Omako Basoko (Kortezubi, Bizkaia) trazu eta figurak datoz gogora, bereziki, Agustin Ibarrola aipatzen denean. Land art edo naturako artearen «maisu» gisa ezaguna da artista bizkaitarra, haren seme Irrintzi Ibarrolak dioenez, eta arbola margotuekin edota naturan eginiko beste hainbat esku hartze artistikorekin lotzen da gehienetan. Alabaina, bestelako alderdiak ere baditu Ibarrolaren lanak, eta haietariko batzuek eragin zuzena izan zuten obrarik ezagunenak ontzeko moduan.
Omako Basoa bera da horren adibide behinenetarikoa. 1980ko hamarkadan sortu zuen Ibarrolak artelana, baina erabilitako estiloa aurreko hamarkadako lanaren bitartez findua zuen. 1970eko hamarkadako ekoizpen artistikoaren lagin batzuk bildu dituzte Ibarrola itsasadarrean, ura, burdina, sua eta airea erakusketan: Irrintzi Ibarrolak komisariatu du, eta «bereziki interesgarria» begitandu zaio bilduma, hain justu, Ibarrola ezagunena «eklosionatu» aurreko lanak erakusten dituelako. Bilboko Itsasmuseumen ikusi ahal izango da, 2022ko urtarrilera bitarte. Erakusketak eta haren katalogoak Laboral Kutxaren babesa izan dute.
Formatu handiko hamazazpi olio eta hogei bat marrazki batu dituzte Itsasmuseumeko aretoetan. Bilboko itsasadarrean bizi eta lan egiten zuten beharginek eta familiek ardazten dituzte artelanak: mineral kargalekuak, ontziolak, dikeak eta galdategiak agertzen dituzte pinturek, besteak beste. Olioetan, uraren urdina arraunlarien eta txaluparen kolore granatearekin uztartzen da zenbaitetan, eta langile baten figura grisa habe marroiek osatutako egitura ilun batean ageri da beste batzuetan.
Alabaina, marrazkien garrantzia ere nabarmendu du Irrintzi Ibarrolak, olioen parean txikiak diren arren, formatu handiko koadro horiek ontzeko oinarria izan baitziren. «Aitaren ideien laborategia ziren marrazkiak. Beti ari zen marrazten». Erakusketaren katalogoan agerikoa da artistak ere bozetoei aitortzen dien pisua. Marrazkiei propio eskainitako gune txikiko horman idatzi dituzte Ibarrolak horien inguruan Juan Angel Vela del Campori esan zizkionak: «Marrazkiari anbiguetatearen garrantzia ematen diot, forma edo figura baterako lehenengo figurak duen garrantzia. Orain, ikerketa materialetan egindako lan txikietako asko altxor txiki moduan ikusten ditut. Lan horien bidez, artistak esentzia zaintzen du». Arkatzez margotuta daude, esaterako, hainbat saregile, lurrean eserita eta bizkarra uzkurtuta, sareak josi eta josi.
«Memoriaren berreskurapen ariketa bat da» bilduma, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu eta museoko presidentearen hitzetan. «Bizkaiko artistarik esanguratsuenetako baten erro humanistak eta sozialak agertzen dira, baita justiziaren eta berdintasunaren inguruan zituen kezkak ere». Halaber, Ibarrolak jardueren «aniztasunarekin» zuen «konpromiso irmoa» azpimarratu du foru diputatuak, eta nabarmendu du erakusketaren protagonistak direla, orobat, garaiko «hiriaren, gizartearen eta ekonomiaren eraldaketak».
Trantsizioen garaia
Obrek duten izaera soziala Agustin Ibarrolak berak onartua du, erakusketako katalogoak jasotzen duenez. Hala zioen duela urte batzuk: «Agian langileen semea izateagatik eta neu ere beste horrenbeste izateagatik, beti interesatu izan zait gizakiak bere lanarekin taxutu izan duen guztia. Gaztetatik agertu izan da nire pinturetan fabriken, tresnen eta artisau formen mundua, euren ehundurekin, materialtasunarekin eta koloreekin». 1970eko hamarkadan ere, ildo horri jarraituz ondu zituen bere lanak, baina ardura soziala «hizkuntza berri batean» erakutsi zuen, Irrintzi Ibarrolak zehaztu duenez.
Frankismoaren aurkako «borrokan» Ibarrolak garatu zuen estiloa aletu du semeak: «Arte soziala, errealismo sozialista, estilo brutalista, herriaren irudiak». Diktadura bukatzerakoan, trantsizio politikoarekin batera artistikoa egin zuen sortzaileak, Irrintzi Ibarrolaren arabera. Hala, 57 Taldearekin batera garatutako «hizkuntza analitiko eta abangoardista» berreskuratu zuen artistak, eta espazio plastikoaren elkarreragina kontzeptuaren «bertsio propioa» egin zuen: «Lehen mailara ekarri zituen marren arteko erlazioak eta planoen arteko eragina. Aldarrikapenak kontzeptu analitikoekin batu zituen: marrak eta kolore oso biziak, berriro ere». Aro «emankorra» izan zen, semeak dioenez.
Artean gazteegia zen Irrintzi Ibarrola, baina anaiak kontatu izan dio garai horretan nola ibiltzen zen aita: «Harriduraz bizi izan genuen. Aurreko garaietako koadroak astoan kokatzen zituen berriz, eta abangoardia estetikoetako elementuak txertatzen zizkien, berreskuratu berri zituenak».
Itsasoak «liluratuta»
Gai sozialek eta formaren aztarna abangoardistak Bilboko itsasadarrean egiten dute bat. Ura aipatzen du erakusketaren izenburuak, burdinarekin, suarekin eta airearekin batera, eta, lauko talde horrek naturako oinarrizko elementuak gogorarazteaz gain, horiek dira, orobat, Ibarrolak irudikatu zuen Bilboren osagaiak ere, Bilbaoren iritziz. «Ibarrolak itsasoko eta industriako ondarearen lau elementuak erakusten dizkigu». Dena den, ura gailentzen da 1970eko hamarkadako ekoizpenaren artetik, Irrintzi Ibarrolak dioenez, itsasoarekin harreman handiena zuten obrak lehenetsi dituztelako hautaketan, ahal izan duten heinean. «Ibarrolatarrok liluratu egiten gaitu itsasoak».
Itsasadarra, Ibarrolaren sotik
Bilboko itsasadarreko langileak agertzen ditu 'Ibarrola itsasadarrean, ura, burdina, sua eta airea' erakusketak. Bilboko Itsasmuseumen ikusi ahal izango da, 2022ko urtarrilera bitarte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu