Artearen lekuak. Zarauzko itsas pasealekua

Itsasoaren ekuazioa

Elena Asinsek formula matematiko gisa sortu zuen Zarauzko malekoian dagoen eskultura. Harrizko kubo baten desegitea eta berregitea irudikatu zuen.

Gaztetxo bat, Zarauzko itsas pasealekuan, Elena Asinsen Canons 22 eskulturako piezen gainean jauzika. MIKEL AGIRRE ETXANIZ.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Zarautz
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Larrepetit urdin maskaratu bat, eguzki galgatan parkour egiten, kostan. Erraz hasieran, zalantzati gero. Gelditu ere egin da tarte batez. Harri hauek berdinak dirudite lehen begiratuan, baina ez. Kubo bat da abiapuntua: metro bat garai, metro bat zabal, metro bat sakon. Eta metro bat harantzago, beste kubo bat, puska baten faltarekin. Eta beste metro bat harantzago, beste kubo bat, are puska handiagoaren faltan. 72 pieza guztira, 143 metro luze, lerro zuzenean. Eta larrepetit urdina hor, zango bat harririk txikienaren gainean, bestea airean, hurrengo jauzian oina non pausatu pentsatzen. Ailegatu da azken harriraino. Malekoira jauzi egin, eta lasterka alde egin du beste norabait.

Larrepetitik gabeko panorama: lau marrarekin egindako leiho bat. Itsaso berdekarak marra horizontal bat markatzen du goian; malekoiaren zoru gorriak bestea, behean, paraleloan; eta biak lotuz, perpendikularrean, ekaitz egunetako zeru koloreko kubo bana, zut, ezker-eskuin. Plaiako postal bizidunei begiratzeko markoa: ume txikia besoetan duela haur kozkorragoaren atzetik hondarretan harantz eta honantz dabilen emakumea, neoprenozko jantzia eranzten ari den igerilaria, ogitartekoa lasai arraio jaten ari den gizona, ur ertzean pasieran dabilen jende maskaratuaren joan-etorria... tarteka, goiko marra hausten du arraun surfa edo piraguismoa egiten ari den norbaitek.

Leihoaren malekoiko aldean, begiluzearen eta markoaren arteko espazioa zeharkatzen dute ibiltariek, beste dimentsio bat erantsiz ikuskizun dagoenari. Bikote gaztearen txakurrak gogotsu usaindu du, esaterako, leihoaren ezkerreko zutoin lanak egiten dituen kubo ertzeko orban iluna; ezker hanka altxatzen hasi ere egin da, bere gernu arrastoa uzteko asmoz, baina nagusiak tira egin dio katetik, eta negar txikian joan da, bozgorailuetatik lau hizkuntzetan errepikatutako mezua momentuaz jabetu bitartean.

Hitzek ere zeharkatzen dute plano hau, jakina. Espainiera batua entzuten da gehien estanpotako aktoreen ahotan. Euskara ere, dezente. Frantsesez ari dira pare-parean gelditu eta itsasoari argazkiak ateratzen hasi direnak. Bandera berdea astintzen ari da brisa. Olaturik ez dago ia.

Lerro paraleloa

Goia jo du mareak, hondartzarako sarrera guztiak itxi dituzte sarrerazainek. Plaiara jaitsi nahi eta ezin duen jendea ilara egiten hasi da, kuboekiko paraleloan. Ongi etorri Koronabirus Basque Region-era. Ume txikia eskuineko harriaren gainean eseri du gizonak, eguzki krema paparrean lasai zabaldu ahal izateko; aldameneko harriaren gainean etzan da neskato beltzarana; bi kuboren artean sartu eta elkarri hortzak garbitzeko keinua egin du bikoteak, maskara soinean dutela ahaztuta.

Ilara hasieran dagoen gona urdineko emakumearen aulki tolesgarriak tapatzen du lurrean dagoen karteltxoa: «Zarauzko Eskultura Saria. 1996. Bigarren saria. Egilea: Elena Asins. Titulua: Canons 22. Teknika: Granito berdea». Kartelak ez dio ezer granito puskon jatorriari buruz: Brasildik ekarriak dira, Bahiatik. 120 tona, guztira. Olatu geometriko bat osatuz, lehorretik itsasoa ikusteko dozenaka talaia irekiz ertz grisekin.

1997tik dago hemen lan hau. Honela azaldu zuen Elena Asinsek (Madril, 1940 - Azpirotz, Nafarroa, 2015), aurkezpenean: «Oso lan umila eta sinplea da, nahiz eta ibilbide luzea daukala dirudien. Lana horizontala da, itsasoa ere hala baita. Itsasoaren kadentziari laguntzen dion orkestra moduan ikusten dut». Canons 22 proiektuaren parte gisa deskribatu zuen. Ordenagailuz landu zuen proiektu hori, «eta horren aldaera bat izan da hiru dimentsiotan egitea».

Asins bazen nor Zarautzen bere obra jarri zuenerako: Paris, Stuttgart, Madril eta New Yorkeko unibertsitateetan ikasia zen; Castilla 63 taldean eginak zituen bere lehen lan publikoak; 1967an hasia zen konputazioa erabiltzen sormen prozesuan. Kalkuluaren teoriaren eta algoritmoen bidea urratzeari sekula ez zion utzi. Hemengo hauxe da horren adibide garbia. «Kubo batez hasi eta amaitzen den ekuazio matematikoa da lan hau. Obrak espazioa betetzen duen neurrian, bere elementuak handitzen eta ugaritzen diren neurrian, erdiko espazioa hustu egiten da. Izan ere, periferia da aldatzen eta zabaltzen dena, eta energiak beti berdin jarraitzen du. Hutsunea da periferiaren sortzailea», artistaren arabera.

«Sar zaitezkete», esan du sarrerazainak. Hondar hartzeko baimena entzun orduko, desegin da jende ilara, hutsune periferia sortzaileak agerian utziz. Hamaika eguzki galga eta ekaitz ezagutu ditu eskulturak 1997tik hona 2014an, olatu bortitzek puskatu egin zituzten ilarako harri zenbait. Eta txakur zein pertsonen txiza parrastadak, eta itsasoari begira orduak egindako jendearen eguneroko ukitua. Larrepetitak ere bai. Hor dator atzera lehengo urdina, lagunarekin oraingoan. Jauzika hasi dira, periferiatik erdigune hutsera.

«Mundu perfektu bat sortzea da nire anbizio bakarra, kaosik izanen ez den leku bat, non zenbakiek eta matematikek inguratzen gaituen zaratatik babesten lagunduko nauten», zioen Asinsek. Ez margolari, ez eskultore, ez idazle gisa definitzen zuen bere burua, baina eskultura, poesia, bideoa, marrazkia eta instalazioa landu zituen. «Nik nire lanean sortu nahi dudan mundua librea nahi dut, purua. Arnasa hartu ahal izateko aukera izan behar du». Esanahi berezia hartzen dute haren hitzok, zenbakiak zarataren parte eta maskarak arnasaren ekuazioko aldagai bihurtu diren garaiotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.