Itoizen ispiluari begiratzen dion Itoiz bat

Itoiz musika taldearen zinta batzuk berreskuratu, eta taldeari buruzko dokumentala sortu dute Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zinemagileek: ‘Itoiz udako sesioak’. Gaur estreinatu dute Zinebin, eta urtarrilean helduko da aretoetara.

'Itoiz Udako sesioak' dokumentaleko irudi bat. DOXA EKOIZPENAK
'Itoiz Udako sesioak' dokumentaleko irudi bat. DOXA EKOIZPENAK
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko azaroaren 11
18:03
Entzun

«Zuk egin dokumentala ni hilda banengo bezala». Larraitz Zuazo zinema zuzendariak ondo gogoan ditu Juan Carlos Perez musikariak esandako hitzak. Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zinema zuzendariekin batera Itoiz taldeari buruz egin asmo zuen dokumentala aurkeztera joan zitzaion sortzaileari, eta horixe izan zen haren erantzuna. 1970eko hamarkadako hainbat grabazio berreskuratu zituzten zinema zuzendariek, ordea, eta horrek aldatu zuen dena. «Bat-batean utzi egin zion hain hilda egoteari». Zuzeneko grabazioak eta argitaratu gabeko hainbat kanta zeuzkaten zintak topatu zituzten zinema zuzendariek, eta, haiekin batera, baita Udako sesioak izena zeraman kasete bat ere. Perezek eta Jose Garate Foisis-ek 15 eta 16 urte zituztenean elkarrekin etxean egindako hainbat grabazio biltzen zituen kasete hark, eta tartean baziren hainbat urte geroago Ezekiel diskoan azalduko ziren bizpahiru kantaren lehen zirriborroak ere. Horiek entzun, eta, azkenean, proiektuan erabat murgildu zen Perez. Zazpi urteko lanaren ostean, hiru zuzendariek gaur aurkeztu dute Doxa ekoizpen etxearekin ondutako Itoiz udako sesioak filma, Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian.

Gaur ez ezik, ostegunean ere proiektatuko du filma Bilboko jaialdiak, eta Gijongo Ficx izeneko jaialdiarekin sinatutako hitzarmenari esker, han ere emango dute lana ondoren. Filmaren egileek iragarri dutenez, gainera, hurrengo urteko urtarrilean areto komertzialetara ere helduko da lana.

'Itoiz udako sesioak' dokumentalaren lagina.

1978an hasi eta 1988ra arte aritu zen Itoiz taldea, eta oraindik ere nabarmena da euskal musikan utzitako lorratza. Taldearen zale izan arren, zuzenean sekula ikusi ez zituelako bururatu zitzaion Zuazori dokumentala egiteko ideia, baina Zuri Goikoetxeak azaldu du lan historiko bat egin beharrean, azkenean, filmak «bidaia katartiko bat» proposatzen duela. Eta zinta zahar horiek dira horretarako aitzakia. Haien bidez, taldearen hasieraz, bilakaeraz eta agurraz ere hitz egiten duelako dokumentalak, bai eta Perezen unibertso sortzaileari buruz ere.

«Nekatuta geunden»

«Zendako gelditu ginen?». Dokumentalaren hasierako pasarte batean, esaterako, kanta baten bateria grabatu berritan eta oraindik arnasa hazita duela galdera zuzen hori egiten dio Jimmy Arrabit bateria jotzaileak, kristalaren beste aldeko kontrol mahaian dagoen Juan Carlos Perezi. Arrabitek onartu duenez, bere momentuan ez zuelako erabat ulertu zergatik erabaki zuen taldea desegitea, hain justu ere arrakastarik beteenean zeudenean. «Pixka bat sentitu nintzen traditua bezala», esaten du Arrabitek. Isilik eusten du dena Perezek, kristalaren beste aldean, eta esaldi bakarrarekin ebazten du egoera gero. «Nekatuta geunden, Jimmy, nekatuta».

«Taldeko kideekin lehenago egindako elkarrizketetan ohartu ginen aurrez ezarritako erantzun asko ematen zituztela, baina elkarrizketak jolas modura planteatuta inork espero ez zuen lekuetara iritsi ziren»

AINHOA ANDRAKA Zinema zuzendaria

Arrabitekin ez ezik, antzeko solasaldiak ditu Perezek filmean taldeko beste hainbat kiderekin. Oraindik ere bizirik senti daiteke mina, esaterako, Antton Fernandez teklatu jotzailearen hitzetan. Eta «traizio» hitza aipatzen du Jean Mari Ekai gitarristak ere taldearen rock progresibotik pop esparrura egindako biratzea azaltzeko. Haren hitzetan, oraindik ere, Itoizen zale izandakoek Ekai bera jotzen baitute aldaketa horren erantzuletzat.

Zuazok, Goikoetxeak eta Andrakak «jolas modura» planteatu zizkioten elkarrizketa horiek Perezi.

Filmeko lan taldea, Bilboko Zinebi jaialdian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Filmeko lantaldea, Bilboko Zinebi jaialdian, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Egunean bertan jakiten zuen musikariak grabazio saiora nor azalduko zitzaion, eta aurrez galdetegi bat prestatuta joaten ziren guztiak. «Eszenaratze moduko bat izan zen bi pertsonak leku horretan elkartzea». Baina zuzendariek onartu dutenez, hainbat sorpresa sortu zituen eszenaratze horrek. «Hegemonikoa zen diskurtsoa desaktibatzeko bururatu zitzaigun jolasa», azaldu du Andrakak. «Taldeko kideekin lehenago egindako elkarrizketetan ohartu ginen aurrez ezarritako erantzun asko ematen zituztela, kontatu beharrekoa ikasita balute bezala: zein zen Itoizen hasieraren istorioa, zein amaierari buruzkoa eta abar. Inor ez zen diskurtso horretatik ateratzen, baina elkarrizketak horrela aurkeztuta, eta kideei aurrez galderak pixka bat prestatzeko aukera emanda, hor, inork espero ez zuen lekuetara iristen ziren».

Ezekielen minak

Plano sekuentzia luze bat du filmak erdialdean. Ezekiel diskoa grabatzeko prozesuan grabatutako zinta bat entzuten ari da Perez bertan. Gazte zenean egindako zirriborro bat, alegia. Gitarra jo bitartean, kantak hartu beharreko norabideari buruzko oharrak egiten ditu Perez gazteak bertan. Saxofoiak noiz sartu edo isildu behar lukeen zehazten du ahotsak, esaterako. Tronpetek egin beharreko melodia imitatzen du ahotsarekin. Musikariek noiz gelditu behar luketen adierazi... Eta erabat kontzentratuta eta guztiz buru-argi mintzo den gazte horri adi ikus daiteke plano sekuentzian Perez, gaur egun, bera ere kontzentratuta, adi, azken-azken unera arte.

«Bua, ze fuertea, hori, ez?!», lehertzen da azkenean, «ostia, ze energia!». Aldi berean liluratuta eta pixka bat beldurtuta dagoela onartu du Perezek, ordea. Indar betean den 21 urteko musikari gazte hori gailur artistikoan ikusten duelako, bai, baina, era berean, gogoan dituelako hori lortzeak dakartzan minak ere. «Eskerrak hori ere pasatu zen», dio. «Inpresionatu egiten nau, baina ezinegona ere sortzen dit. Ezekiel-ekin gaizki pasatu nuen nik. Ez genuen promoziorik egin, adibidez, hura oso kanpo zegoen zerbait zelako. Ez nuen hura eguneroko bizitzan kokatzerik lortzen».

«Guretzako aktoreekin filmatutako pasarte horiek ez dira birsorkuntzak, baizik eta oroitzapen baten filmazioak»

ZURI GOIKOETXEAZinema zuzendaria

Perezen gaztaroa eta haurtzaroa ere irudikatzen ditu dokumentalak, eta hainbat aktore baliatu dituzte pasarte horiek filmatzeko. Baina, zuzendariek zehaztu dutenez, ez dute uste pasarte horiek fikzioak direla esan daitekeenik. Goikoetxea: «Guretzako pasarte horiek ez dira birsorkuntzak, baizik eta oroitzapen baten filmazioak. Fikzio horiek zertarako ziren ulertu genuenean, klak egin genuen, eta orduan ohartu ginen pasarte horiek zer azaleratuko zuten; ez historikoki kokatzeko zer izan zen».

Film emozionala

Zuzendariek behin baino gehiagotan aipatu dute «ardura» sentitu dutela. Itoizen historiaren mailan egoteko ardura, lehenik; eta Itoizen kantuen hitzek proposatutako jolasaren mailan egoteko ardura ere bai, gero. Goikoetxea: «Taldearen hitzen tonu surrealista horrekin bat egin zezakeen zerbait egin nahi genuen. Tonu oniriko eta zintzilikatuta bezala dagoen tonu horretan aritu nahi genuen».

«Juan Carlos [Perez] ezagutzen duzunean, berehala ikusten duzu harentzat sorkuntza gauza oso purua dela. Oso purua da musika nola defendatzen duen eta nola egiten dion aurre sorkuntzari»

AINHOA ANDRAKA Zinema zuzendaria

Eta film osoari eragiten dio ideia horrek.

Zeharka eta tantaka baino ez dira iristen Itoiz sortzen eta garatzen ikusi zuen munduari buruzko aipamenak filmean. Kasurako, solasaldietan eta pasadaz bezala zehazten da zer urtetan argitaratu zen disko bata edo bestea, eta argi erakusten da taldeak euskaraz kantatzeko hartutako erabakia ere, baita, hainbat telebista elkarrizketatan onartu izan zuten bezala, erabaki horrek nazioartekotzeko bidea zaildu egiten bazien ere. Baina horiez aparte, ez dago garai hartako egoera sozial, politiko eta kulturalari buruzko ia daturik.

«Guretzat oso garrantzitsua zen film emozional bat egitea, eta ez film informatibo bat», azaldu du Goikoetxeak lehenik. Eta Andrakak jarraitu du gero: «Juan Carlos [Perez] ezagutzen duzunean, berehala ikusten duzu harentzat sorkuntza gauza oso purua dela. Oso purua da musika nola defendatzen duen eta nola egiten dion aurre sorkuntzari». Eta nolabait ere ispilu horretan begiratuta osatu dute dokumentala.

Amodio kantarik gabeko herria

Eta filmean, hain zuzen ere, Juan Carlos Perezek Bernardo Atxaga idazlearekin duen aurrez aurreko solasaldian azaltzen da taldearen jarrera hori erarik esplizituenean. «Jendeak pentsatzen zuen gure hitzek ez zutela ezer esaten», hasten du azalpena Perezek, «ze klaro, garai hartan, kalean bizi zinen egoera batean, eta gu sartzen ginean gure munduan, ihes egiten genuen hortik, Munchen koadroan bezala, [eskuak belarrietan jartzen ditu] pixka bat egoten denean horrela, esanez bezala, ‘ez dut entzun nahi, egon isilik, mesedez’. Eta horrek jarraitu zuen, eta jarraitu zuen bukaerara arte». Eta baietz Atxagak. «Itoiz desberdina zen, ze bat-batean maitasunezko kanta bat, hemen, euskaraz, oso arraroa zen. Baina harrigarria da hori, e. Igual hau izan da munduko leku bakarretako bat, non ez ziren maitasun kantak egiten».

Dokumentalerako aktoreekin filmatutako pasarteetako bat. DOXA EKOIZPENAK
Dokumentalerako aktoreekin filmatutako pasarteetako bat. DOXA EKOIZPENAK

Hain zuzen ere, Perezen memoriari tiraka, Lau teilatu abestia grabatzeko unea ere irudikatzen dute filmeko aktoreek momentu batean. Mikrofono aurrean kantuan ageri da Perez, baina bat-batean isildu egiten da, eta kezkatuta ikus daitezke lagunak. «Ondo zaude?». Bilera moduko batean agertuko dira orduan taldekideak. Ontzat dute kanta denek. Onartzen dute ez dela grabatu dituzten beste kantak bezalakoa, baina, hain zuzen ere, kontrapuntu hori gustatzen zaie gehienei. Baina ezetz Perezek, lotsa ematen diola. «Ez da jendaurrean erakusteko kanta bat», azaltzen du.

Eta azken sorpresa

Eta, hain justu, taldearen agurrari buruzko azalpenetan agertzen da berriz ere lotsa pelikulan, kasu honetan Perezen beraren ahotan, eta Garaterekin hizketan ari dela. «Laga genuen, nire aldetik, konturatu nintzelako jada azkeneko garaian ez nuela lotsarik pasatzen eszenarioan, oso ofizinako lana zen. Jo leku batean, jende asko, baina ez zeukan hasierako lotsa pasatu eta hori dena, agortu egin zen proiektua. Orduan, hortik aurrera jada zer?».

Indar Trabes taldeak emandako lehen kontzertuaren birsortze batekin amaitzen da filma. Jendetza publikoan. Taldekideak, urduri. Izozteko puntuan Perez, eta aurrera egiten, halere. Kreditu labur batzuk datoz ondoren, eta (spoiler) justu haien ostean dator pelikulako azken sorpresa, duela zazpi urte zinema zuzendariei emandako lehen erantzuna gorabehera, Perezek berak proposatuta, Itoiz taldeko kide izandakoek dokumentalerako Alkolea diskoko Lanbrora kanta jotzen amaitu baitzuten elkarrekin, Urdulizko Tio Pete estudioan (Bizkaia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.