Denboran atzera egin; 1970eko hamarkadara, zehazki. Kartel bat: Ikasbidaia. Ibiza. 50 peseta. Indar Trabes rock kontzertu. Bost gazte Mutrikuko Venezia diskotekako oholtzan, gitarra, piano eta bateria artean, fokupean. Parean, zaleak, kantari eta gorputzak dantzan. Eta elkarren arteko sintonia inguruabarrean. Hotz da kalean, goxo barruan. Bat, bi, hiru, lau makilakada, eta hasi da kontzertua, musikak blaitu du aretoa. Gogoz dira ikusleak; lotsati hasieran musikariak. Txalo eta aupa arteko harrerak eman die hauspoa, eta askeago sumatzen dira orain. I will sing kantaren doinuek hartu dute lokala. «Primeran egin duzue, errepikatuko dugu». Doxa ekoiztetxea Itoiz taldeari buruzko ikus-entzunezko bat prestatzen ari da, eta pelikularen azken zatia ari dira grabatzen: fikziozko atala. Taldearen kontzertu bat irudikatu dute; Venezia diskotekan jotako aurrenekoa, hain zuzen.
«Itoiz izan baino arinago, Indar Trabes izan zen, gazte-gaztetxoak zirenean. Eta, gaur [herenegun], Indar Trabesek jo zuen lehenengo kontzertua grabatuko dugu. Ondarroako [Bizkaia] institutuak antolatutako jaialdi bat izan zen, ikasbidaiarako dirua lortzeko», azaldu du Larraitz Zuazo zuzendariak. Kontzertua «berreskuratu» dute, Juan Carlos Perezen laguntzaz, eta orduan jo zuten lehen abestia «berregin», Mutrikuko hainbat gazterekin. «Prozesua oso polita eta ilusionagarria izaten ari da».
Filmatu aurretik, jende andana dabil diskotekan, hara eta hona. Kamerak zer eta nola grabatu erabakitzen ari dira; halako planoak, hortik enfokatuta, kolore honekin. Soinu probak ere egin dituzte, eta argia egokitu. Musikariak eta zaleak garai hartan bezala karakterizatzeko ahalegina bistakoa da: jantziak, makillajea... 70eko hamarkadako ukitua, giroa, hartu du diskotekak. Aktoreei azalpenak eman, eta hasi dira; eztanda egin du aretoak.
«Abesti hau inon grabatu gabekoa da; instrumentuen artean ditugun bi gitarrak orduan erabili zituztenak dira», adierazi du Zuazok. Taldearen aurreneko urratsak fikzioan irudikatu nahi izan dituzte, «lehenengo garaikoak, gutxiago ezagutzen direnak». Igandean amaituko dituzte grabaketa lanak, eta, elementu guztiak bilduta, muntatzeari ekingo diote. Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea produktoreen arabera, espero dute pelikula maiatzerako edo ekainerako amaitua izatea.
Jon Galarraga Mutrikuko gaztea ari da Juan Carlos Perezen rola antzezten, eta harentzat «ohorea» dela nabarmendu du. «Niretzat, Itoiz beti izan da talde inportantea; beti egon da nire bizitzan». Musika talde bat du, eta azaldu du kontzertua amaitzeko beti jotzen dutela Itoizen kanta bat.
Osabaren bidez jakin zuen pelikularen berri —Antton Fernandez, Itoiz taldeko piano jolea izandakoa—, eta castingerako izena ematea erabaki zuen. «Prozesu berri bat izan da niretzat, baina oso gustura nabil».
Hiru zati
Pelikulak hiru linea narratibo izango ditu; taldeko kideei eta inguruko jendeari egindako elkarrizketa «sakonak», dokumentalaren grabaketa eta fikziozko zatia. Horretarako, artxiboko materiala inguratzen ibili dira. Zuazo: «Artxiboan bilatzea ez da batere erraza izan. Batez ere, dokumentalak hasierako urteetara egiten duelako bidaia bat, eta ez zegoelako ezer. Bilaketa lan handia egin da, eta lortu ditugu argitaratu gabeko abesti, argazki eta abarrak. Pozik gaude, baina ez da erraza izan».
Dokumentalean Itoiz taldearen «esentziarako» bidaia bat proposatzen dute, Juan Carlos Perezen eskutik, eta bilatutako artxiboetan barrena. Tartean, kasete bat ere badago, Perezek Jose Garate Foisis lagunarekin grabatutakoa, 15 urte zituztela: «Bertsioak dira hor, baina baita gero Itoizekin joko zituzten kanta arrakastatsuak ere», esplikatu du Andrakak. Kasetean «Udako Sesioak» ageri da idatzita, eta hortik dator dokumentalaren izena: Itoiz. Udako Sesioak.
Produktoreen arabera, prozesua «inspiratzailea» ari da izaten. «Azkenean, konexio bat dago Juan Carlosen eta esentziaren artean. Sormen pultsio bat dago, geldiezina. Hori guztia ikus daiteke daukagun artxiboan. Birsortzea oso polita eta inspiratzailea da».
1988ko maiatzaren 10ean eman zuen azken hatsa musika taldeak, Bordelen, Eysines kulturgunean emandako kontzertuarekin. Euskal rockak ordura arte izandako talde estimatu eta arrakastatsuenetako baten amaiera izan zen. Eta taldeak arrasto handia utzi du euskal musikan. Badago, ordea, horren ezaguna ez den garai bat, eta istorio hori kontatzea izan da filmaren helburua: taldearen hastapen faseen berri ematea.
Itoiz taldearen lehen printzak
Doxa ekoiztetxea eta Larraitz Zuazo zuzendaria Itoiz taldeari buruzko pelikula bat prestatzen ari dira, dokumentalaren eta fikzioaren artean mugitzen dena. Mutrikun izan dira filmatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu