenik, txalaparta oinak erabiliz jo duen lehen pertsona izango naiz munduan!», dio barrez. «Segur aski ez dut piezan sartuko, baina ideia garatzeko balio izan dit». Euskaltegira joatekoa zen atzo arratsean, lehen euskara klasea hartzera.

Iritsi aurretik euskal kulturaz deus ez zekiela aitortu du Stephensonek. Berdin Arzelusek Galesko herriaz. Eta harrituta geratu zen donostiarra, han kontrakoa topatzean. «Lotsa ere pasatu nuen, jendeak pila bat baitzekien Euskal Herriari buruz... baten batek euskaraz ere hitz egin zidan! Horrek asko harritu nau». Stephensonen irudiko, «estereotipoez harago», eskoziar kultura ere ez da ezaguna euskal herritarrentzat. Kontxan dantzan ari zela, irlandarra ote zen galdetu zion atzo baten batek, dantzek badutelako antzekotasunik. «Erreferendumagatik begiratzen diote Eskoziari euskal herritarrek, hizkuntzagatik baino gehiago». Halere, interesa nabaritu du gaelikoaren inguruan.

Hain zuzen, biek sumatu dute parekotasunik herri bakoitzeko hizkuntzaren egoerari dagokionez. «Bertako egoerarekin zenbat antzekotasun ikusi ditudan harritu nau gehien», dio Arzelusek. «Adibidez, han azaldu zidaten eskolan galesez hitz egiten zutela txikiek, baina adin batetik aurrera gehiago jotzen zutela ingelesera, guay-agoa delako; gauza bera gertatzen da hemen gaztelerarekin». Stephensonek azaldu duenez, bere aitona-amonen belaunaldian, gaelikoa etxean hitz egiten zen, baina debekatua zegoen eskolan. Eta han nahiz hemen, bietan hizkuntzaren berreskuratzean eskolak eta komunikabideek duten garrantzia baieztatu du. «Hemen denek dakite gazteleraz, eta han denek dakite ingelesez, baina hautu bat dago euskaraz zein gaelikoz hitz egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.