Artezkiko artelanak. Itoizen inguruko borroka

Itoizko oroitzapenak igerian

Hogei urteko borroka izan zen Itoizko urtegiaren kontrakoa. Duela hogei urte, Itoitz eta Artozki herriei eusten saiatu ziren ekintzaileak. Bide guzietatik saiatu arren, ez zuten proiektua gelditzerik izan.

Itoizko urtegiko irudiak, kanoa batetik eginak, Irati ibaia zena zeharkatzen, Artozki inguruan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
«Itoizkoa zera izan zen: inposizioa, gehiegikeria, espoliazioa, gezurrak, ekintza burutuen politikaren jarraipena eta guziaren gainetik pasatzea, baita legeen gainetik ere». Atzera begira paratu da Dani Unziti Itoitzekiko Solidarioak taldeko kidea. Itoitzen (Nafarroa) bizi izan zen azkenera arte; etxetik bota zuten arte. Kilometro eskasera bizi da orain, Agoitzen, porlanezko horma erraldoiaren itzalpean. Hura da urtegitik gertuen dagoen herria. Itoitz bihurtu zen urtegiaren kontrako borrokaren ikur. Ez zen duela hogei urte suntsitu zuten herri bakarra izan, aitzitik. Artozki, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz eta Artzi ez dira abizenak baizik gaur egun. Nagoreren erdia ere bota zuten urtegia egiteko.

Unzitirentzat, «barrua ukitzen» duen zerbait da Itoizko urtegiaren kontrako borroka. «Gehien mugitzen nauena da familiaz eta etxeaz gogoratzea». Amaren sorterria zen, eta bera han bizi izan zen 18 urtetatik 33 bete zituen arte. Herria urpean uzteko mehatxua txikitatik gogoratzen du. 1980ko hamarkadan hasi ziren urtegiaren egitasmoa prestatzen, eta 1985ean sortu zen Itoizko Koordinakundea asmo horri aurre egiteko, baina lanak ez ziren hasi 1993. urtera arte. Epaitegiek legez kanpokotzat jo zituzten, baina ekintzen politika gailendu zitzaion legeari. Burugogorkeriak irabazi zuen, Unzitiren aburuz. «Onena da jendea borrokatu zela».

Proiektuak Irati aldeko bizilagunen bizitza «goitik behera baldintzatu» zuen hasieratik. Koordinakundea sortu ondoko urteez aritu da Unziti: «Herrietako borrokak gogoratzen ditut. Koordinakundeak manifestazio oso jendetsuak egin zituen, eta inguruan elkartasun handia izan genuen. Gure ekarpena solidarioekin bortizkeriarik gabeko ekintzak egitea izan zen». Errepresioa handia izan zen, eta kartzela zigorra jaso zuten Patxi Gorraizek eta Unzitik autoritatearen kontrako atentatua egitea egotzita. Bigarrena kartzelan egon zen urtebete eta ia hiru hilabetez.

Borroka luzea izan zen: hogei urtekoa. Bi adar izan zituen: Itoizko Koordinakundea batik bat epaitegietan aritu zen borrokan; Itoitzekiko Solidarioak taldekoek bortizkeriarik gabeko ekintza zuzenari ekin zioten 1995ean. Ez zuten urtegiaren egitasmoa geldiarazi, baina une gogoangarriak utzi zituen borroka hark: 1996ko apirilaren 6an, zortzi solidariok porlana garraiatzeko kableak moztu zituzten Itoizko urtegian, gauez, rotaflexa baliatuz. Ikusgarria ez ezik, eraginkorra ere izan zen: bederatzi hilabete atzeratu zituzten lanak. Hiru lagun kartzelan sartu zituzten horregatik: Iñaki Garcia Koch, Ibai Ederra eta Julio Villanueva.

