Itsasoak lotutako bi bide

Oaia Peruarenak eta Patxi Laskaraik kostaldeko irudiak eta margo biziak elkartu dituzte 'Korronteak' erakusketan. Donostian dago ikusgai, uztailaren 8ra arte

Galerian ikusgai dagoen lanetako bat. OAIA PERUARENA-PATXI LASKARAI / EKAIN ARTELANAK.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ez dira oso aparteko munduetan ibili izan, baina margoak eta pintzelak izan ditu batak esku artean beti, eta argazki kamera besteak. Ezagun zuten batak bestearen lana, baina aurrez ez zuten sekula elkarrekin lanik egin. Esan liteke itsasoko uhinek elkartu zituztela haien bideak, itsasoa ardatz duten artelanen bilduma bat osatu baitute elkarrekin Oaia Peruarena margolariak (Irun, Gipuzkoa, 1972) eta Patxi Laskarai argazkilariak (Izpura, Nafarroa Beherea, 1967). Korronteak erakusketa da elkarlan horren emaitza; paperean eginiko hogeitik gora obra bildu dituzte Donostiako Ekain Arte Lanak galerian, eta uztailaren 8ra bitarte jarri dituzte ikusgai.

Bi artistak lehen aldiz aritu dira lau eskutara sortzen. Pandemia aurretik hasi ziren lanean, eta orduan hiru gairen bueltan jardun ziren: txoriak, etxea eta itsasoa. Donostian beren lanak aurkezteko aukera ere mahai gainean zuten, baina dena eten zuen osasun krisiak. Eta ondotik, atzera asmoari heldu ziotenean, «ordura arte egindakoa utzi, eta berriz hastea» erabaki zuten. «Lehen, lana errazagoa izan zen; nik ematen nizkion argazkiak, eta berak gainetik margotzen zituen», kontatu du Laskaraik. Nor bere aldetik aritu zen lanean batez ere. Ondotik, gai bakar bat jorratu, eta harago eramateko nahia izan zuten. «Urrunago joan nahi genuen; ez bata bestearen gainean jarri, baizik eta biak bildu». Elkarren arteko solasaldiek ernatu zuten lehen hazia.

Itsasoa ageri da irudi guztietan, eta pentsa liteke horixe dela artelanen gai nagusia. Baina ez da bakarra, edo ez, behintzat, esanahi bakarrekoa. Peruarena: «Etxearen gaiaz mintzatzen hasi ginen. Baziren bi etxe mota: bat izan ahal zen guk etxe bezala ulertzen duguna, eraikina; eta bestea, guretzat etxe ziren tokiak. Eta itsasoa agertu zen hor». Irriz, zehaztapena egin du Laskaraik: «Itsasoa bere etxea zen, ez enea. Baina esplikatu zidan zer zen itsasoa beretzat, eta nola ikusi. Lagundu nau, eta gero, horren inguruan lan bat egin dut». Euskal kostaldean egin zituen argazki guztiak, Jaizkibelen nahiz Ziburun, esaterako; horietako bakoitza lauzpabost irudiz osatua dago, kameran bertan argazki bati bestea gainean gehituz osatu baitzituen denak.

Ikusgai jarritako lan guztiak elkarlanari bigarrenez ekin zioten aldikoak dira, azken urtebetekoak gutxi gorabehera. Gai bakarrera mugatzeko eta hura beste norabait eramateko erabakiak, sortzeko beste manera bat ere eskatu zien, Peruarenak azaldu duenez: «Nik sentitzen nuen bazirela argazki batzuk errespetatu behar nituenak ziren bezala; ezin zela beti gainetik sartu, hurbiltzeko bertze modu bat eskatzen zutela». Hala, modu desberdinetan gerturatu da argazkilariaren lanetara, «biak lotuz, baina bakoitzari bere lekua emanez, argazki bakoitza begiratuz eta ikusiz nora gonbidatzen zuen joatera». Laskaraik gehitu du solasaldien bidez hasi zirela obrak sortzen, formatuak-eta elkarrekin erabakiz.

Hala, argazkia eta margoa elkarren ondoan kokatuta daude zenbait artelan. Beste zenbaitetan, berriz, margoak argazkiaren barnera sartzen dira nolabait; trazu fin eta leunez batzuetan, pintzelkada eta kolore biziz besteetan, argazki batzuk gainetik pintatu baitu margolariak, akrilikoz edo akuarela arkatzez. Eskuz egindako paperean eman dituzte lanok. Elkarren artean loturak bilatuz aritu dira, eta, aldi berean, emaitza berriak sortuz. Peruarenarentzat, «korapiloa» beti bera izan baita: «Ongi lan egiteko behar duzun askatasuna galdu gabe, nola entzun bestearen lekua ere».

Horregatik jarri diote izenburu hori bildumari. Peruarena: «Nik korrontea ulertzen dut eramaten zaituen indar bat bezala, zuk ez duzula sobera erabakitzen. Uste dut hori gertatu dela; hasi ginen toki batean, eta gero horrek eraman gaitu beste toki batera, eta horrek beste batera... Mugimendu hori aipatzeko zen».

Sabaitik zintzilik ere bai

Galeriako atea zeharkatu eta parez pare, tamaina handiko koadro koloretsu batek egiten dio harrera bisitariari. Margoa argazki gainean alderdik alde zabaltzen da bertan. Eskaileran behera, neurri txikiagoko bi lan ikus daitezke; haietan, pinturak eta argazkiak lagun egiten diote elkarri, tarteka nahastuz ere bai. Bestelakoak dira aretoko horman jarraian dauden bi obrak: bata bestearen aldamenean daude argazkia eta margolana haietan, obra bakarra osatuz.

Jarraian, formatu bereko sei lan zintzilikatu dituzte. Haietan, eskulan paperaren erdi-erdian ageri dira itsasoari hartutako argazkiak, akuarela-arkatzez eta trazu finez gainetik koloreztatuta. Hormaren segida hori nolabait hausten duten tamaina handiko bi lan ikus daitezke jarraian: batean, argazkian olatuen aparra ageri da, kolore biziko margolana aldean duela; bestean, berriz, urdinak dira nagusi obra osatzen duten bi piezetan. Eta aurrera segituz gero, beste molde bateko dozena erdi bat lan ageri dira horman. Tamaina handiko argazkiak dituzte oinarrian, eta, haien erdian, neurri txikiagoko pintura lanak.

Bilduma borobiltzeko, sabaitik zintzilik, Peruarenak akrilikoz pintatutako oihal bat eta Laskaraik arroz paperera eramandako bi argazki jarri dituzte aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.