Itsasoa sustrai denekoa

Menditik itsasorako jauzian, Donostiako Aquariumean jarri du ikusgai Jon Cazenavek 'Galerna' proiektuaren barneko lan berria, 'Ardora'.

Itsasoaren gaineko begirada subjektiboa da Jon Cazenaverena. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Donostia
2014ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Zazpi urteotan Galerna deituriko proiektuan buru-belarri aritu da Jon Cazenave argazkilaria (Donostia, 1978). Antropologia lana da hori, eta «Euskal Herriaren esentzia» bilatzea du helburu. Gisa horretan,galderaz beteriko ibilbidea egiteari ekin dio. Galerna, beraz, lan txikiz osaturiko «lan handia» dela azaldu du Cazenavek. Lan txiki horietako bat, Ardora deiturikoa, Donostiako Aquariumean egongo da ikusgai datorren urteko urtarrilera bitarte.

Orain arte, Cazenavek euskal mitologia eta euskal gatazka oinarri izan dituzten lanak egin ditu Galerna proiektuaren barruan, bai eta sei urte «mendian galdurik» eman ostean burututako Herri ixilean izeneko lana ere.

2012an, Hondarribiko (Gipuzkoa) Tukutuku eta Ama Guadalupekoa itsasontziekin antxoa eta hegaluzea arrantzatzera egindako bidaian otu zitzaion lan horren ideia Cazenaveri. Garai hartakoak dira argazkiak, bai eta lanari izenburua ematen dion izena ere.Izan ere, antxoa kanpainari ardora izena ematen diote Hondarribiko itsasontzi horietako arrantzaleek, eta izena iradokitzailea zela iruditu zitzaion argazkilariari.

Erakusketa horren bitartez, itsasoak Euskal Herrian duen garrantzia azaldu nahi izan du Cazenavek. Izan ere, hori bera bere sustraietako bat dela azpimarratu du.

Itsasoaz zer ikuspegi duen

Nolanahi ere, erakusketak ez du inolako asmo informatiborik, eta itsasoaren inguruko bere ikuspuntua erakutsi besterik ez du nahi Cazenavek; Hondarribiko itsasontzietan egindako bidaian bizi izandakoa, hain zuzen ere.Hala, argazkiek ez dute denek itsasoa erakusgarri. Badira argazkietan itsasoaz gaindiko elementuak ere, eta, horien bitartez, ikuslea erakusketako parte hartzaile aktibo izatea lortu nahi du. Horretarako, argazki horien zergatia euren kasa azaltzea du helburu artistak.

Proiektu gehiago ere baditu buruan Cazenavek; azaldu duenez, gaiak berberak izanagatik ere, badira horiek enfokatzeko hainbat modu.

Ardorari dagokionez, ez du erakusketa beste lekuetan azaltzeko asmorik. Izan ere, lanak lekuen arabera moldatzen ditu artistak. Hala, berezko esentzia duAquariumean ikusgai dagoen erakusketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.