Mabel Cañada solidarioakItoitz. Porlanezko gezurrak liburuan (Txalaparta, 2004) azaltzen duenez, hiru arrazoirengatik ekin zioten desobedientzia zibilari: obren kontrako jarrera erakusteko, obren erantzule ziren agintariak seinalatzeko eta jendearen mobilizazioa bultzatzeko. Zintzilikatu ziren zuhaitzetatik behera, okupatu zituzten erakunde ofizialak, moztu zituzten bideak eta egin zituzten hamaika protesta karrikan. «Beste borroka modu bat jarri nahi genuen mahai gainean: indarkeriarik gabeko ekintza», esan du Unzitik.

Itoitz betetzen hasi zirela ospatzeko «ekitaldi xumea» egin zuen Nafarroako Gobernuak 2004ko urtarrilaren 19an. Hura ere zapuztu zuten solidarioek. Gerritik gora biluzik zeuden bi emakumek gelditu zuten ekitaldia; suntsitutako herrien izenak zituzten gorputzean idatzirik. Etxerik gabe utzita, «biluzik» utzi zituztela salatu zuten.

2003an hasi ziren herriak bortxaz husten. Ordurako Itoitzen bizitzea «oso zaila» zela kontatu du Unzitik. Urtegia eraikitzeko lanak hamar urte lehenago hasiak ziren. «Bortxaz desjabetu gintuzten; haiek ziren lur haietan jaun eta jabe. Presatik zetorren ura geroz eta hurbilago genuen, ez ziguten uzta jasotzen uzten, 2002an gure arbasoen gorpuak atera nahi ote genituen galdetu ziguten, elizkizunak bukatu ziren, butano banatzailea ere ez zen etortzen... Bagenekien azken txanpan geundela».

Etxean gotorturik

Aurrenik, Nagore herriko zenbait etxe bota zituzten 2003ko apirilaren 28an. «Ez zuten abisatu, eta oso bortitza izan zen», esan du Unzitik. Itoitzera ekainaren 16an ailegatu ziren makinak. Zaharrek aurretik alde egin zuten, baina zain zituzten solidarioak, etxeetan kateaturik. Unzitik bunker bihurtua zuen Jakuerena, bere etxea. Hustea «ahalik eta gehien zailtzea» erabaki zuten. «Itoitzen aurreko udan hasi ginen erresistentzia prestatzen, ezkutuan; horregatik iraun genuen lau egunez, oso ongi prestatuta geundelako».

«Hustea oso bortitza izan zen; urduri jarri ziren uste zutelako lehenago aterako gintuztela. Ni ez ninduten etxean aurkitzen. Etxe erdia botata zegoen, eta zulotik atera, paretan nire izen-abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia idatzi, eta berriro sartu nintzen. Hori egin nuen jakin zezaten barruan nengoela», kontatu du itoiztarrak. Beldurra ere pasatu zuen, erreskate bihurtu baitzuten hustea. Izen aldaketak erantzukizuna kentzen zion gobernuari operazioan hildakoak bazeuden.

Foruzainek atxilo eraman zuten Unziti, baita bortizki eraman ere. Polizia etxetik atera bezain pronto, Itoitzera itzuli zen. «Dena botata ikusi nuen. Hori izan zen latzena niretzat. Etxeko harrizko arkua eraman nuen, eta ez naiz bueltatu. Agur esan nion Itoitzi, betiko».

Artozkin bestelakoa izan zen erresistentzia. Hamabost egunez jende anitz bildu zen han. Unzitik laguntza eman zuen, baina ezin izan zen Itoitzen bezainbeste inplikatu, abokatuak hala gomendatuta. «Jende asko etorri zen bizitzera, eta asteburuetan kultur ekitaldiak izaten ziren». Elkartasun handia sumatu zuen Unzitik: «Pozgarria izan zen. Utopia bat zen: ematen zuen han bizi gintezkeela». Baina ez zen horrela izan. Irailaren 30ean ailegatu ziren makinak, biharamunean atera zuten azken ekintzailea, eta urriaren 3an bota zuten herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.