Itoiz metodoa transmititzen

Juan Carlos Perezekin 'Itoiz protokoloa' izeneko tailerra partekatzeko aukera ukan dute sei musikarik Bastidan; bihar aurkeztuko dute elkarlanaren emaitza

Itoiz protokoloa izeneko tailerra, Juan Carlos Perez erdian, sei musikari gazteak inguruan. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Bastida
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Sakelako telefonoa erdian eman eta hortik King Crimson taldearen Starless musika zatia entzuten ari dira sei musikari gazteak. Balada bat da, aski ohikoa, azkenean. Baina halako batean, laugarren minutuan aldatzen da giroa. Hamahiru neurritara pasako da. Sakonduz joanen da haustura: «Oso gauza gutxirekin giro bat lortzen da. Gu horrekin inspiratzen ginen». Juan Carlos Perezen hitzak dira horiek, sei musikari gazteei mintzo. Bastidan (Baxenabarre) daude, LagunArteren estudioan.

«Ginen» horretan Itoiz taldekoak ditu sartzen Perezek. Itoiz protokoa izeneko esperientzia partekatzen ari da sei musikarirekin. Itoiz protokoloa, hau da, Itoiz taldearen lan egiteko moldea, protokoloa. Garai hartako izpiritua transmititu nahian. LagunArtetik sortu Klarenza elkartekoak gonbidatua du horretara Perez. Larrazkenean egitasmoa prestatua du elkarteak igande honetarako: «Arte esperimentazio partekatuen eguna». Goizetik ekitaldi andana bat aldizkatuko dira. Eta tartean, beraz, Juan Carlos Perezekin tailer esperimentala segitu duten sei musikarien pieza. 17:30ean, Bastidako elizan. Ondotik, Bernard Lubat eta Jeremie Ternoy piano jotzaileak ariko dira.

Sei gazteak, Bastidako estudio horretan, pieza horren sortzen dabiltza mementoko. Perez coach lanetan. Ideia ez da Itoiz kopiatzea, baizik eta «musika egiteko era bat» transmititzea. Eta, horretarako, «nola» egiten zuten ulertzea. Perezek ez du lehen tailerra. Musika sormen tailerrak proposatzeko ohitura daukaikastetxe eta irakasle eskoletan,dela Elgoibarko (Gipuzkoa) lizeoan edo beste edonon. Hori dakar Bastidara.

Sei musikariek ez dute baitezpada elkar ezagutzen. Musika mundu ezberdinetatik datoz. Eta hortik zerbait atera beharko. Hori da, azkenean, interesa ere bai: «Ez dakite zer joko duten, rock, trash, metal, pop... Ez dakigu zer gertatuko den...». Soinuari «garrantzi asko» ematea da kontua; hori da, nolabait laburbilduz, Itoiz protokoloaren abiapuntua. «Soinu batetik hastea, eta ez esalditik. Hortik tiratzea diskurtso osoa». Abiapuntu baita «hutsetik hastea». Musikaz bakoitzak dituen jakintzak bazterrean utziz.Itoizekin horrela funtzionatzen zuten: «Soinu ona bazuen, horrek esaten zuen dena». Zer ote «soinu ona»? Agian, sei musikarien tailerrak eman diezaioke erantzun hasiera bat galdera horri. Nondik hasi ez zekitela, halako batean, Leire Iribarne piano jotzaileak sol bat jo zuen. «Horrekin hasi ginen. Tiratzen hasi eta zeozer agertu zen han. Musika tipo bat. Estetika bat. Estilo bat. Berdin zaigu nola deitzen den. Ez da nota bat, soinua duen gauza bat da». Instrumentuak ere, direnekin egiten da. Kasu honetan piano bat, biolontxelo bat, bateria bat, bi tronpeta eta gitarra elektriko bat.

«Batzuetan gerta daiteke ez jakitea nondik ezkontzen diren». Eta ezkontzen dira. «Beti espazio horretan: ez dakizula nondik joanen den, zeinek tiratuko duen».

Garrantzitsua da, era berean, jadanik egina den zerbait ez izatea: «Ni eroso sentitzen naizen eremua hori da. Gauza berriak egitea ikastea bezala da. Estudiatzea interesatzen zait».

Hori lortzeko, inprobisazio hutsa izan daiteke bide bat, «baina ez jazzeko inprobisazioa». Alderantziz. «Inprobisatzetik hasi eta gero idatzi egiten da. Paperean edo grabatuta, baina hori finkatzen da». Leire Iribarneren aipatu sol hura grabatu zuten. Baita gainerakoek horri segika egin zutena. Berriz entzun eta berriz abiatu dira gero hortik. Behin baino gehiagotan elkartu baitira musikariak.

Aritz Axeritegi bateria jotzaileak proposamen bat ekarri die, idatzia. Baina, justuki, aitzinetik idatzia denez, bazter batean uztea nahiago izanen dute. Soinuak fisikoa izan behar du, mementokoa. «Sotila» da agian ezberdintasuna, Perezen hitzetan. Baina badu bere garrantzia. Elektrikoa sartu nahian, berriz, gitarra elektrikoa ekarri du Amaia Karrerek. Proposamen bat egiteko eskatzen dio Perezek. Ondoren, proposamen horretatik segitzeko eskatzen dio Perezek. Ausardia baloratuz.

Ausardia indar

Tailer honetan ez da deus gaizki egiten. Hemen denak dira proposamen egokiak. Beti aitzinatzeko balio dutenak. Gauza batzukatxikitzen dira, besteak baztertzen. Helburua ez da erakustea zein musikari onak diren, ez da «jenio handiko» zerbait egitea, Iribarneren hitzetan. Prozesuak dirudi interesgarriena. Filosofia hori «ulertzea». Eta gero, «beraiek beren kasa istorio bat muntatzea». Hori du xede Perezek. Itoiz protokoloa eskuzabala da. Ausardiarako gonbidapena. Nahiz eta Perez izan hor orkestraburu -edo, musikari bakoitzak bere leku osoa du. Truke bat bada.

Funtsean, Perezek musika zati batzuk entzutera eman dizkie.Delako King Crimsonena, dela Carla Bleyrna eta Portisheadena, besterik gabe «neuronak mugitzeko. Musikari gazteek ere beren erreferentziak ekarri dituzte. Hauetako bat, Paxkal Irigoien. Perezek ez zuen ezagutzen, baina gustatu zaio. «Gure giroan dago, ez?», galdetu du. «Lortzen du bere giroa, bilatzen soinu berriak, erreferentzia berriak, espazio berriak».

Norabait iristeko gakoa denbora dela dio Perezek. Eta anitz mintzatzea. «Itoizen garaian ere asko hitz egiten genuen». Eta tailer hauetan ere anitz hitz egiten du. Berak bakarrik ez. Mintzatzeko gonbidapena ere egiten die gazteei. Parada bat, tradizioaren indarraz gogoetatzeko. Mikel Laboa ere erreferentziatzat hartu du musikari konpositoreak: «Tradizioan bizi zara, eta ezin duzu kendu gainetik. Espazio berri horiek bilatzea indar handia galdetzen du. Azken batean, geruza asko hasten zara kentzen... Gerta daiteke ez zarela ailegatzen inora. Zein zaila den geruzape horietatik irtetea... Hori da zaila, eta hori da gure mundua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.