Habanan galtzea liburu zahar bat irakurtzea bezala da. Etxe zimurtu eta horituak, tabako orri lehorren usaina, pertsonaia bitxien gertakizunak eta antzinatik datozen istorio errealak eta fikziozkoak. Lerro artean irakurtzea komeni izaten da hemengo kaleetan zoazela. Egunotan, hiriaren zapore literarioa areagotu egin da Habanako 31. Nazioarteko Liburu Azokarekin. Aurkezpenak eta solasaldiak nonahi topatu daitezke, edizioak egoitza ugari baititu auzoetan. Hilaren 9an hasita, bihar arteko programazioa prestatu dute literaturazaleentzat. Liburuen salmentarako azoka leku ederrean dago, badiaren gaineko San Carlos de la Cabaña gotorlekuan. Bertara ailegatzean, barruko galerietanbarrena, irakurleen arreta bereganatu du postu batek. Zutik Liburuak izendapena dauka erakusmahaiak, eta Libros abiertos (Liburu irekiak) esaldia du ondoan. Mahai eta apaletan bigarren eskuko liburuak daude salgai, itsasoa zeharkatuta Donostiatik Habanaraino heldu direnak.
Zutik Liburuak proiektuaren bultzatzaileek ipini dute salmenta postua. Re-Read liburu denda kudeatzen dute Gros auzoan, eta hantxe pilatutako 3.000 liburu ekarri dituzte itsasontziz Kubako kultur egitasmo garrantzitsu honetara. Begirada batean, Antonio Tabucchi, Marguerite Duras, Rafael Alberti eta Bernardo Atxagaren liburuak daude gainaldean, besteak beste. Lanean buru-belarri dabiltzan arren, tartetxo bat hartu dute kazetariaren galderei erantzuteko. Marco Poppelmannek dio pozik daudela harrerarekin, eta aste erdirako milatik gora ale salduta zituztela. Azal gogorreko liburuak 600 pesoan (4 bat euro) saltzen dituzte, bigunekoak 400ean eta haur literaturakoak 100ean. Azokan bigarren eskuko stand bakarra da, eta liburu merkeenetakoak dituzte. Hala ere, Poppelmannek merkeago saldu nahiko lituzke. Kontua da herrialdeko inflazioaren eraginez Kubako Liburuaren Institutuak atzerriko liburuei prezio garestia ezarri diela, kasik kubatar baten soldata balio dutenak; estatuak publikatutako aleak soilik utzi dituzte ohiko prezioetan.
Horregatik, gazte ugari bildu dira euskal herritarren standera. Adibidez, solasaldiaren erdian Yudenia Tartabull azaldu da bertara, klasikoen bila. «Cienfuegosekoa naiz, eta azokagatik espresuki etorri naiz Habanara, intereseko liburuak topatzeko». Pinar del Rioko Laura Salazarrek haur literaturako ale bat erosi du, baina «askotariko gaiengatik» hurreratu da Zutik Liburuetara.
Liburu soberakina
Poppelmannekin batera, Beatriz Moral da dendako arduraduna. Haren arabera, Habanara etortzeko esperientzia ez dute etekinarekin lotzen. «Ekonomikoki ez zaigu ondo aterako. Baina Donostian liburu piloa dugu sobera, eta hemen falta dute. Beraz, bota beharrean, aterabide bat eman diegu, eta Kubako herria lagundu dugu».
Postua antolatzeko eta harremanetarako Iliana Frenes kubatarraren laguntza izan dute, 2011tik beste argitaletxe batzuentzat lanean ibilitakoa. «Bizi garenkrisi literarioan, postu honek gure kultura aberastu du, eta gazteei liburuak eskuratzeko aukera eman die», esan du Frenesek.
Bestalde, laguntza berezi bat dute egunotan Moralek eta Poppelmanek. Izan ere, Donostiako liburu dendako lau lagun ere etorri dira txandak egitera: Carmen Diez, Enrique Cifuentes, Lourdes Dominguez eta Txaro Rodriguez. Ideia hasieratik izan da auzolanekoa. Moralek kontatzen duenez, liburuak Habanara bidali ahal izateko diru bilketa egin zuten lehenik, kutxak hainbaten artean prestatu zituzten gero, eta horietako lau espediziora batu dira azkenik. Nekatuta, baina aurpegian irribarre batekin ari dira lanean. «Dirua ezin da dena izan. Hona etorri, jendea ezagutu... Bizitza aspergarria da zerbait asmatzen ez baduzu», Moralen ustez.
Lehen aldia dute Habanako azokan. Ameslariak dira, eta ideiak ere badu hortik. Liburu dendan Kubako euskaldunen inguruko liburu bat agertu zitzaien, ez zuten saldu gura, eta Joseba Sarrionandiarekin kontaktatu zuten. Kubara liburuak bidaltzeko ametsaz berbetan, idazleak eman zien Habanako azokaren berri. Bidea ez da erraza izan, aduanan kutxekin susto txiki bat eduki dutelako eta apalak lortzeko hara eta hona ibili direlako. Baina azkenean hemen dira liburuak, ondo kokatuta, Sarrionandiaren Habanako etxetik ekarritako apaletan. Iurretako idazleak Una vuelta al mundo liburua aurkeztuko du hirian datorren astean. Nekez uzten du deserria adaxkak han dituenak.
Kolonbia, gonbidatua
Zutik Liburuak-en postuaz gainera, beste 120 stand bisitatu ahal dira azokan, batez ere Hego Amerikakoak. Aurtengo edizioan Kolonbia da herrialde gonbidatua; sei aurkezpen eta hamazazpi berbaldi antolatu dituzte. Leku berezia eskaini diote Gabriel Garcia Marquezi, bi konferentziarekin eta argazki erakusketa batekin.
Delfin Prats poetari Literaturaren Sari Nazionala entregatu diote, eta Aracely Garcia ikerlaria ere omendu dute. Bestalde, irakurketa inklusiboa da gai nagusia. Jose Martiren Leer es crecer (Irakurtzea haztea da) leloa zabaldu du erakunde antolatzaileak; hain zuzen, iraultza presente dago han eta hemen, izan Martiri, Che Guevarari zein Fidel Castrori buruzko publikazioetan.
Eguna amatatuz joan ahala, kulturazaleak hirira jaisten hasi dira, Habana Viejako eta Vedadoko tabernetan elkartzeko. Han jarraituko dute literaturaz solastatzen, atzetik trobadoreen kantua lagun dutela, eztarria eta irudimena ronarekin bustitzen dituzten bitartean. Zutik Liburuak proiektukoak saltzaile gazte kubatarrekin afaltzera joan dira, aurrerantzean ere bigarren eskuko liburuak Donostiatik Habanara ekartzeko bide bat zabaltzeko. Gaua piztu da, eta, hemen, orainaldian idazten dute bizitza. Biharkoa beste kapitulu bat izango da.
Itsasoa zeharkatu duten liburuak
Zutik Liburuak Donostiako proiektuko kideak Habanako 31. Nazioarteko Liburu Azokan parte hartzen ari dira. Sobera zituzten liburuak eraman dituzte Kubara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu