2022ko Joseba Jaka bekari esker garatu zuen Itsasoa da bide bakarra proiektua Ines Osinaga musikariak. Haren bakarkako lehen diskoa izan zen, eta Durangoko Azokan aurkeztu zuen emaitza. Bidaiak, baina, aurrera jarraitzen duela iragarri du musikariak gaur: Itsasoa Da Bide Bakarra jaialdia antolatu du, Itziarren (Gipuzkoa). Kubako eta Euskal Herriko zenbait musikari igoko dira oholtza gainera, eta «sorpresa gehiago» ere izango direla aurreratu du. Doakoa izango da sarrera, baina aurrez izena eman beharko da. Urriaren 6an, berriz, Habanan izango dira.
Osinagarekin batera, honako musikari hauek ariko dira taula gainean: Naile Sosa (perkusioa), Irina Gonzalez (gitarra) eta Yaima Orozco (guiroa, klabea eta mood guajiroa). Horiez gainera, beste hainbat musikarik ere kolaboratuko dute. Besteak beste, Olatz Salvadorrek, Miren Amurizak, Garazi Egigurenek eta Janire Etxabek.
Gehiago irakurri: Sorkuntza jada ez da nire munduaren zilborra
Bizipenen bilduma
Azken urteetako bizipenetatik abiatuta ondu zuen proiektua Osinagak. Lehen zatia Kuban garatu zuen, Habanan egindako egonaldian: ikerketa proiektu bat egin zuen, eta emakume musikari ugari ezagutzeko aukera izan zuen. Handik ekarritako materialekin osatu zuen gerora sorkuntza prozesua.
19:00etan irekiko dituzte ateak, eta edukiera mugatua izango da.