Konrado Mugertzaren argazkiak eta Euskal Herriko hainbat idazleren testuak uztartzen dituen Zura eta ura egitasmo artistikoa aurkeztu zuten atzo Donostiako Aquariumeko T aretoan. Proiektu horrek Euskal Herriko itsas portuen paisaia eraldaketa du langai, eta eraldaketa horrek dakartzan gogoetak plazaratzea du jomuga.
Aquariumeko aurkezpen agerraldian, egitasmoaren bultzatzaile nagusiak, Konrado Mugertzak, «elkarlanetik jaiotako artefaktuaren» nondik norakoak azaldu ditu, egitasmoa babestu duten eragileetako ordezkariekin batera; azken horiek, hain zuzen ere, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol zinegotzi Harkaitz Millan, Laboral Kutxako ordezkari Arantxa Olaizola eta Donostiako Aquariumeko zuzendari Esther Irigarai dira. Halaber, Zura eta ura lanean idazle eta frantsesezko itzultzaile gisa jardun duen Itxaro Bordak ere parte hartu du aurkezpen ekitaldian.
Mugertzak adierazitakoaren arabera, Zura eta ura «aurrerapenari deika dagoen proiektu fotografiko-literarioa da, aurrera egin ahal izateko atzera begiratzea proposatzen duena». Azaldu du obrak Euskal Herriko arrantza portuetako eraikuntza ereduari erreparatzen diola, eta baita portuotako materialek izandako garapenari ere, hamarkadak joan, hamarkadak etorri: «Zuraren gisako materialen iragatearen inguruan sakontzen du, eta, halaber, eraikuntzarako material sintetikoek zura ordezkatzean sortu zuten nortasun galera bistaratzen du».
Bestalde, antolatzaileek argitu dute Zura eta ura ez dela proiektu «bakan eta autonomo soil bat»: Donostiako Aquariumak Bilboko Itsas Museoarekin elkarlanean garatutako egitasmo artistikoa da, eta obraren lehendabiziko aurkezpena, hain zuzen, Bilbon bertan egin zuten, irailaren 21era arte Itsas Museoan ikusgai izan baitzen.
Mugertzak gogoan izan ditu ditu egitasmoan parte hartu duen Humberto Astibiaren hitzak, aurkezpenean: «Ur azpitik datorren lana da». Keinu egin dio obraren itsas kutsuari, batetik, eta erakusketarako sarrera akuario arteko korridoreetan barrena egiteari, bestetik.
Aquariumeko argazki eta testu erakusketan ez ezik, liburu batean ere gorpuztu dute Zura eta ura; bertan, Euskal Herriko hainbat idazlek eta sortzailek Mugertzaren argazkietatik eratorritako hausnarketak idatzi dituzte. Parte hartzaileak hauek dira: Humberto Astibia, Leire Bilbao, Unai Elorriaga, Jesus Mari Lazkano, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Felipe Murelaga, Jokin de Pedro, Jon Ruigomez, Kirmen Uribe, Arantxa Urretabizkaia eta Itxaro Borda.
Muga geografikoez harago
Bordak berak adierazi du idazki oro, gainera, lau hizkuntzatara itzuli dutela: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez irakur daitezke. Ahalik eta jenderik gehienari ulergarria izango zaion produktua eskaintzeaz harago, «Euskal Herriko muga geografikoen eta ez hain geografikoen afera» izan du ahotan Bordak: «Euskal kostaldea ez da Irunen edo Hondarribian [Gipuzkoa] bukatzen; Hendaiatik [Lapurdi] harago ere, badira lan horrek errepresentatzen duen guztiarekin bat egiten duten errealitateak, eta, are gehiago, Bordeletik [Okzitania] Finisterrara [Galizia] badira portu ugaritan errepikatzen diren zenbait testuinguru».
Horrekin batera, idazlanek, hitzen bidez, argazkietan fisikoki ikusarazten dena «janzteko» duten mailaz ere aritu da Borda. Zura eta ura proiektuko liburuan, izan ere, idazle kopurua bat dator jorratu diren testu moten kopuruarekin; poesiak, narrazioak, saiakerak, idazle klasikoen pasarteen itzulpenak eta argazkiei laguntzen dien prosa literariozko atalak ditu liburuak, besteak beste. «Aniztasun testuala eta estetikoa izugarria da, beraz», adierazi du Bordak.
Hala Aquariumeko erakusketako nola liburuko orrialdeetako ezaugarririk esanguratsuenetako bat, Mugertzak azaldu gisa, kromatismoa da. Argazkilariaren aburuz, itsas portuetako egurrezko elementuak, sarritan, «polikromo edo koloreaniztunak» izan ohi dira; koloreek, era berean, «bizitasuna eta sakontasuna» ematen diote paisaiari; alegia, Mugertzak bere argazkiekin bilatu dituen kontzeptuak. Hortaz, «zuritasunetik eta azaletik ihes egiten duen lan» gisa bataiatu du Zura eta ura. Gainera, proiektuak asko du omenalditik; Mugertzak bere maisu Pedro Zarrabeitia ohoratu gura izan du, «bera ere, nolabait, obra honen funtsezko zatia baita».
Etorkizunari so, bai egitasmoaren bultzatzaileak, bai sortzaileak eurak «itxaropentsu eta gogotsu» agertu dira. Erakusketa apirilaren 24ra arte egongo da zabalik, museoko ohiko ordutegiaren barruan. Liburua, ostera, Aquariumaren webgunean eta Itsas Museoarenean eros daiteke.
Itsas portuen erradiografia bat
Argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen 'Zura eta ura' egitasmoa aurkeztu dute Aquariumean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu