Herri Gogoa argitaletxeak Amaia Lasa eta Mikel Lasa anai-arreben Poema bilduma plazaratu zuen 1971n, orain dela 50 urte, Donostiako Izarra inprimategian egina. Bi zati ditu liburuak: Itsasoaren maria gora maria beheran hartu nituen hitzak da aurrenekoa, Amaiak idatzitako 29 poema dakartzana; eta Tamariza eta pikondoa da bigarrena, Mikelen 28 olerkiz osatua.
Euskal literatura modernoan ikur moduko bat bihurtu da liburu hartako lehen pieza: «Nereak ez diren/ lurralde hauetatik/ ihes egin nahi nuke// Nereak ez diren ur hauek/ alde batera/ utzi egin behar ditut// Haitz sendoaren biribiltasunean/ nere bizitzaren hitza / lortu nahi nuke// Biribiltasunean/ sendotasunean/ haitzaren gainean/ a e i o u/ berri bat esan nahi nuke».
Ez da hori, ordea, Amaia Lasak argitaratu zuen estreinako poema, Olerti aldizkarian Eremuharanean eta Dioenean poemak emanda baitzeuzkan 1969an. Eta urtebete geroago, liburuko lehen poema izango zen berori ere Anaitasuna aldizkarian agertua zuen, 1970eko uztailaren 15ean.
Nolanahi ere, a e i o u berri hura idazle baten ibilbidearen hastapena baino zerbait gehiago izan zen. «Amaia Lasa heldu zen arte, emakumeak ez zeukan leku propiorik gure literaturan», idatzi zuen Koldo Izagirrek: «Erdi Aroko poeta bikain haien oihartzuna baino ez genuen emakumearen ahotsetik. [...] Ezerk ez zion balio, artean egindakotik. Dena zeukan zerotik eraiki beharra. Zentzu horretan, Amaia Lasaren poesia fundazionala da, gerora garatu den emakumezkoen literatura baten aldarria, laudorio faltsu guztien dekoratua suntsitzeko behar zen aurreneko mailukada. [...] Askatasun egarri handi bat digu ematen».
Omenaldia Getarian
Poemabilduma harez gero, itzulpen liburu bi (Rosa Luxemburgen kartzelako gutunak eta Louise Michelen erbesteko gutunak) eta sortzezko beste zazpi argitaratu ditu: Hitz nahastuak (1977), Nere paradisuetan (1979), Malintxearen gerizpean (1988), Geroarenaurpegia (2000), XX. mendeko poesia kaiera (2001), Itsasoko izaki (2010) eta Barne iraultzen loraldia (2016).
Amaia Lasari gorazarre egitearren, Getariako herriak (Gipuzkoa) hiru ekitaldi antolatu ditu aste honetan, Kaioaren hegaldia izenburupean.
Gaur 18:30ean aitormen ekitaldia izango da udaletxean, Mikel Lasa neba aldamenean duela. Gaztetape hondartza gaineko begiralekuan poema bat ipiniko dute.
Bihar arratsaldean, Iturzaeta aretoan, idazlearen poesiaz eta pentsamenduaz mintzatuko dira mahai inguruan Itxaro Borda, Hedoi Etxarte eta Lorea Agirre, Uxue Alberdi gidari dela.
Etzi, maiatzaren 14an, Lasaren poemen irakurraldia egingo dute herritarrek, eta baita kantuan ere, Eñaut Elorrieta, Patxi Saiz eta Kattalin Zubizarreta musikariekin; halaber, Sara Etxegoien Zulaikak egindako ikus-entzunezko bat emango dute.
Udal liburutegian idazlearen liburu guztien erakusketa izango da egunero.
Armiarma.eus literatur atariak, gainera, orain dela 50 urte plazaratu zen Poemabilduma liburuko olerki guztiak jarri berri ditu sarean, eta faksimilea ere argitaratu du modu digitalean.
Itsasaldeko leihoan
50 urte dira Amaia Lasa Alegriaren lehen poema liburua argitaratu zela. Gaur hasita, 'Kaioaren hegaldia' jardunaldiak egingo dituzte Getarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu