Itsasoaren eskultorea

Ricardo Ugartek itsasoari lotutako eskulturak eta obra grafikoak batu ditu Untzi Museoan zabaldu berri duen erakusketan, Donostian

itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Lurrekoa ala itsasokoa izateak, batak ala besteak jarrera ezberdin bat ematen dio gizakiari «existentziaren aurrean». Hala uste du Ricardo Ugarte eskultoreak (San Pedro, Pasaia, Gipuzkoa, 1942). «Eta itsasoak ikuspegi oso zabal bat ematen du. Gure idazle lagun batek behin esan zuen kuriosoa dela euskal eskultoreak itsas portukoak izatea, eta arrazoia zuen: Jorge [Oteiza] Oriokoa zen, Nestor [Basterretxea] Bermeokoa, Remigio [Mendiburu] Hondarribikoa, [Eduardo] Txillida Donostiakoa eta hemen dagoen hau San Pedrokoa». Bost horiek izan ziren Eskulturaren Euskal Eskolako kideak, eta Ugarte da bizi den bakarra; eta, bosten artetik, itsasoaren iruditeria gehien landu duena. Julia Otxoa idazleak eman du hurbilpena: «Bere obraren %90 itsasoaren inguruan eraiki du». Erakusketa zabaldu du orain Ugartek Donostiako Untzi Museoan, eta hori du, hain justu, helburu; itsasoak Ugarteren ibilbidean izan duen pisua nabarmentzea. Hortik izena: Itsasbide eskultorikoa. Irailaren 30era arte egongo da zabalik.

Museoko ganbara hartu dute artistaren altzairuzko eskulturek, eta brankak, mutiloiak, aingurak eta bestelako itsas elementuak biltzen dira. «Nire eskulturaren pintzelkada bat ematen du honek», aipatu du Ugartek berak. Tamaina handiko eskulturen maketak dira zenbait pieza —Tajamar (2001), Ancla (1984), Castillo de popa (1994)...— eta bere horretan neurri txikiagoko eskulturak dira besteak —Ancla del norte (1984), Triple noray (1973)...—. 1970eko hamarkadakoak dira zaharrenak, egin berriak azkenak.

Blas de Lezoren omenezko eskulturaren maketa da denetan berriena. Eskulturak berak sei metro izango ditu eta Pasaiako lonjan kokatuko dute, ondo bidean, urtea amaitu aurretik. «Blas de Lezo gure almirante handia da. Cartagenan hil zen, ingelesen aurka borrokan». Bela bat da, soila, eskultoreak urteekin egin duen «sintesi prozesuaren» emaitza. «Beti iristen da une bat hasten zarena elementuak kendu eta kendu. Sintetizatzen zoaz eta soilenean geratzen zara: bi planok puntu batean bat egiten dute, eta branka bat daukazu».

Publikotik gertu

Eskultura espazio publikoan egotearen aldekoa izan da beti Ugarte. Lan asko ditu han-hemen: Lasarten eta Pasaian (Gipuzkoa), Donostian, Leganesen (Espainia)... «Ikerketa bat egin zuten behin, eta esan zidaten obra publiko gehien duen eskultorea nintzela». Eta garrantzitsua iruditzen zaio hori: «Obra kalean egon behar da, publikoak ikusi dezan, hausnartu dezan. Jendea ez da joaten erakusketetara, baina kalean aurkitzea bestelakoa da. Esaterako, Mendeurren plazako [Donostia] moduluen piezak identitate bat ematen du, eta koordenatubatzuk markatzen ditu».

Untzi Museoko ganbaratik at dauden beste bi eskulturak ere osatzen dute, hala, erakusketa. Museoaren atarian dago bata, Se yergue sobre el paisaje izenpetua, eta Nautiko klubaren inguruan bigarrena, La proa del silencio. «Islarako txaluparako txartelak hartzeko kabina zegoen lekuaren aurrean», zehaztu du.

Bere ibilbideak elementu baten gaineko serieak ugari direla aipatu du artistak, baita itsasotik apartekoek ere. Beti itzultzen da itsasora, ordea: «Batez ere, brankak landu ditut. Eta espazioan esku hartzeak, hutsuneak eta erdibideko espazioak sortzea». Zirkulu hutsak dituzte pieza askok, itsasontzietako idi begiak gogora dakartenak. «Funtzio praktikoa ere badu; pieza jartzerakoan, hortik amarratu daiteke, itsasontziak portuan amarratzen diren eran».

Obra grafikoa

Ugarteren obra grafikoaren lagin bat ere eraman dute Untzi Museoko ganbarara. Ale gutxi, «espazioa ez itotzeko», baina nahikoa, artistaren ustez, bere obra grafikoaren «pintzelkada bat» emateko. Paper artisau sendo batzuetan egindako marrazkiak dira, errotuladorez egindako trazuekin eta kafearekin egindako «iradokizunekin». Ugarte: «Beti erabili izan dut kafea orria zikintzeko, gardentasuna ematen du». Ia irudi denak daude eskulturekin harremanetan, eta, beraz, itsasoarekin. Letrak ageri dira askotan, eta «poesia bisuala» lantzen duela azaldu du, eta horren barruan «letrismoa», aldaera modura.

Artistaren bizi esperientziaren eta sormen lanaren inguruko ikus-entzunezko bat ere ikus daiteke erakusketan, zeinetan eskulturaz hitz egiten du artistak, baina baita marrazkiaz, argazkiaz eta poesiaz ere. Argitalpen batekin ere lagundu dute erakusketa.

Lanean jarraitzen du egun Ugartek. «Geratu gabe lanean», dio. Liburu bat du orain esku artean: Singladuras deituko da, eta Ugartek han-hemen idatzitako testuak bilduko ditu; katalogoetako hitzaurreak, prentsako artikuluak eta bestelakoak. «Ni neu izan naiz lehena harritzen materiala ikustean; ez nuke esango hainbeste nuenik idatzita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.