Italiaren erraiak, beltzez

Koldo Bigurik euskarara ekarri du Massimo Carlottoren 'Agur, maitea, ikusi arte' nobela, eta Txalapartak argitaratu du. Lanak Italiako boterearen eta kriminalitatearen arteko harremana islatzen du

Koldo Biguri, Garazi Arrula eta Massimo Carlotto —pantailan—, atzo, liburuaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Herrialdearen alde ilunean arakatu, aurkitutakoari bere esperientziatik jasotakoa erantsi, eta errealitatea fikziozko pertsonaia batean gorpuztu. Urrats horiek egin zituen Massimo Carlottok Agur, maitea, ikusi arte liburua ontzeko. 2001ean idatzi zuen, eta irakurle askorengan «trauma bat» eragin zuen, Italiako sistemaren ustelkeria islatu zuelako. Koldo Bigurik euskarara ekarri du, (H)ilbeltza bekak lagunduta, eta Txalapartarekin argitaratu du. Atzo aurkeztu zuten lana Carlottok eta Bigurik, Garazi Arrula editorearekin batera, Iruñeko Karrikiri elkartean. Carlottok Internet bidez parte hartu zuen.

Carlotto nobela beltzeko italiar idazle esanguratsuenetako bat da; obra oparoa du idatzia, eta hizkuntza askotara itzulia. Haren liburuek sona izan aurretik, baina, beste auzi batengatik izan zen ezaguna: Lotta Continua antolakunde komunistako militantea izan zen 1970eko hamarkadan, eta hilketa bat egotzi zioten, bidegabeki. Prozesu judizial katramilatsu bat bizi izan zuen, erbestera ere eraman zuena. Azkenean, indultatu egin zuten. Gerora, bizipen horiek «literaturarako bazka» eman diote, Arrularen hitzetan.

Agur, maitea, ikusi arte liburuan ikertu zuen zer harreman duten Italiako botere finantzario, politiko eta industrialek kriminalitate antolatuarekin. «Italian, ekonomia formala eta informala ez dira bereizten; legezkoa eta legez kanpokoa gero eta nahasiago daude», azaldu du idazleak.

Sinistu ezinezko egiak

Errealitate hori fikziora eramateko sortutako pertsonaiak Giorgio Pellegrini du izena. Ezker muturreko militante ohia da, eta, zenbait urte erbestean igaro eta gero, Italiara itzuliko da. Espetxea saihesteko, garai batean kamarada izan zituenak saldu, eta gizartean gora egiteko azpijokoetan arituko da. Biguriren irudiko, pertsonaia «gorrotagarria» da, eta baita «misoginoa» ere: «Agertzen diren emakume guztiak biktimak dira, objektuak».

Carlottok argi utzi du liburua ez dela autobiografikoa —zenbaitetan hori egotzi badiote ere—, baina aitortu du idazteko bere esperientziatik edan zuela, errealitatean Giorgio Pellegriniren gisako pertsonak ezagutu zituelako. Baina, bizipenetan babesteaz gain, ikertzen ere aritu zen: «Ez da fikziora eramandako kazetaritza lana, fikzioa da; baina agertzen dena erreala da», zehaztu du.

Duela bi hamarkada publikatu zuten nobela Italian, eta orduan gizartearentzat «traumatikoa» izan zela esan du: «Pertsonaia gogorra da». Jende askorentzat ezezaguna zen egia bat eman zuen aditzera, eta askori kostatu zitzaien sinestea; baina, harentzat, horrek behar luke literatura beltzaren helburua: «Krimenak behar du izan errealitatea kontatzeko aitzakia».

Bigurirentzat itzulpen prozesua «atsegina» izan da: «Nahiko azkar egin nuen, gogo handiz». Testua «irakurterraza» dela dio, eta esaldiak «sinpleak baina indartsuak» direla. Baina liburuan erregistro ezberdinak tartekatzen dira, jasoa eta kalekoa, eta kontatu du zaila egin zaiola itzulpenean erregistro horiek egoki islatzea. Horri lotuta, premiazkotzat jo du euskarazko fikzio oparoa izatea: «Fikzioak ematen dizkigu munduaz hitz egiteko eta pentsatzeko tresnak».

Laugarren (H)ilbeltza bekari esker itzuli du liburua. Beka horretan, fikzioa eta itzulpena tartekatuz doaz; hurrengo deialdian, Fred Vargasen Debout les morts itzuliko dute, frantsesetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.