1982 eta 1988 bitartean sortu zituzten Justin Hiriart marinelaren abentura istorioak Gregorio Muro Harriet idazle donostiarrak eta Cartagenako (Espainia) Francisco Fructuoso marrazkigileak. Bost kontakizun dira orotara; bost komiki ale. Guztiak aurrez argitaratuak dira euskaraz, hainbat euskal idazlek gaztelaniatik itzulpenak eginda: lehen hirurak Erein argitaletxearekin, eta beste biak Ipurbeltz aldizkarian. Orain, ale guztiak bilduma bakar batean argitaratu dituzte, Justin Hiriart izenburuarekin; euskaraz Ereinekin, eta gaztelaniaz, idazleak berak sortutako Harriet argitaletxearekin. Ale bakoitzak 46 orrialde ditu, eta guztiak liburu bakar batean jasota, tapa gogorreko liburu mardula osatu dute. Muro Harrietek uste du Justin Hiriart Euskal Herriko komikigintzan esangura handiko pertsonaia dela, eta «betirako» finkatu nahi izan dute argitalpen honen bidez. «Edizio honekin klasiko bat bilakatu dugu».
Ipar Euskal Herriko marinel batengan oinarritutako pertsonaia da Justin Hiriart. Balea arrantzaleen gaiak asko erakartzen zuen idazle donostiarra, eta pertsonaia erreal bat hartu, eta komiki serieko protagonista bihurtzea otu zitzaion. Ilustratzaileak ere badu itsasoarekiko loturarik. «Nirekin beti joan behar du itsasoak». XVII.mende hasieran jazotakoak dira liburuak jasotzen dituen itsasoko abenturak —1605 eta 1612 bitartean—. Hegoaldean balea arrantzaleak izan baziren garai hartan, baina Iparraldean gertatu ziren gatazkek erakarri zuten idazlea, batez ere.
Idazten eta margotzen hasi aurretik, dokumentazio lan bati ekin zioten Fructuosok eta Muro Harrietek, garai hartako Ipar Euskal Herriko marinelen kontuen berri izateko. Gatazka «interesgarri» ugari deskubritu zituzten, eta ohiko abenturazko komiki sortaren parte egin ere bai egiazko gertakariak.
Arrantzaleek itsasontzian nola lan egiten zuten erakusten dute komikiek, baita indigenekin zituzten harremanak eta tirabirak ere. Horrekin batera, balea arrantzaleek indigenekin nola trafikatzen zuten jaso dute. Izan ere, sasoi hartan Frantziako enpresa batek zuen oihalen monopolioa, eta marinelak ezkutuan ibiltzen ziren haiek saltzen.
Ingalaterrako eta Herbehereetako itsasontziekin ere izaten zituzten gorabeherak marinelek. Baleak nola ehizatu ez zekiten haiek, eta bahitu egiten zituzten euskal herritarrak nola egiten zen irakasteko.
Sorgin ehiza ere urte haien bueltan garatu zen, eta Baionan bostehun hilketatik gora egin zituzten. Haien artean, asko marinelen emazteak ziren, eta, horregatik, istorio horiek ere jasotzen ditu komiki bildumak.
Heroi zalantzatia
«Ekologia orain modan dago, baina orduan ere bai», Muro Harrieten arabera. 1980ko hamarkadan asko hitz egiten zen baleen ehizaz, eta idazleak sentimendu ekologista «handia»zuen ordurako. Orduan, protagonistak baleak hiltzea ez zuen begi onez ikusten. Horregatik, heroiari «buelta» eman zion, eta indigenekin eztabaidan jarri zuen. «Indioak beharrezko baliabideekin bizi dira, alferrik xahutu gabe». Hala, bi bizimoduren arteko talka sortu nahi izan du: esplotazioaren eta jasangarritasunaren artekoa.
«Mugak haustea» izan zen bi egileek obra abian jarri zutenean zuten helburu nagusia. Eta, horretan ari dira. Herrialde bat baino gehiagotan argitara eman dituzte Justin Hiriarten istorioak. Euskal Herriaz gain, Espainian, Frantzian, Kanadan, Danimarkan eta Portugalen ere argitaratu dituzte.
Itsasoak mugak hausten ditu
Justin Hiriart XVII. mendeko balea arrantzalearen bost istorio komiki liburu bakarrean bilduta berrargitaratu ditu Ereinek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu